argia.eus
INPRIMATU
Etengabeko saiakera
  • Bizitza edo bizia animalien zein landareen ezaugarria da eta haren bidez bilakatu, garatu, ugaldu eta ingurunera moldatzen gara. Bizia ez litzateke ezer izango heriotzarik gabe, baina bizia artean ere modu askotara hil daiteke. Bizitzan hiltzeko modu bat norberaren esperientziaren mugak zeharkatzea izan daiteke, heriotza heldu baino lehenagoko leiho ireki bat.

Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 0000ko ren 00a
Argazkia: Lasala

Eskarmentuz beteriko ibilbidean zamak pilatzen joaten gara eta horren erakusgarri da Dead lana. Judith Argomaniz koreografoak sortu duen dantza ikuskizunean bizitzaren inguruan hitz egiten dute, gizakion, baina, batez ere, emakumeon bizipenez.

Heriotza, askatasuna, itxurakeria eta zamak dira gai nagusia laguntzen duten buruhausteak. Pertsona oro iraganeko patroi eta sinesmenez kutsatuta bizi da eta jende sofistikatuak sinestarazten dizkigun fikziozko munduekin bonbardatzen gaituzte. Nahi dugun segurtasun hori lortzeko etengabeko saiakeran bizi gara.

Dead ikuskizuna
Noiz: maiatzak 22.
Non: Gasteizko Felix Petite antzokia.

Aipaturiko guztia ulertzeak lagundu egiten gaitu, eraldaketarako parada ematen digu eta “askeak” edo askeagoak egiten gaitu. Ulermen prozesu horretan murgiltzen gaituzte Lasala konpainiako kide diren Garazi Etxaburu, Paula Parra, Miren Lizeaga eta Leire Otamendik. Haiekin batera Puy Barral narratzailea ageri da oholtzan eta haren laguntzarekin interprete bakoitzak momentuan bizi duenaren gakoak eskaintzen dizkigu.

Ikuskizuneko protagonistak diren dantzariak indibidualki zein kolektiboki ageri dira eszenatokian. Taldekako mugimendu sorta batekin ematen diote hasiera lanari eta banan-banan bakoitzaren rolak eta bizipenak zeintzuk izango diren deszifratzen joaten gara.

Argazkia: Lasala

Oso rol eta pertsonaia definituak dira. Bakoitzak bakarka egiten duen esku-hartzean bestelako elementu bat ageri da; adibidez, komun bat, lore gorridun diadema bat, motxila handi bat, plastikozko bilgarri bat…

Elementu guztiak lagungarriak dira lau bizitza horiek hobeto ulertzen laguntzeko, baina musikak ere berebiziko garrantzia du. Batzuetan, elektronikaren dunbalek markatzen dute erritmoa eta erakusten dute momentuko indarra. Besteetan, aldiz, Follow the sun abestiaren bertsio lasai batek laguntzen du egoera ulertarazten.

Balleta, dantza garaikidea, pilateseko mugimenduak eta yogako posturak eskaintzen dituzte. Horrela, pertsonaia bakoitzaren bizitza eta pertsonalitatea definitzen joaten dira, batzuk indartsuagoak dira, beste batzuk bakartiagoak…

Biziak bizi, proposamen garaikide bezain interesgarri honek egunerokotasuneko askotariko bizipen eta errealitateak plazaratzen ditu. Itxurakeriaz beteriko mundu antzu honetan ezer ez da kasualitatea eta hori ulertzeak ahaldundu egiten gaitu, erabakiak hartzera bideratzen gaitu eta benetako gu izaten uzten digu.

Argazkia: Lasala