argia.eus
INPRIMATU
Zure zain
Ana Mendia 2021eko ekainaren 10a

Askotan imajinatu dut zure jaiotza eta makina bat bertsio irudikatu. Ez dakit lasterka helduko zaren edo astiro-astiro egingo ote duzun pasabidean aurrera; ez dakit ilunpetan zabalduko ote dituzun begiak lehenengoz edo kirofanoko argiek itsutuko zaituzten; ez dakit osasuntsu egingo duzun negar edo minezko malkoak isuriko ditugun guk guztiok. Badakit, ordea, ama prest dagoela itsasoratzeko. Aita irrikan dagoela zu besoetan baldar bezain maitekor jasotzeko. Eta ahizpak ikasi duela zure izena idazten.

Ulertzen dut irteteko presa askorik ez izatea. Umetokia baino toki hoberik ez da umeentzat, nik uste. Hor barruan dena dago zure neurrira egina, baina hemen kanpoan apur bat konplikatuko zaizu existentzia. Hemen kanpoan mundua bere horretan ttikientzat egokia ez dela sinestuta gaude eta asmakizun dezente ironikoak sortu ditugu. Begira zenbateraino den bitxia kontua: aurreko batean entzun nuen ezagun baten ezkontza child?friendly izango dela haurrak zaintzeko zerbitzua jarriko dutelako. Alegia, joateko lasai umeekin ezezagun bat arduratuko dela festan molesta ez dezaten.

Ia ez dugu erremediorik. Segituan ohartuko zara etorkizunean izango zaren heldu horren aurrerapen gisa irakurriko ditugula zure pauso guztiak, ezinbestean; kostako zaigu ulertzea jada izaki oso bazarela.

"Sekulako oparia izango da zure munduratzean parte hartzea. Aurrenekoz begiratuko diozu amari begietara. Berak kruasan egin berriaren usaina duzula antzemango du"

Baina, aizu, ez zaitut gogogabetu nahi, badira oasiak tokika eta tarteka. Gainera, pentsatzen dut hain ezaguna zaizun amaren ahotsa azalaren bestaldetik nola entzuten den jakin nahiko duzula. Berak dio sabel barruan gustura zaudela eta uste duela oraindik denboratxo batean iluntzeak gozaraziko dizkiozula zure dantzaldiekin. Gutxi geratzen da, dena den. Egun hauetakoren batean hainbeste deseatzen dudan deia jasoko dut eta zure ongietorrian laguntzera abiatuko naiz.
Sekulako oparia izango da zure munduratzean parte hartzea. Aurrenekoz begiratuko diozu amari begietara. Berak kruasan egin berriaren usaina duzula antzemango du. Epel-epel zaudela jarriko zaitu bular gainean. Ahoskatuko duen lehen hitz horrekin deskubrituko duzu nolakoa den letren hotsa azalaren alde honetan. Eta amak dena ulertuko du une batez. Gero ahaztu egingo du dena zer den. Iheskorra da instant hori.

Batek daki, akaso letra hauek argitaratzen direnerako zure kabuz ariko zara arnasten. Ezingo zaituztet ama eta zu aldi berean besarkatu orain artean bezala. Ba al dakizu zer? Izugarri gozatzen ditut besarkada horiek azkenaldian. Neguko jertse lodiena jantzita ere ama erabat biluzik antzematen baitut. Zabal. Oso. Iragazkor. Zirrara ageri-agerian. Adituek gardentasun psikiko esaten diote haurdunaldiak aurrera egin ahala emakumeek bizi ohi duten sentiberatasun olatu horri. Ahaztutako oroitzapenen atea zabaltzen omen da eta askok beren jatorrira egiten dute buelta. Eskerrak zuek tripa nahasketa horren alde egiten duzuen, ze hemen kanpoan badirudi emozioei beti bare eustea bertute dela. Nolanahi ere, egon lasai: ama garden-garden dago. Bihotza bistan zure esperoan.

Aitona zain duzu baserrian baba handiak bildu eta tomateak presaka landatzen (apur bat berandu dabil aurten). Gainontzeko guztiak ere pronto gaituzu. Prest sentitzen zarenean ekin bideari beldurrik gabe, beraz. Promes egiten dizut ahaleginduko garela zuretzako ume?toki izaten. Eskuzabal jasoko zaitugu. Datorrena datorrela.

Laster arte,

Izeba Ana.

P.D. Zure ahizpak aurrekoan esan zidan hain bere sentitzen duen amaren bularra utziko dizula; berak hartu zuela nahikoa esne eta orain ez duela behar.