argia.eus
INPRIMATU
Udako siesta bateko ametsa
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2021eko uztailaren 18a

Iratzargailua ipinita neukan Frantziako Tourreko etapako azken kilometroak ikusteko, baina esnatu naizenerako bukatuta zegoen. Loaren aztarnak gainetik kendu ezinik Twitterera jo dut sailkapena nola geratu den jakiteko eta ezusteko pozgarriarekin egin dut topo. Azken orduko albiste batek birtxio mordoa zeukan euskal txiolarien artean. Bolo-bolo ibilia zen eskaera baten inguruko albistea zen: Euskal Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren eraketa. Oraingoan, PNV-PSEren aldeko botoekin tramitera onartu du Gasteizko Parlamentuak. Kontxo, pentsatu dut, azkenean albiste on bat. Baina ez hori bakarrik. Albistea irakurtzen jarraitu eta hara non iragartzen den ere Euskal Ikus-entzunezkoen legea prestatzeko oinarriak ipiniko direla, Voxena izan ezik, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztien adostasunarekin. Esna nagoela baieztatu eta gero, ez da posible, pentsatu dut, gezurretako albistea behar du.

"Ez da posible, pentsatu dut, gezurretako albistea behar du. Irratia piztu dut albistea berehala baieztatzeko asmotan. Eta bai"

Irratia piztu dut albistea berehala baieztatzeko asmotan. Eta bai. Lerro buruetan lehenengoa. Egia esan ez da gutxiagorako. Segidan, zuzeneko konexioa Gasteizko Legebiltzarrarekin. Hitzez hitz baieztatu dute Twitteren irakurritakoa. Eta ez hori bakarrik. Berriari Kultur sailburuaren hitzak gehitu dizkiote, bigarren albiste potolo bat iragartzeko: “Eragile desberdinekin elkarrizketak hasi ditugu Euskal Antzerki Konpainia Nazionalaren sorrerarako pausoak ematen hasteko. Azken batean konturatu gara egin beharreko diru inbertsioa ez dela hainbesterainokoa, ez behintzat, AHTaren kilometro baten kostuarekin alderatzen badugu”. Non nago?, pentsatu dut, Euskal Herrian?

Gaueko Teleberria ere albiste berdinarekin zabaldu dute, eta ez nolanahi gainera. Lehendakaria bera da pantailan ageri dena. “Ahalegin handia egin dugu azken urteetako norabidea zuzendu ahal izateko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Pantailak Euskaraz ekimenari, plataforma handietan euskararen etorkizuna bermatu nahi  izanagatik. Hemendik aurrera, plataforma garrantzitsuenekin sinatu dugun akordioari esker, bermatu egingo baitira bai euskarazko azpidatziak eta baita bikoizketa ere haurrei zuzendutako filmetan. Bestetik esan, EITBrekin dagoen Kontratu Programa birplanteatuko dugula, urtean bospasei euskarazko pelikulatan parte hartu dezan. Bat handia izateko txiki asko egin behar direlako”, esanez bukatu du Iñigo Urkulluk.

Iratzargailuak jo du. Etapa azken kilometroetan da. O´Connorrek irabazi du. Lehen euskalduna, Pello Bilbao, hamaikagarren postura jaitsi da. Zenbakiak orain ere kontra.