argia.eus
INPRIMATU
Azala lodia, eta ez naiz epaile kubatazaleaz ari
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2021eko ekainaren 26a

Espainiar Justizia kolonialak Bilbon duen sukurtsaleko togadun azal lodi batek ebatzi du euskara ezin dela lan publikorako baldintza izan, Irungo Udalean udaltzainen lan poltsa osatzeko. Jakina, aipatu ere ez du egin behar izan, ezarria dugulako, denok badakiguna: udaltzain guztiek nahitaezkoa dutela gaztelaniaz jakitea. Espainiak Euskal Herriaren eta euskaldunon aurkako zapalkuntza ozen adierazitakoekin bezala egiten du isilean pasatakoekin ere.

"Espantuka agertu dira EAEko agintean berrogei urte luzez ari diren (zertan, zuen kontu) eskuindar erregionalistak, epailea arauen aurka ari dela esanez"

Espantuka agertu dira EAEko agintean berrogei urte luzez ari diren –zertan, zuen kontu– eskuindar erregionalistak, epailea arauen aurka ari dela esanez. Inork gutxik gogorazi die, ordea, araudi horrek berak ahalbidetzen duela langile publiko berri guztiek euskaraz ez jakin behar izatea; Iñigo Urrutia izan da salbuespena: “Egungoa baino lege adierazpen argiagoa behar dugu; zurian beltz gera dadila funtzio publikoan lan egiteko bi hizkuntzak jakin behar direla, euskara eta gaztelania”.

Edonola, ohituak gaitu PNVk salbuespenez edo geroratzeez urardotzen, ustez, paperean tinko jasotako araudia. Adibidez, EH Bilduk bultzatuta, Toki Entitateen Legean jaso zuen hirigintza egitasmoen ebaluazio linguistikoak egiteko beharra, eremu euskaldunenak babesteko asmoz. Bada, Donostiako eremurik euskaldunenetakoa den (% 61) Añorgan, PNVk 637 biztanle gehituko dizkie egungo 2.247 añorgatarrei, 248 etxebizitza berri eginez, eta horrek hizkuntza inpakturik ez duela izango ebatzi duen ebaluazio linguistiko baten babesean. Non dago tranpa? Txostenak ez du Añorgaren gaineko inpaktua aztertu, hiri osoaren gainekoa baizik.

Alkate berberak, epaile horri kubatarik atera beharrik izan gabe, ezinbesteko kasuetan soilik baliatzekoa den euskara plangintzako salbuespen bat baliatu du erabakitzeko, bigarren aldiz agintaldi honetan, euskararik ez dutela jakin beharko udaldioroko eginbehar gehituei aurre egiteko hartuko diren errefortzuko udaltzain batzuek. Azala behar da urtero gertatzen den zerbaiti irtenbidea eman ordez, salbuespen bat hain lotsagabeki baliatzeko.
Baina ze gaiztoa den togadun kubatazalea (ironik mode on).