argia.eus
INPRIMATU
AEBek irabazi, McDonaldsek galdu
  • Los Angeles, 1984ko uda. XXIII. Olinpiar Jokoak AEBetako hirian egin ziren eta McDonald's frankiziak marketin kanpaina berezia prestatu zuen horiei lotuta: "Urratu eta irabazi" moduko txartelen bidez, bezeroek Big Mac bat jasoko zuten doan AEBek urrezko domina irabaziz gero, patatak, zilarrezko domina lortuz gero, eta freskagarria, domina brontzezkoa bazen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 18a

Txartelaren zati ezkutuan diziplina olinpiko jakin baten izena zegoen, eta etxekoek kirol horretan domina lortzeak ematen zuen metalari zegokion saria jasotzeko aukera.

Beraz, kanpainaren arrakasta, kostua eta errentagarritasuna AEBek irabaziko zuten domina kopuruaren araberakoa zen. Zenbat domina izango ziren eta, ondorioz, doan zenbat produktu banatu behar zituzten zuzen aurreikustea funtsezkoa zen. Horretarako 8 urte atzera egin behar izan zuten, 1976ko jokoetara, 1980ko Moskuko jokoei boikota egin baitzieten AEBek. Montreal 76an AEBek 94 domina irabazi zituzten. Erreferentzia egokia zirudien, testuingurua kontuan hartu gabe. Baina testuingurua oso kontuan hartzekoa zen: Gerra Hotza ez zen oraindik bukatu eta lau urte lehenago AEBak izan ziren sobietarrei boikota egin zietenak.

Horregatik, McDonaldseko marketin arduradunez gain, inor gutxi harritu zen 1984ko maiatzaren 8an, suziri olinpikoa Los Angelesera abiatzearekin bat, Altzairuzko Oihalaz bestaldetik boikotak iristen hasi zirenean. SESB izan zen jokoetan parte hartuko ez zuela esaten lehena; 1976an lehenengo postua lortu zuen domina-zerrendan, 125 ale bilduta. Eta aleka-aleka boikot gehiago iritsi ziren: Alemaniako Errepublika Demokratikoa (90 domina 1976an), Polonia (26 domina), Txekoslovakia (8 domina)...

Guztira jasotako 14 boikotek joko haietan domina lortzea erraztu zuten eta, azkenean, AEBek 174 irabazi zituzten, McDonaldsek aurreikusitakoaren ia bikoitza. Horrek esan nahi zuen doan banatutako produktuak ere bikoiztu behar izan zituztela. Eta okerragoa izan zitekeen, blokeko beste kirol potentzia batzuek parte hartu izan ez balute. Errumaniak, Txinak eta Jugoslaviak, hiruen artean, 100dik gora domina eraman zituzten.

McDonaldseko arduradunek ez dute sekula publikoki aitortu kanpaina hark utzitako zuloa zenbatekoa izan zen. "AEBek irabazten dutenean, zuk irabaziko duzu" zioen kanpainaren leloak; "eta guk galduko dugu" gehitu behar zioten.