argia.eus
INPRIMATU
Konfesio zuri-burgesa
Itziar Bardaji Goikoetxea 2021eko uztailaren 18a

Atzo joan nintzen txertoa jartzera. Txertoa jasotzeko erabakia hartu nuen, gizarteak egin duen moduan, gutxieneko hausnarketa bat egin gabe. Ni ez nau gaixotasunari beldurrak mugitu, baizik eta –eta lotsatuta aitortzen dut– praktikotasunak: mugak, hegaldiak, jaialdiak, lanak, presio sozialak. Ez dut PCRrik ordaindu edo faltsifikatu beharko.

Ez dakit zein tamainako negozioari ari natzaion ekarpena egiten, zenbat ustelkeria egongo den txertoen atzean. Pertsona gaztea eta osasuntsua naiz, eta txirotutako herrialdeetako pertsonengana txertoak oso mantso iristen dira. Eta nik ezjakinarena egiten dut. Txertoa jartzeari uko egingo banio, ziurrenik albo-ondorioekiko beldurragatik izango zen. Lotsa. Lotsa zuri burgesa –bai, hemengo langileak zapaltzaile burgesak gara mundu mailan, bada hau onartzeko garaia–.

Txertoa jarrita hamabost minutuz bertan geratzeko esan zidaten. Aulki mordo bat koadrikula perfektuan kokatuak, denak norabide berdinera baina inora begira. Formazioaren soldaduen artean begiradarik, interakziorik ez. Mugikorrari bai.

Gorputza eta arima arraro geratu zaizkit. Hobe sentituko naiz nire txerto-agiria eskuan Kanariar Uharteetan lur hartzen dudanean.