argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Bigarren itzulirako txartela lortu du EH Baik zazpi kantonamendutan
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 22a

Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetatik zazpitan lehiatuko dira ezkerreko abertzaleak ekainaren 27an: Hendaia Hegoko Itsas Bazterra izenekoan (lehen indarra atera da EH Bai, botoen %29,3 lorturik); Donibane Lohizunen (bigarren, %39 eginik); Bidaxune-Amikuze-Oztibarren (bigarren indarra, %24,5) ; Uztaritze-Errobi-Urdazurin (bigarren, %29); Errobi Aturrin (bigarren, %27,1); Baigura Mondarrainen (bigarren, %36) eta Euskal Mendian (bigarren, %36,9). Hendaian ezkerrekoa ukanen dute lehiakidea, haatik, beste guztietan eskuina.

Ezkerreko abertzaleek duela hogei urte lortu zuten lehen kontseilaria departamendu mailan (Jean-Mixel Galant) eta geroztik, Alain Iriartek ere lortu zuen aulkia 2008an eta 2015ean –elkargoan presidenteorde bihurturik, 2017an demisionatu zuen kargu metaketa saihesteko–. Bigarren itzulirako lehian hurbiletik begiratzekoak izanen ditugu batez ere Bidaxune-Amikuze-Oztibarre; Hendaia, Hegoko Itsas Bazterra; Uztaritze-Errobi. Hala ere, parte-hartzeak ukanen du garrantzi handia eta horrek eragin ditzake sorpresak.

Zehaztekoa da abstentzioa izan dela garaile nagusia: %61,2koa izan da Ipar Euskal Herria eta Biarnoa biltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan. 2015 urteko hauteskundeekin konparatuz, 14 puntuz apaldu da parte-hartzea.

Historikoki Pirinio Atlantikoetako departamendua ia betidanik kokatu da eskuinean: soilik 2009-2015eko agintaldia gidatu zuen ezkerrak. Ekainaren 27an beste behin ere garaile atera behar luke zentro eskuinak. Ikustekoa da orain arteko presidentea den Jean-Jacques Lasserrek (%52,5 lortu du lehen itzulian)beste behin irabazten dituen bozak... Parean du EH Bai, lehen itzuliko %24,5ko emaitzarekin eta bigarren itzulian ezkerraren alde bozkatzeko deia egin duten Michele Doyhenart eta Lucien Betbeder hautagaien sostenguarekin (%14,4).