argia.eus
INPRIMATU
Ezinduak
Itxaro Borda 2021eko uztailaren 06a

Iparraldean ere azken hauteskundeen bi itzulietan, hiru bozkatzaileetatik bi etxean gelditu da. Koronabirusaren ondorioa litekeela erran dute batzuek eta besteek, bozka bidezko joko demokratikoaren aldeko gaitzeko desengainua nabaritzen dela azpimarratzen dute. Demokrazia, gaurkoan, gure kantu zahar batek zioenez, zerri-askara botatzekoa bihurtu da, karrikak sutan uzten dituen gobernuaren kontrako ekintza zuzenaren faboretan: bozkatzera joateak, egia, ez du adrenalinaren neurria biziki harrotzen.

"Demokrazia, gaurkoan, gure kantu zahar batek zioenez, 'zerri-askara botatzekoa' bihurtu da"

Macronen errua da. 2017az geroztik baztertu eta gutxietsi ditu bitarteko botereak, hala nola alderdiak eta sindikatuak. Jendeak ez du gehiago biderik aurkitzen bere herritar-lekuaren finkatzeko. Zirku eta ogirik aski ez baldin badu, halatan, asaldatzen da, oldartzen, eskuin-muturretara plegatzen, salbazioa handik etorriko bailitzaion...

Abstentzioa ulertzen saiatzen gara. Baina urrunegi joan gabe, nagikeria baten zoruan altxatzen dela erants genezake, balio gabeko eginkizunetan igandea galtzeko beldurrean eta aburu politikoz janzten den oroz bateko axolagabetasun larri batean.