argia.eus
INPRIMATU
Aiaraldea Ekintzen Faktoria
Errealitatea komunikatzetik, eraldatzera
  • Martxan da. Azkenik. Ameskeria zoro hura lehenbizikoz amestu eta bost urtera; aretoa erosi eta hirura; egokitze eta edertze lan luze eta gorabeheratsuen ostean; milaka eta milaka euro lortuz herritarren kreditu txiki interes gabeei esker;  milioika izerdi tanta eta ilusio tona zenbatezinak inbertitu eta gero; makina bat proiektu galbidean utzi dituen mundu mailako krisiari gaina hartuta; umilki aldarrikatzen duten ausarkeria akuilu: Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren ateak irekita daude.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko maiatzaren 27a
FAKTORIA Laudioko Herriko plazatik kilometro batera dago kokatuta, eta milaka paseari igarotzen da ondotik egunero. Argazkia: Dani Blanco
FAKTORIA Laudioko Herriko plazatik kilometro batera dago kokatuta, eta milaka paseari igarotzen da ondotik egunero. Argazkia: Dani Blanco

Goizeko 11etan heldu gara Laudiora, Faktoriara. Maiatzak 15 ditu. Lehen begiratuan edonongo ezleku batean kokatutako poligono batean gaudela pentsa dezake ingurunea ezagutzen ez duenak, baina ibai ondoko paseoa jarraituz Laudioko herriko plaza kilometro bakarrera dugu, eta egunero 3.000 lagun igarotzen da hemendik Laudio eta Amurrio artean bidea eginez.

Atea zeharkatzean, iñurriak lanean hara-hona, urduri edo presaka antzean: nola ez, ordu bete barru bada ate irekiera ofiziala –bi aste dira bazkideentzako aurkezpena egin zutela–. Sukalde lanetan alto eginda bisita gidatu azkar baterako gonbita egin digu Gartzen Garaio Faktoriako kideak. Bere urratsak eta azalpenak jarraitu ditugu egur hutsezko 750 metro koadro erabilgarrietan zehar.

Hamaika espazio

Sarrerako espazio nagusiak ekitaldi jendetsuenak hartuko ditu (kontzertuak, antzerkiak, haurrentzako jarduerak, hitzaldiak...). Aurrean du oholtza handi bat, eta ezkerreko izkinan haurren jolas librerako espazioa, oraindik erabat amaitu gabea. “Baina bere eremutik kanpoko espazioak ere inbadituko dituzte haurrek seguru”, dio Garaiok porrota gogo onez onartuz. Eskuinetik sartu gara sukaldera: taberna funtzioak beteko ditu jarduerak antolatzen direnetan, bai eta ekonomatua irekita dagoenean ere. Tokiko produktu agroekologikoak kozinatu eta salduko dituzte kantinan, txoko bezala alokatu dezakete ia 480 bazkideek: “Baditugu eztabaida eta erabaki potolo edo deserosoak, oraindik ere barneratzen joan beharko ditugunak: esaterako, ulertzea bazkide izanagatik ezin duzula familia edo lagunartea txokora ekarri, horrek giro erdalduna sortuko badu euskararen arnasgune izateko bokazioz sortu dugun Faktorian”. Oholtzaren atzealdean eta sukaldearen aurrean hainbat mahai dituen espazio bat dago, gaur jantokia izango dena. Agertokiaren atzealdean esan dugu, baina aurrealdean esan genezake berdin-berdin, jende gutxiagoko ekitaldietarako alde honetara begira egingo baita emankizuna. Alde batera edo bestera begiratu, formatu txikian edo handian egin, jarduera grabatu zein zuzenean emateko puntako baliabide teknologikoak ditu Faktoriak. Emankizunetarako ez ezik, euskarazko sorkuntza sustatzeko erreminta izatea nahi dute: ikus-entzunezkoen grabaketak, sormenerako egonaldiak, entseguak...

"Espazio anitz eta askotarikoak daude Faktorian eta, espazioen atzean, proiektuak"

Igogailua baztertu –Faktoria guztia irisgarria da– eta eskaileretatik igo gara bigarren solairura. Eskuinean, apal beteez beteriko pasilloa: etxearen edo norberaren garbiketarako gaiak, jakiak, edariak eta beste salmentan. “60 ekoizleren 500 produktu ditugu, hor nonbait, gehienak Aiaraldekoak, tokikoak eta ekologikoak”. Atzera eginda, erdigunea espazio ireki batek hartzen du –haurrek jada zirristatzat bataiatu dute helduek agertoki gaineko miradorera heltzeko maldatzat zeukatena–. Espazioaren inguruan Aiaraldea proiektuko hamasei langileen lanerako bulegoak, eta bilera aretoak bazkide edo mugimendu herritarrentzat.

OHOLTZA euskarazko kulturarentzako eta sormenarentzako hauspo bilakatu nahi dute. Argazkia: Dani Blanco

 

Hamaika proiektu

Espazio anitz eta askotarikoak daude Faktorian eta, horien atzean, proiektuak: 11 urteko ibilbide oparoan Aiaraldeak sortu dituenak eta proiektua azaltzen duen aldizkari berezian labur azaldu dituztenak. Kokoriko Hezkuntza Faktoria: hezkuntza eta aisialdi eraldatzailea sustatzen duena mundua aldatuko duten pertsonak heztea helburu, “udalekuak, tailerrak, jardunaldiak, unitate didaktikoak zein haur, nerabe, gazte zein gurasoei zuzendutako bestelako ekimenen bidez”. Bor-Bor: “[Aiaraldea] eskualdeko mugimendu feminista saretu eta indartzeko ahaleginean aritu da azken urteotan (...) feminismoak tresna berri bat izango du eskualdean, emakumeen* ahalduntzea eta boteretzea indartzeko”. Komunika: diseinu, erredakzio, ikus-entzunezkoen ekoizpen, itzulpengintza eta interpretazio lanak eskaintzen dituena, irabaziekin proiektu osoa, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, finantzatzea helburu. Ekonomatua: lehenago aipatutako tokiko produktu ekologikoen salmentatik harago doana. “Eskola jantokietan, catering eskaintzan, etxez-etxeko banaketan, nekazari belaunaldi berrien sustapenean... beste hainbat alorretan ere eragin nahi du ildo honek, elikadura burujabetza sustatzen jarraitzeko helburuarekin”. Aiaraldea komunikabidea: aiaraldea.eus eta paperezko hamabostekaria ikur. “Euskara hutsezko hedabide batek izan ahalko lituzkeen mugak aise gainditu ditu, eskualdeko erreferentziazko hedabidea bihurtzeraino”.

Begi-belarriak beteta irten gara Faktoriatik sabela beteko digun pintxo-kafearen bila, Garaio eta bere kideak azken ukituetan murgilduta. Ordu erdi eskas barru irekiko ditu ateak Faktoriak. 12:00ak pasatxo dira bueltan gaudenerako, jendea hasia da Faktoriara sartzen, baina ez aurretik eskuorri bat irakurri eta bete gabe. “Irakurri patxadaz, guretzat garrantzitsua da”, dio sarrerako lagunak.

Zer zara? Ahoa? (hitz egiteko gai). Belarria? (ulertzeko gai). Edo Bihotza? (“Ez dut euskaraz ulertzen, baina euskarazalea naiz. Euskararen arnasgune hau errespetatuko dut eta eman didazuen hiztegia erabilita, zein ondokoei galdetuta, euskaraz aritzen saiatuko naiz”). Ondoan oharra, espainolez: “[Ez baduzu euskara ulertzen, ez hitz egiten, ez errespetatzen, sentitzen dugu esatea Faktoria ez dela zure lekua. Gure hizkuntza gutxituta dagoela eta biziberritzeko espazio seguruak behar dituela ulertzea espero dugu. Hau da horietako bat]”. Emaitzarekin “euskararen markagailua” jarriko dute bistan Faktoriaren jarduera guztietan.

EKONOMATUA elikadura burujabetzaren aldeko proiektu integrala da. Argazkia: Dani Blanco

 

Arnasgune, bazterreko denentzat

Euskararentzako espazio segurua eta arnasgunea izan nahi du faktoriak, baina ez soilik. Baita –eskuorria irakurtzen jarraitzen dugu–, “emakumeentzat*, haurrentzat, migratzaileentzat, baztertuentzat, gazteentzat, aniztasun funtzionala dutenentzat, sexu-identitate disidenteentzat” ere. Segurtasun horren berme espazioan barneratzen den pertsona bakoitza izatea nahi dute Faktoriako kideek: “Espazio seguru hau errespetatu, zaindu eta aktiboki elikatzeko konpromisoa hartzen dut”, sinatuko du aldez aurretik atea gurutzatzen duen orok, Faktoriaren erronka nagusiari erantzuteko: “Bestelako jendarte eredu bat euskaratik eta euskaraz” sustatzea. Feminismoa? Komunitarismoa? Elikadura burujabetza? Ekonomia sozial eraldatzailea? Dekolonialitatea?... Mundua eraldatu?

Baina, ez al zen Aiaraldea euskarazko proiektu komunikatibo bat “soilik”? Bada, izan ziren 2010ean jaiotzean, baina jaiotzatik izan nahi zuten askoz gehiago, nahi horiek esplizitatu eta egituratu zituzten 2015ean abiaturiko Aiaraldea 2020 gogoeta estrategikoan eta, gaur egun, izan nahiko luketen horretatik urrun bai, baino dezentez hurbilago daude. Faktoria lekuko, ikur, tresna. Ezin hobeki laburbildu zuten 2020ko irailean Soziolinguistikako Klusterrak antolatutako jardunaldietako hitzaldiaren izenburuan: Aiaraldea Ekintzen Faktoria: Komunikazio proiektu bat izatetik, komunitate proiektu integral batera jauzi.

GOIKO PLAZAren inguruan daude Faktoriako langileen bulegoak eta bazkide edo mugimendu herritarrentzako bilera aretoak. Argazkia: Dani Blanco

 

Sumak Kawsay, euskaratik eta euskaraz

Faktoriaren hamaika bazterrak kuxkuxeatzeari utzi eta eseri gara denak, ipurdirik gabeko aulki hutsik ez, oholtzara adi. “Ongi etorri euskaraz aske bizitzeko faktoriara”, bota du aurkezleak, eta gogoak ihes egin digu aurreko egunetan irakurritako Klusterreko testu probokatzaile eta iradokitzailera: “Bizitzeko behar dugun ekosistema osatzea dugu xede”. Eta behar dugu, diote, jan, lagunartea izan, dirua, lo-lekua, hezkuntza, aisia... Horregatik 2015an Faktoria amesteko izan zuten ausarkeria berdinaz hitz egiten dute gaur proiektuak finantzatuko dituen etorkizuneko eskualdeko banketxeaz edo etxebizitza kooperatibez. Abya Yalako herri indigenei hartutako Sumak Kawsay-a (Ongi Bizitzea) ipar. Euskarak balio behar baitu “bestelako jendarte eredu bat sortzeko eta bertan zoriontsu bizitzeko. Euskarak balio behar du gurean erdarek eskaintzen ez duten bizitzeko modu bat marrazteko”.

"Euskarak balio behar du gurean erdarek eskaintzen ez duten bizitzeko modu bat marrazteko”

Ruper Ordorikak hartu du oholtza, eta gogoa berriz ere jausika musikariaren hitz eta doinu limurtzaileen eta Faktoriako kideen hitzen artean. Eskualdeko grebalariak eta “mitifikatu gabe, bisitan heldu zaigun gure Ulises txiki” Joseba Sarrionandia hartu ditu gogoan oñatiarrak Martin Larralde-rekin abiatu aurretik: borroka tresnatzat dute euskara faktoriatarrek, Ongi Bizitzeko erremintatzat, “funtzio eraldatzaile zentral horrek gure hizkuntza zaurgarria indartuko duela sinistuta baigaude”. Euskara jendarte osoan edo erakundeetan transbertsala izan behar duela bai, baina, “gehitu” nahi dute, “euskarak behetik eta ezkerretik izan behar du transbertsala, zentralitatea hartu dezan”. Jarri dute markagailua hormetan: 64 Aho; 4 Belarri; 2 Bihotz. Maite dugun hori zaintzeko beharrari ari zaio kantatzen trobalaria: euskaldunak boteretuz nahi dituzte zaindu euskaldunak Faktorian, euskara eraldatzailera erakarriz, erdaldunak. “Orain arteko gure esperientzia txikiak eta pauso herabeek ere hori erakusten digute; elikadura burujabetza eta agroekologia, feminismoa zein hezkuntza eraldatzailea sustatzeko ahaleginean tresnak mahai-gaineratu ditugun heinean, bazterreko borroka horiek guztiak euskarara erakarri ditugu, euskalduntzen ikusi ditugu, gurera gerturatzen, gu ere eurenera gerturatu garen heinean”. Bide hori urratzen jarraitu nahi dute.

KANTINAk taberna, txoko edo sukalde erabilera izango du, unean uneko jardueraren arabera. Argazkia: Dani Blanco.

 

Hasiera besterik ez

Kontzertua amaituta, bazkaltzeko ordua. Gozatu ditugu lehengai “tokiko edo ekologiko”-ekin prestatutako mokaduak. Kafe garaian hurbildu zaigu Garaio berriz ere. “Zerutik gertu ez da ondo egoten” abestu du amaiera aldera Ruperrek, “hemen egon nahi dut, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez”, eta Garaio ahuleziez eta erronkez hizketan entzutean batek pentsatzen du amestu bai, baina ez direla ameskerietan eta autokonplazentzian erosotzen faktoriatarrak. “Ez dugu Faktoria proiektu klasista bat izatea nahi [bazkide izateko urtean 66 euro edo hilabetean 11 ordaindu behar dira, esaterako], inklusioa da orain erronka nagusietako bat, eta beste bat nola landu hizkuntza migratzaileekin“. Korapilo deskorapilatzen zailak; badute kezka eta ari dira buruari eragiten. Horrekin, eta beste hamaika konturekin: nola erakarri Faktoriara proiektuak dituzten pertsonak eta kolektiboak, militantzia ereduaz hausnartu, Aiaraldea 2025 gogoeta estrategikoari ekin… Arriskurik badute bidean, baina goroldiorik itsastea ez dago horien artean. “Jendea etortzen zaigu azkenaldian, ‘lortu duzue!‘. Lortu? Orain hasiko gara eta!”.