argia.eus
INPRIMATU
Itsasoei agur
Igor Estankona 2021eko maiatzaren 28a
Ni eta gu | Pako Aristi | Erein, 2021.

Pako Aristik itsasoei idatzi die oraingoan. Zazpigarren poema liburua du. Begi bik gorde dezaketen ozeanoari buruzkoa da Ni eta gu, arrantzale eskuek konta ditzaketen sakonerei buruzko poemari berezia, askatasunaren itsaskirriaren gaineko tratatua: “Harremanen nomada naiz,/ lagunez lagun bidaiatzen dut,/ eta tratua ez da fideltasuna,/ joaten uztea baizik”.

Eta itsaso horiek Getariakoak dira, baina izan zitezkeen Oriokoak, edo are itsasorik ez den mundu krudel batekoak. Gordintasunetik beste baitauka liburu honek xamurtasunetik, zirt edo zart egiten dute-eta poemek, ez dira inondik ere geratzen irakurleak zer esango. Maitatuko duzu Pako Aristi, edo gorrotatuko duzu Pako Aristi. Ni eta gu da liburu bat itsasgizonei dedikatua, ez da liburu bat etxeko sofan, bertan goxo, literatur kritikak idorreko lur-lan legez egiten dituen burges txikiarentzat.

Ni eta gu. Zazpigarren uhina horditurik bezala ari naiz irakurtzen, poesiaren funtsaren funtsa kausituz poema narratibo ederrotan. Lerrook idazten ditudan bitartean bukatzen ari naiz liburua, eta bizitzaren kintesentzia balitz legez ari zait Pako Aristi erakusten, irakasten, mistikaren eta bertsolaritzaren arteko genero jaso bat asmatu izan balu legez, zer den garrantzitsua eta zer ez: “Eskua altxatu zuen Sarak/ dena ulertu balu bezala,/ agur-agur,/ airean idatziz/ minaren hitzek/ uzten ez ziotena”. Hitz egiten dit ume baten heriotza injustuaz, zeina nahasten zaidan izurdekume baten heriotzarekin, liburu bihozgabe eta errukior honetan nabigatzen dudalarik erdi zorabiaturik hainbeste olatu eta kontraesanekin, eta denboraren iragaiteaz egiten dit berba Pako Aristik, eta krudelkeriez, eta haizeez eta paisajeez, eta aldi bereko amodio guztiez, finean esateko bizitzak merezi duela, baina bizi egin behar dela legeen eta tabuen kontra.

Pandemiak mesede egin dio poesiari. Pako Aristik beste kostalde batzuk deskubritu ditu. Gure poeten artean subertsiboenak berriro erakutsi digu bera dela gure poeten artean sensibleena. Ni eta gu metafora bat baino ez da. Hermetikoa du bihotza, irisgarria ordea bere azal leuna. Ni eta gu da opari bat, zazpigarrena, Pako Aristik egin diguna bere inkonformismo eder horren talaiatik.