argia.eus
INPRIMATU
7.800 milioi baino gehiago eta gorantz
Sonia González @sonetska 2021eko ekainaren 24a

7.800 milioi lagun pilatzen gara munduan gaur gaurkoz. Horrela esanda, ez berorik, ez hotzik, akaso. Baina, zenbakiak ikusita, igoera esponentzialaren tamaina igar dezakegu: 1950ean 2.600 ginen; 1987an, 5.000; 1999an, 6.000. Eta, estimazioen arabera, 2050ean 9.700 milioitara hel gintezke; 2.100ean, 11.000 milioitara.

Antropozeno garai honetan mundu eta biziarentzako arriskurik handiena garen gizakion hazkundearen ondorioak begien bistara azaltzen ari dira aspalditik. Kontsumitzea, zikintzea eta suntsitzea leitmotiv-tzat duen espezie honen igoerak jadanik sortu dugun hondamendia areagotu eta azkartu baino ez du egin, espezie berberaren milioika eta milioika indibiduo bizi baino, bizirauteko itxaropenari eusten diotela.

Pentsatzen dut horregatik lazten zaizkidala gorputz osoko ileak jaiotza-tasa hauspotu nahi duten deiak entzuten ditudanero.

"Gorbatadun botereak demografia arazoak jaiotza tasan zentraturik konpondu nahi dituenean, has gaitezen emakumeok dardarka"

Jaiotza-tasa arazoa dagoela esaten duten gehienek ez dute egiten gazteei –eta nagusiagoei– umeak ekartzea galarazten dieten lan eta bizi baldintza negargarriak buruan, edo emakumeon jardunaldi bikoitzen zaman pentsatzen, are gutxiago lan erreproduktiboaren kostu humanoak birplanteatzeko asmoarekin. Jaiotza-tasaren arazoa arazo zaie, arazo demografikoa den heinean. Eta ez gara engainatuko, demografia koadratzea buruhauste handia da herrialde guztientzat.
Baina demografia jaiotza tasatik harago badoa, zer dela eta, orduan, tematze hori? Halako diskurtso gehienek herrialdeak birpopulatu nahi dituzte, bai, baina bertako ume zuriz, jakina, Orbanen Hungarian bezala.

Bien bitartean, Ipar-Mendebalde zuriak munduko gero eta zonalde gehiagotan bizitzea ezinezkoa egin du. Desplazatuak ere milioika zenbatzen dira, eta horretan ere ez gaitezen engaina: inork uste al du hemendik hamar, hogei, hogeita hamar urtera, etzidamu, alegia, ia 10.000 milioi lagun garenean, errekurtso naturalak eskuratzeko guda, lehia geopolitikoa, sistema kontsumista-kapitalista deuseztaturik egongo direla? Nahiz eta berde koloreaz mozorroturik, triskantza gogoa eta biziarekiko destaina izango dira gidariak berdin-antzean.

Atzerantz begiratzeko deiek eta iragana mitifikatzen duten diskurtsoek ere urduritasuna sorrarazten didate. Emakumeon egoera ez da sekula hobeagoa izan iragandako sasoietan. Urduritzen nau, era berean, zelan doan “askatasun liberala” zabaltzen esparru gero eta gehiagotara, benetan aukeratzeko parada bagenu bezala edo gure “nahiak” bideraturik ez baleude moduan, eta zelan doazen beste balio eta borroka batzuk iruditeria kolektiboan lausotzen, hala nola independentzia, historikoki emakumeon borroka nagusienetako bat izan dena eta, datu guztiek adierazten dutenez, erdiestetik urrun gaudena.

Gorbatadun botereak demografia arazoak jaiotza tasan zentraturik konpondu nahi dituenean, has gaitezen emakumeok dardarka. Azpitestua argia da: bete ezazue zuen papera. Eta has daitezela, era berean, euren lurretatik ihesi dabiltzan eta azal ilunagoa daukaten guztiak ikaran, ateak zabaltzeko asmorik ez baitago.

Demografia herrialde barruko mugetan kontrolatzea, batez ere, erronka ekonomikoa da. Demografia mundu mailan aintzat hartzea biziraupen erronka da. Planeta finitua dela ondo mamituta daukagu, baina, antza, kostatzen zaigu erreparatzea zer nolako ondorioak dauzkan horretan espeziearen etengabeko hazkundeak. Izurrite honek irakatsi behar zigun koordenada zabaletan pentsatzea eta aritzea ezinbestekoa izango zaigula hemendik aurrera. Ez dirudi hala izan denik.