argia.eus
INPRIMATU
Kolera izurria mapekin gelditu zuen aitzindaria
  • Londres, 1848. Kolera izurria zabaldu zen hirian, eta medikuak bi bandotan zatituta zeuden gaixotasun horren eta beste batzuen jatorria zela eta.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko maiatzaren 20a
John Snow epidemiologo aitzindaria, atzean Londresko Soho auzoko mapa duela. XIX. mendearen erdialdean, mapak erabiliz kolera izurriei aurre egitea lortu zuen.
John Snow epidemiologo aitzindaria, atzean Londresko Soho auzoko mapa duela. XIX. mendearen erdialdean, mapak erabiliz kolera izurriei aurre egitea lortu zuen.

Mediku gehienak teoria miasmatikoaren aldekoak ziren oraindik. Antzinarotik zetorren teoria horren arabera, miasmek –miasma grezieraz kutsadura da– eragiten zituzten zenbait gaixotasun, hau da, lur eta ur zikinen jario kirasdunek. Beste batzuk, ordea, Louis Pasteurren teoria mikrobiano berriaren alde egiten hasi ziren. Azken horien artean zen John Snow (1813-1858). Nekazari familia baten baitan jaioa, gaztetan Killingswortheko ikatz meatzarien artean zabaldu zen kolera izurri latzaren lekuko izan zen, eta horrek bultzatu zuen gaixotasunaren aurka borrokatzera eta, horretarako, medikuntza ikastera.

1848ko kolera agerraldi hartan metodo berritzailea erabili zuen Snowek. Ez zen etxez etxe gaixoak bisitatzen ibili; kasuak mapa batean kokatu zituen eta ondorioztatu zuen ur-ponpa publiko nahiz pribatuen inguruan pilatzen zirela gaixo eta hildako gehienak. Lehen aldia zen epidemia bat aztertzeko metodo geografikoa erabiltzen zela. Hurrengo urtean London Epidemiological Society aitzindaria fundatu zuen beste mediku batzuekin batera.

1854an, beste kolera agerraldi batek ikerketarekin jarraitzeko aukera eman zion. Soho auzoan, Broad Street inguruko kilometro erdi eskaseko diametroan, 700dik gora hildako eragin zituen aste bakarrean. Sohoko mapa bat hartu eta, auzoko parrokoaren laguntzaz nahiz Middlesex ospitaleko artxiboa begiratuta, irailean izandako hildako guztiak kokatu zituen bertan. Mapako puntutxo guztien epizentroa eta, beraz, agerraldiaren jatorria Broad Streeteko ponpa publikoa zela ikusi zuen. Agintariek ponpa itxi zezaten lortu zuen eta izurria berehala gelditu zen.

Handik urte batzuetara Londresko Osasun Kontseiluko kideek erabaki zuten berriro ere teoria miasmatikoan sinesten zutela, ez zeudelako Sohoko ur-hornikuntza bermatzeko inbertsioak egiteko prest. Broad Streeteko ponpa berriro erabilgarri jarri zuten, eta kolera sekula baino bortitzago itzuli zen Sohora. Ordurako John Snow hilda egon arren, kolerak eragin zituen ehunka eta ehunka hildakoek arrazoia eman zioten.