Duela bi aste TV3.cat telebistan Polonia emankizun sarkastikoaren 15. urteburua handizki ospatu zuten. Kataluniako, Espainiako eta bakarretan Euskal Herriko bizitza eta gertakari politikoak karramixkatzen dituzte gogo onez, ahoan bilorik eta beldurrik gabe. Guztiak pasatu dira: Generalitateko president ezberdinak, Espainiako erregeak, Rajoy eta Sanchez, Macron, herritar arruntak, diputatuak, idazleak, ETAkoak 2011n, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu ere bai. Badu bulta bat orain aste oroz ikusten dudala. Irri zirrista bat jauz arazten dit beti.
2017ko urriaren leheneko independentziaren bozka-eguneko psikodrama Polonia-ren zirrika eta trufa artean jarraitu nuen. Esketxak garratzak dira, baina badute funts ikaragarria, politikari katalanen ekinbideak jorratzen dituztenean bereziki. Batzuek menturaz barrea mingarra dukete, baina sumatzen da mediterraneo eskualdean badela nor bere buruaz burlatzeko ahalmen bat, atlantikoaren lehor hauetan ez duguna. Hondarrean, politikaren faborez ari direla adierazten du elkarrizketa batean Toni Soler Polonia-ren sortzaile eta eramaileak.
Kitzika latx horrek on egiten du. Datsegit.