Duela hainbat mende, Tikal eta beste hiri maia handi batzuek dozenaka milaka biztanle, errepideak, plaza zolatuak, piramideak eta ehunka etxebizitza zituzten.
Eta Cincinnatiko unibertsitateak Tikalen egin berri duen ikerlan baten arabera, parkeak ere bazeuden hiri horietan. Lurreko estratuetako landare arrastoen DNA ikertuz ondorioztatu dute hiria edateko urez hornitzen zuten urmaelen inguruan hainbat zuhaitz, belar eta lore espezie landatu zituztela, batetik, eta, bestetik, zolatutako kale eta plazen artean oihan natural zati batzuk ere propio utzi zituztela. Baina ez dakite parkeok publikoak ziren ala ez.