argia.eus
INPRIMATU
Libertatea, eskubideak eta beste landare batzuk
Jose Ignazio Ansorena 2021eko maiatzaren 28a

Urte batzuk badira Libertadea, arrantzaleen abesti zaharra ekarri nuela orri hauetara:

Libertadea eskatu diogu
herri hontako Alkate jaunari
eta jendea alegratzera
gaur gera gu honera etorri

Aurrenekoz entzun nuenean, Francoren garai ilunetako gaztetxoa ni, aldarri subertsiboa iruditu zitzaidan. Baina kontu arruntagoa zen libertadea: udaletxeetan, ordainketa bidez, lortzen zen baimen berezia. Ordu txikietan, isunik jaso gabe parrandan ibili ahal izateko txartela. Zerikusirik ez egungo ohiturekin: gehienez, gaueko 24ak arte ematen baitzen. XX. mendearen erdira arte luzatu zen baimen horien eskatu beharra hainbat herritan.

"Eskubideak landareak edo ume txikiak bezalakoak dira, egunero zaindu behar, laztankiro, bestela aise galtzen direlako"

Hitz sakratua nahiko baxatua zegoen beraz. Beherago eraman dute Madrilgo azken hauteskundeetan hainbesteko arrakasta lortu duen leloan. Idolo faltsu bihurtu eta jende andana hura gurtzen ikusi dugu.

Espainiako Estatuan alarma egoera amaitzean antolatutako desfase festetan parte hartu zuen gazte baten adierazpenak entzun nituen telebistako berrietan: “Gure aiton-amonek eta gurasoek ere parrandak egin zituzten gaztetan. Guk ere eskubidea dugu”. Historian doktore tesia behar zuen izan gazteak.

Pertsonen edo taldeen eskubideak ez daude zeruan idatzita letra handi argitsuetan, denok ikus ditzagun eta euren ezinbestekotasuna onar dezagun. Eskubideak eraikuntza kulturalak dira, historikoak. Maiz pertsona askoren lanez, sakrifizioz eta eskuzabaltasunez lortuak. Sarriegi espetxe urteen edo heriotz absurduen truke irabazitakoak. Demokrazia bera, aldaera guztietan, sorkuntza kulturala da.

Eskubideak landareak edo ume txikiak bezalakoak dira, egunero zaindu behar, laztankiro, bestela aise galtzen direlako. Harrizko aroan, indartsuak gaztakoa ematen zion ahulari eta menderatu egiten zuen, morroi bihurtzen. Emakumeekin gertatutakoa adibide. Oraindik ere oso antzekoak jazotzen dira munduko bazter askotan. Hemen bertan ere bai, disimuloz egiten den arren.

Pertsonak oso aldakorrak gara, bereziki beldurrak edo harropuzkeriak hartzen gaituenean, eta saldo handitan oso zirrikitu estua uzten diogu pentsamendu burutsuari. Horregatik oso erraza da mugimendu espasmodikoa eragitea gure eskasien irinez oratu eta masa deitzen den horretan.

Gizartearen buruzagiak horretan hasten direnean, iruzurra egiten ari dira, purtzilari bihurtzen. Ez dute gure bidea markatzea merezi, arrisku handiegia da. Gaur ez gara konturatuko agian. Baina etzi negar egingo dugu eta orduan besteei errua leporatuko.