argia.eus
INPRIMATU
Afektuen iraultzaren utopia
Ane Ablanedo Larrion 2021eko ekainaren 10

Gai honi buruz martxoan hemen berean idatzi nuen artikuluan, disidentzia sentimentalak bikote harremanei zentralitate afektiboa kentzearekin hasi beharko lukeela esaten nuen. Nioenaren agerikotasunagatik beharbada, harritu egin ninduen jendeak bere burua interpelatuago sentitu ez izanak, baina hori izan zen irakurleek helarazi zizkidaten feedback batzuetatik atera nuen ondorioa: jendeak uste du bikote formatua idealizatzen duen ideologia erromantikoa gainditua dagoela, gure moduko jende aurrerakoi eta (post)modernoari bederen ez digula eragiten, eta jadanik ez direla garai bateko printzipio zaharkituak gure bizitza afektiboaren gidariak.

Pertzepzio hori okerra da, baina naturalizatua dugu afektuen hierarkia baten existentzia, hainbeste non ikusezin bilakatu zaizkigun bikote-instituzioak dituen pribilegio guziak. Honezkero emantzipatu garela? Ikus dezagun:
Zergatik ez ditugu bikote batekin baizik irudikatzen epe luzerako elkarbizitza, etxebizitza baten erosketa, ekonomia konpartituaren hautua, gurasotasuna, edota haurren heziketa bezalako proiektuak?

Zergatik iruditzen zaigu normala lantokian baimen-egunik ez izatea lagun bat zaintzeko, baina eduki ahal izatea, adibidez, sekula ikusten ez duzun koinatu baten zaintzarako, formalizatutako bikote baten orbita afektiboko satelite izate hutsagatik, gainera?

Zergatik neurtzen ditugu hainbeste maite zaitut hitzen bidezko maitasun aitorpenak, kontuz ibili behar bagenu bezala, pertsona egokiari esaten ote diogun? Ez ote da badakigula hitzok benetako maitasuna adieraztearen funtzioa dutela, eta Disney maitasun idilikoak monopolizatutako forma zehatz eta estua suposatzen diogula geuk ere amodio benetakoari?     
Bikotea maitasunaren forma gorena ez bada, eta gainerako loturak horren osagarri edo kontsolamenduko sari huts ez badira, nola esplikatu dezakegu “lagunak baino ez gara” esaldia izatea, norbaitekin harreman afektibo-sexualik ez dagoela adierazi nahi dugunean erabiltzen dugun formula?  

Eta abar, eta abar.

"Hegemonikoak diren gainerako instituzioei bezala, bikote-eredu erromantikoari ere bilatu nahi izan zaizkio alternatibak, baina ez beti norabide egokian"

Hegemonikoak diren gainerako instituzioei bezala, bikote-eredu erromantikoari ere bilatu nahi izan zaizkio alternatibak, baina ez beti norabide egokian. Egun, adibidez, bikotea ulertzeko modu hertsi eta karratuegiak sortzen duen dependentziatik ihesi, merkatu kapitalista baten logikan baizik sinetsi ez daitekeen independentzia pertsonal erabatekora egin dugu jauzi, non hainbeste babestu eta zaindu dugun gure indibidualtasuna eta askatasuna, ezinezko bilakatu zaigun, de facto, beste pertsona batzuekin modu afektiboki esanguratsuan erlazionatzeko aukera bera.

Interesgarriagoak diren polimaitasuna bezalako alternatibek sarea bikotetik haratago ulertu eta zabaldu beharra kontsideratzen dute afektuetan egin beharreko iraultzaren lehen baldintza. Baina kontuz proposamenok koordenada neoliberaletan irakurtzearekin, pertsonekiko harremanak ezin direlako inoiz kontsumismo areagotuaren zentzuan ulertu. Bederen, pertsonen erabilera interesatua, maitasunaren banalizazio edo afektuen deshumanizazioaren prezio garestia ordaindu nahi ez badugu, edo eragotzi nahi baldin badugu bakardadea eta inanizio afektiboaren hotza, izan dadila ohiko formatu afektiboetatik kanpo maitatzea erabaki dugunon halabehar tristea.

Maitasun konbentzionalari benetako alternatiba sare komunitarioagoak sortzea da, non etiketetatik urrun, kuttun guziei aitortu eta erakutsiko diegun guretzat duten balioa eta berezitasuna, adiskidetasuna ezarriz harreman guzien ardatz, eta elkarrekiko konpromiso afektiboak eta harremanen etika zorrotzak bermaturik gure maitasunaren kalitate-labela.