Borroka demokratiko baten memoria, egungo hiriak ulertzeko

  • Trantsizioa deituriko garaiaren hastapenetan, gure hirien konfigurazioan eragile aktibo izan diren herri mugimendu eta talde askoren oinarrian auzo elkarteak zeuden. Borroka demokratiko horren memoria berreskuratzea funtsezkoa da, egun bizi ditugun hiriak ulertzen saiatzeko. Karlos Trenor abokatuarekin hitz egin dugu, herri mugimendu askotan aritua eta Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha elkartearen sortzaileetakoa. Donostiako auzo horretan okupatu zuten Villa Salia etxea 1976ko uztailean.

Villa Saliaren okupazioa.  1976ko uztailean okupatu zuten eraikin abandonatua Donostiako Egiako auzotarrek, auzoko jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Halako borroken memoria jaso nahi du Egiako Gordegia egitasmo herrikoiak argazki biltegi baten bidez.
Villa Saliaren okupazioa. 1976ko uztailean okupatu zuten eraikin abandonatua Donostiako Egiako auzotarrek, auzoko jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Halako borroken memoria jaso nahi du Egiako Gordegia egitasmo herrikoiak argazki biltegi baten bidez. (argazkia: ARGIA artxiboa)

Egungo hiriak eta beraietan garatzen diren borrokak ulertu ahal izateko, nondik gatozen gogoratzea ezinbestekoa da. Memoria egitea. Auzoetako borrokek, auzo elkarteek eta maila lokalean egindako herrigintzako ekarpenek, gure hiri eta herriak eraldatu zituzten, eta hein handi batean egungo Euskal Herria ere markatzen jarraitzen dute. Borroka demokratiko horren memoria zati txiki bat jaso dugu Karlos Trenorren eskutik, Donostiako Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha auzo elkartean ibilitakoa.

Trenorrek, Frankismoaren azken urteetan, Trantsizio deituriko garaian bizi zen klima oroitarazi digu: “60 eta 70eko hamarkadetan giro politiko berezia zegoen. Erakunde politiko eta sindikalen aurkako errepresioa bortitza zen”. 1936ko Gerra bizi izan zuen jendearen beldurra du gogoan, fusilatzeena. Baina, gazte belaunaldi berrien eta nazioarteko mugimendu emantzipatzaileen eraginpean, “lantokietan langileen antolakuntza eta borrokak hauspotu ziren, eta herri zein auzoetan mugimendu asanblearioen hastapenak bizi izan genituen, denborarekin indar handia hartu zutenak”.

Garai hartan auzoetako bizi-baldintzak kaskarrak zirela dio Trenorrek: “Ia ez zegoen ekipamendurik: ez zegoen eskolarik, ez osasun-zerbitzurik, ez kirol-instalaziorik ere. Auzoak hirigintza anarkikoan sortu ziren, inolako eskrupulurik gabeko eraikitzaileek bultzaturik, epe motzean onura erraza bilatuz, administrazioaren laguntzarekin”. Horregatik, auzo elkarteen hasierako aldarrikapenak hirigintzari oso lotuak zeudela nabarmendu digu abokatuak.

1964an elkarteen inguruko legea onartu zen, Fraga Legea gisa ezaguna, eta horren bidez, Frankismoan lehen aldiz, kultur eta auzo elkarteak legeztatu ziren. Legalizazioa lortzeko estatutu formalak idatzi behar zituzten elkarteek, baina praktikan era asanblearioan funtzionatzen zutela nabarmendu du Trenorrek. Horren adibide da Donostiako Egia auzoan sortu zuten Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha: “Horizontalki funtzionatzen genuen, nahi zuenak parte hartu eta erabaki zezakeen”, dio.

Funtsean, auzo elkarte horiek, hobekuntzak bilatzen zituzten auzoetako bizi-baldintzetan. Hori zuten helburu nagusi. “Hirigintzan hobekuntzak borrokatzen genituen, trafikoari loturiko gaietan, etxebizitzan, osasun zerbitzuetan, kultur edo kirol ekipamenduetan...”, oroitu du Trenorrek. Egiako Villa Salia etxearen defentsan eman zen borroka testuinguru horretan sartu behar da (ikusi koadroa).

Frankismo garaian zein Trantsizioaren hastapenetan, alderdi politikoak ez zeuden oraindik legeztatuak. Ondorioz, ez zegoen espaziorik eztabaida politikoentzako, eta auzo elkarteak bihurtu ziren, hein handi batean, horretarako toki

Auzo asanbladetan, ordea, auzoetako problematika zehatzak gainditzen zituzten eztabaidak ere ematen ziren. Frankismo garaian zein Trantsizioaren hastapenetan, alderdi politikoak ez zeuden oraindik legeztatuak. Ondorioz, ez zegoen espaziorik eztabaida politikoentzako, eta auzo elkarteak bihurtu ziren, hein handi batean, horretarako toki. Adibidez, amnistiaren inguruan jarduten zirela gogoan du Trenorrek. Baina ez soilik solasean: borrokak ere, esparru lokaletik haratago egin ziren, auzoetako arazo zehatzetara mugatu gabe. Errepresioaren aurkako borrokak, elkartasun internazionalistarenak edo energia nuklearraren aurkakoak ere izan zuten beraien lekua auzo elkarteetan. “Aktibismo handia zegoen, eta gazteen parte hartzea masiboa zen, manifestazioetan, asanbladetan, eta pankartak edo propaganda egiten”, aldarrikatzen du egiatarrak.

Bazegoen ere auzo elkarteak gutxiesten zituenik, klaseartekoak edo interklasistak zirelako, eta beraz, ez zirelako sistemaren aurkako ardatzean zentratzen, hau da, kapitala vs lana gatazkan. Dena den, “frogatu zen borroka horiek osagarri izateko eta elkar elikatzeko gai zirela. Adibidez, auzoetatik langile mugimenduko borrokei elkartasuna adierazten zitzaien, mobilizazioak, erresistentzia kutxak... garatuz”. Horren eredu da Martxoaren 3ko gertakariei Donostiako auzo elkarteetatik emandako erantzun indartsua.

Herentzian gaur arte

Auzo elkarte eta borroka horiek guztiek arrasto sakona utzi dute. Politikoki izan zuten eragina azpimarratzekoa da: politizazio eta kontzientziazio esparru izan ziren, oinarrizko militantzian trebatzeko tokia, euskal identitatea zein klase kontzientzia eta harrotasuna garatzeko espazioa. Hori gutxi balitz, antolakuntza zein borroka molde berriak frogatzeko ere balio izan zuten. Azken finean, auzoetan borroka egiteak, sistema politikoak demokratizaziorantz tentsionatzen ditu, auzoetako biztanleak eskubidedun “hiritar” gisa proiektatzen baititu, eskubide politikoak hedatuz. Auzo elkarteak horren isla organizatiboa izan ziren, sistemak bazterrean uzten zituen sektore sozialen –langilegoaren...– parte-hartze politikoa bultzatzeko tresna bihurtu baitziren.

Ikuspegi urbanistikotik ere eraldaketa nabariak eragin zituzten, herentzian jaso ditugunak. Horiei esker, auzoek oro har onargarria den ekipamendu-maila lortu baitute, Trenorrek gogorarazi digun bezala: ikastolak, kiroldegiak, kultur etxeak edo auzo elkarteak.

Gaur egun errealitate soziala, eta bereziki auzoak, asko aldatu direla bistakoa da, ekipamenduek ez dute "zerikusirik" Trantsizio garaikoekin. Baina abokatuak argi du erronka berriak azaleratu direla: “Etxebizitzarena, gentrifikazioarena, helduen egoera... Hurrengo belaunaldiek arazo horiei erantzuna eman beharko diete, eta asmatuko dituzte horri begira antolatzeko eta borrokatzeko beste modu batzuk ”.

Villa SaliA etxea, 45 urte
Donostiako udal agintariak Villa Saliaren aldeko konpromisoa sinatzen. (Argazkia: ARGIA artxiboa)

Villa Salia izeneko etxea Donostiako Egia auzoan dago. Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionalarena (INP) zen eta medikamentu biltegi moduan funtzionatu izan zuen, baina 70eko hamarkada erdialdean abandonaturik zegoen, eta botika iraungiz beteta. Auzoan beharrezko jarduerak aurrera eramateko tokirik ez zegoenez, begiz jo zuten auzokideek etxe hura. 1976ko uztailean, antolatu eta etxea okupatu zuten. Poliziak okupatzaileak kanporatu eta etxea hesiz ixtea lortu zuen.

Urte bete pasata, 1977ko uztailean, INPk etxea saldu behar zuenaren zurrumurrua zabaldu zen. Egoera horren aurrean, berehala elkartu ziren batzarrean auzotarrak eta salmenta hori saihesteko antolatzen hasi. Lehen pausu gisa, batzorde bat osatu eta Donostiako Udalarekin zein INPrekin hitz egitera joan ziren. Udalari eskaera luzatu zioten etxea erosi eta auzoaren esku jar zezan.

 Donostiako udal ordezkariek sinaturiko agiria. (Irudia: Gordegia)

Udalaren partetik mugitzeko intentziorik ikusten ez zutenez, uztailaren 14tik aurrera auzoan ekintzak gogortzen joan ziren: batzarra eta manifestazioa egin zituzten egun horretan bertan; 15ean, kontzentrazioa INPren eraikinean, enkantea gerarazi zezaten exijitzeko; 16an, kontzentrazioa gobernu zibilaren aurrean; 19an, batzarra frantziskotarren komentuan. Eta beste batzar bat 22an. Hala ere, INPk partikular bati saldu zion etxea. Egiatarrak sutan zeuden.

Uztailaren 24an, 500 bat lagun udaletxe parean agertu ziren, etxearen salmenta atzera bota zedila eskatzeko eta udalak eros zezala exijitzeko. 26an, bigarren manifestazio bat egin zuten udaletxeraino. Orduan ere 500 bat lagun abiatu ziren Egiatik, baina beste auzoetako jende asko elkartu zitzaien bidean. Hedabideetara ere iritsi zen gaia, hiri guztian bolo-bolo hedatuz. Manifestariek indarka udaletxera sartzea lortu eta udalbatzaren aretoa okupatu zuten.

Biharamunean, INPk enkantea bertan behera utzi zuela zabaldu zuten hedabideek. Auzoko jendea fidatu ez, eta berriz ere udalbatza aretoa okupatzea lortu zuten. Hantxe, beste erremediorik ez zuela, jarduneko alkate gisa ari zen Florencio Muñoz Múgicak –Fernando Otazu kanpoan baitzen–, etxea erosi eta auzoari uzteko konpromisoa sinatu zuen. Eta bete zuen hitzemandakoa: Villa Saliako etxea auzotarren esku utzi zuen udalak.

Orduz geroztik, Villa Saliako etxeak Egiako unean uneko arazo eta premiei erantzuteko espazio gisa funtzionatu du. Bertan izan dira, besteak beste, haurtzaindegia, euskaltegia edo Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Ikastetxea, auzoko beharren zerbitzura.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


2025-01-15 | Mauro Saravia
La Roseraie ospitalea
Bigarren aukera bat gerraren erdian

1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta... [+]


Koldo Amatria
“Eraistea da Erorien Monumentuaren esanahia aldatzeko modu bakarra”

Eraispenaren aldeko elkarteek manifestazioa antolatu dute larunbatean Iruñean. Irrintzi Plazan manifestazioaren deitzailea den Koldo Amatriarekin hitz egin dugu.

 


2025-01-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Groenlandia: betiko inperialismo kolonialista berriro ate-joka datorkigunean

Pitzatu samar dagoen astakirten baten ateraldia bailitzan hartu zen –Europan batik bat, baina baita gainerako bazterretan ere– 2019ko abuztuan Donald Trump, AEBetako presidenteak Groenlandia erosteko azaldu zuen asmoa.


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Herbehereetatik etxera

2017an Indonesiak eta Herbehereek akordio bat sinatu zuten, Europako herrialdeak hiru mendeko kolonialismoaren ondorioz lapurtutako ondarea  itzul tzeko helburuarekin. Gusti Agung Wesaka Puja itzultze prozesuaren arduradun indonesiarraren hitzetan, akordio hori... [+]


Grezia, mende erdia monarkiarik gabe

Grezia, 1975. Herrialdeak urtea errepublika gisa hasi zuen, hiru aste lehenago, 1974ko abenduaren 8ko erreferendumean, herritarrek monarkiaren amaiera erabaki ondoren.

Hamarkada bat lehenago, 1964an, Pablo I.a erregea hil zenean, Konstantino semeak hartu zuen tronua, 23 urte... [+]


Heldu-lekua eta kortsea

Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien... [+]


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eguneraketa berriak daude