Badoztain (Nafarroa), 1883ko martxoaren 15a. Josefa Uriz Pi jaio zen, Pepita izenez ezaguna. Handik 10 urtera, 1893ko urtarrilaren 24an, Elisa ahizpa jaio zen. Biek hezkuntzako ikasketak egin zituzten eta, Pepita lehenago eta Elisa ondoren, Katalunian aritu ziren irakasle lanetan. Biek elkarrekin egingo zuten handik aurrerako bidea, Kataluniatik Frantziara eta Frantziatik Altzairuzko Oihalaz beste aldera.
Uriz Pi ahizpek hezkuntzan eta beste hainbat alorretan egindako lana, azken urteetan, pixkanaka ari da jasotzen merezitako aitortza: Sarrigureneko eskola publikoak Uriz Pi Ahizpak du izena, Manuel Martorell idazle eta kazetariak ahizpen ibilbidea jasotzen duen Pioneras (Txalaparta, 2018) liburua argitaratu du, Salomó Marqués eta Mari Carmen Agullórekin; eta aurtengo neguan biei buruzko erakusketa egon da ikusgai Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hezkuntza fakultatean.
Hezkuntzan egin zuten lana da bereziki ezaguna, haien metodo berritzaileek hautsak harrotu zituztelako. Gaur egun ohikoak diren jarduerak abiarazi zituzten: liburuen iruzkinak, mendi ibilaldiak, txango kulturalak, hitzaldiak… 1921ean Pepitak pedagogia irakasle postua lortu zuen Lleidako Emakumeen Magisteritza Eskolan eta ikasleei proposatu zizkien irakurketak (Margarita Nelken, Ramon Turró i Darder, Pedro Dorado…) Familia Buruen Elkarte Nazionalaren berehalako erantzuna eragin zuten: Uriz Pi eskolatik kaleratzea eskatu zuten, “Estatuaren Erlijioaren eta moral kristauaren aurkako dotrinak sustatzeagatik (…) eta ikasleen lotsa erasotzeagatik, hitz gordinez eta arbelean egindako marrazkiez azalduz sifilisaren nondik norakoak, ugalketa funtzioa edota emakumeak bere gorputza komeni bezala erabiltzeko duen eskubidea”. Lleidako gotzainak Pepita salatu zuen, unibertsitateak diziplina-espedientea zabaldu zion, eta eskandalua estatuko prentsara iritsi zen. Ondorioz, garaiko hainbat intelektualek, hala nola, Santiago Ramón y Cajal, Miguel Unamuno, Ramón Menéndez Pidal eta Antonio Machadok manifestua idatzi zuten Uriz Pi babesteko. Azkenean, bere aurkako prozesua gelditzea eta hezkuntza ministroak dimititzea lortu zuten.
Feminismoan eta haurren eskubideen arloan ere lan handia egin zuten. Elisa Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoko idazkaritzako kide izan zen, baita egun urtero ospatzen den Haurren Nazioarteko Egunaren bultzatzaile ere.
Militantzia politikoan Pepita hasi zen, besteak beste, CNTrekin kolaboratuz. Gero bi ahizpek PSUCen militatu zuten eta 1936ko Gerran frankisten aurka jarduteagatik erbesteratu ziren 1939an. Frantzian kontzentrazio esparruetan sartutako irakasleei laguntzen aritu ziren, baita Erresistentzian ere. Gestapok beren taldea atzematean ozta-ozta lortu zuten ihes egitea. Gerra amaitzean, Frantziako Gobernuak ez zien eskertu nazien kontra egindako lana eta 1951n estatutik egotzi zituen. Ekialdeko Berlinen eman zituzten azken urteak; Pepita Uriz Pi 1958an hil zen, eta Elisa, aldiz, 1979an.