argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Oroimentsua
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko ekainaren 22a

Ez dut gogoan noiz eta non irakurri nuen estreinakoz Jorge Luis Borgesen Funes el memorioso ipuina. Bi hipotesi otutzen zaizkit gertakizun horren aurrean: aurretik ez irakurri izana batetik; irakurri izana eta ez gogoratzea bestetik. Biak zaizkit erabat gertagarri. Lehena balitz, literatura kanonikoan ditudan hutsuneak konfirmatuko lituzke. Bigarrenaren kasuan, nire memoria txarra. Baina hara zer plazer eskaini berri didaten gabezia horiek: estreinako aldia balitz bezala irakurri dut, Juan Garzia Garmendiaren bertsioan, Funes oroimentsuaren istorioa.

Ireneo Funes, beraz, elbarri, oharkatik mugitu ezin, Plinio zaharraren Naturalis historia-ren liburuki bat iritsi zaio. Eta handik gutxira zazpigarren liburuko hogeita laugarren kapituluko lehen paragrafoa ari da buruz errezitatzen. Kapitulu horren gaia da, hain justu, oroimena. Izan ere, zalditik erori zenetik, oharmen-oroimenak hutsik ere gabeak ditu: “Oroitzapen gehiago dut nik bakarrak, mundua mundu denetik gizabanako guztiek inoiz izan dituzketenak baino”. Kontrara, ez da, ordea, beharbada, pentsatzeko oso gai. Pentsatzea diferentziak ahaztea baita, orokorrera jotzea, abstrakziora. Eta Funesen mundu mukurrutuan ez da xehetasunik baizik, xehetasun ia bereiztezinak.

Andoni Egañarena da itauna, ahaztuta ez, harrapatu gabe neukan zutabe batean: “Egingo nuke gogoan duela noiz eta non irakurri zuen estreinakoz Jorge Luis Borgesen Funes el memorioso ipuina”. Estreinako aldia balitz bezala irakurri uste izan dudan honetan, baiki, gogora etorri zait, irakurrita neukan, segur aski karrerako ikasgairen batean. Baina hori baino garrantzitsuago, Egañaren beste hau: “Eta memoria da, batik bat, sormenaren iturri. Inork ez du ezdeusetik sortzen. Gogoan duguna nahieran moldatuz sortzen dugu guztiok”. Zalditik erori zen beste batek, Montaignek: “Oroimen naturalik ezean, paperezko bat egiten dut”. Zutabe hauen bitartez neronek, adibidez.