Neguan zehar landutako giharrak ere erakutsi beharko ditugu, eta etxeko terrazan eguzki txikitan ondutako azal beltzarana, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea. Jan beharko ditugu hondartzaraino iristeko auto ilara amaigabeak, eta zapaldu beharko ditugu hondarretan luze etzanda dauden udatiar baketsuak, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea. Izozkiren bat ere miazkatu beharko dugu, irrikaz irentsi gofreren bat, boikoteatu beharko dugu azken asteotako dieta zorrotza, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea.
Libururen bat ere irakurri beharko dugu, kontxo, ez kezka, izan dadila arina, freskoa, zoriontsua, uda bezala, edo behintzat libururen bat irakurtzen ariko bagina bezala egin beharko da, ondo ematen baitu, zer esanik ez argazkietan, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea. Kontzerturen batera ere joan beharko gara, hori beti baita samurragoa, egon, entzun, edo entzungo bagenu bezala egin, eta kultura laguntzen ari gara, eskuan izango dugun tragoaren bidez besterik ez bada, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea. Eta herriagatik ere mobilizatu beharko da, noski, nola ez, uda izan arren, ahal bada hondartzan egiten diren elkarretaratze horietako batean, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea.
Eta batez ere, guztiaren gainetik, itzuleraren, egunerokoaren, neguaren ideia betiko uxatzen saiatu beharko gara, uda eternalaren ametsa bizitzen, bizitza betiereko uda bat balitz bezala, kezkarik gabe, arazorik gabe, trabarik gabe, betiko gazte, zergatik ez nerabe, jauzi handiaren zain beti ere, kasu honetan kolpe, dena ez da izango, ba, larrua jotzea, dena ez da izango, ba, larrua jotzea.