argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko Osasungoa Euskalduntzeko Elkartea sortu da
  • Urteak daramatza lanean Hego Euskal Herriko Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta Ipar Euskal Herrikoa enbor horretatik jaio da. Badakite Frantziak ez diela oparirik egingo, baina osasungintzaren euskalduntzean urrats txikiak eman daitezkeela ziur dira.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 18a
Ekainaren 26an elkartea sortu zuteneko lehen biltzarrean, Makean. Argazkia: Ipar Euskal Herriko OEEk utzia.
Ekainaren 26an elkartea sortu zuteneko lehen biltzarrean, Makean. Argazkia: Ipar Euskal Herriko OEEk utzia.

Elkartea sortzeko biltzarra ekainaren 26an egin zuten Makean. Osasungintzako dozena bat profesional elkartu ziren. Jende gutxiago espero zuten eta pozik daude lehen deialdia egin duten bultzatzaileak. Horietako bat da Xan Berterretxe medikua: "Biziki ontsa joan zen biltzarra eta biltzarrean izan ez ziren beste dozena bat osasun langilek igorri digu mezua erranez interesatuak direla". Parte-hartzaile kopuruagatik eta piztutako interesagatik gustura egoteaz gain, biltzarrak balio izan die konturatzeko profesional bakoitza bere txokoan ari dela lanean, hau da, osasungintza euskalduntzen urrats praktikoak ematen ari direla hainbat profesional eta gaiaren inguruko gogoeta hainbat ere eginak direla. Elkartearen bidez, norbere txokotik atera eta emandako pausoak elkarbanatzea litzateke aurrera begirako asmoa.

Hiru helburu

Elkartea sortu berria da eta badakite urratsak poliki-poliki emango dituztela. Hala ere, hiru helburu finkatu dituzte. Lehenik, ospitaleetan euskararen erabilera bultzatu nahi dute eta batez ere Baionako ospitalera begira daude. Ospitale horretan urtetan egon da euskararen erabilera sustatzen zuen talde bat, baina azkenaldian geldirik zegoen. Sorrera biltzarrean izan dira talde horretan ibilitako hainbat kide eta adierazi dute taldea berriz lanean hasiko dela.

Bigarrenik, idatzizko materiala euskarara ekartzea nahi dute, direla pazienteen diagnostikoak, jendeari ematen zaizkion oharrak, osasun guneetan pazienteen eskura egoten diren esku-orriak... Alor horretan konturatu dira nork bere txokotik halako lanak eginak dituela, eta gehiago eta hobeto egitea litzateke helburua.

Hirugarrenik, Euskararen Erakunde Publikoarekin harremanetan jarri nahi dute. Erakunde horren babesean, ikerketa sakon eta luzea egin nahiko lukete.  Hiru ardatz izango lituzkeen diagnostikoa osatu nahi dute. Lehenik, neurtuko lukete zenbat langile euskaldun ari diren lanean osasun zerbitzuetan. Bigarrenik, galdetuko lukete profesionalok euskara erabiltzen duten lanean –lehen hitza euskaraz egiten duten eta abar–, eta hirugarrenik, galdetuko lukete ea zenbat pazientek eta zenbat aldiz hizkuntzagatik diskriminazio egoerak bizi izan dituzten.  

Lege babesik gabe arituko dira

Euskarak ez du ofizialtasunik Ipar Euskal Herrian eta elkartearen lanak ez du inolako babes juridikorik izango. Badakite hori osasungintzan euskararen erabilera sustatu nahi duten profesionalek. Hala dio Berterretxek: "Oparirik ez dugu ukanen, babes juridiko izpirik ez dugu izango, eta hala ere, gauzak egin daitezke. Orain Ipar Euskal Herrian badira profesional euskaldunak eta urrats ttipiak eman ditzakegu. Dena den, Frantziaren inposaketak ez digu ahalbidetuko osasungoa euskalduntzen".

Elkartera batzeko gonbita

Elkarte berriak harreman estua du Hego Euskal Herriko Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin eta ikuspegi nazionalari eutsi nahi izan diote. Hala ere, elkarte autonomoa da Ipar Euskal Herriko Osasungoa Euskalduntzeko Elkartea. Hegoaldekoak egindako bidea Iparraldera egokitzeko beharra ikusten dute eta horretarako elkarte berria sortzea hobetsi dute. Dirulaguntzak lortu nahi izango balituzte, berriz, derrigor Ipar Euskal Herrian finkatutako elkartea beharko luke izan.

Bidea hasi besterik ez du egin elkarteak. Osasun arloarekin erlazioa duen edozein profesionalentzat irekia da taldea eta harremanetan jartzeko ondoko posta helbidera idazteko eskatu dute: oeeiparralde@ni.eus.