argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Begiak
Aritz Galarraga 2021eko maiatzaren 18a

Azken egunetan nabaritu dut hazkunde bat, bere osasun arazoak esplikatzen dizkidan jendearena –ez da kexa; kontrara, gustuko dut erabilgarri izatea–. Agian izango da nik ere esplikatu ditudalako nire osasun arazoak –arazo arin, aldi baterako, zorionez osatuak– liburu autobiografiko batean –eta honaino zutabe hauetako propaganda tartea–. Adibidez, begietakoak: lagun batek esan dit, kontxo, kataratak operatuko dizkiotela. Eta, 2x1, miopia ere zuzenduko diotela. Miopea bainaiz –ez betidanik; eta ez dut haur-nerabezaro traumatikorik bizi behar izan, ez behintzat betaurrekoak eramateagatik–, inoiz edo behin otu zait operatzea. Ez dut sekula gauzatu, sinetsita bainago erakargarriagoa naizela betaurrekoekin, edo ez hain itsusia behintzat.

Lagunaren aitorpenak kezkatuta utzi nau, ordea, gazteegia baita halako eritasun bat izateko. Eta gogoratu naiz, hain justu, horixe bera esan zidala begietako medikuak, gazteegia nintzela, dispertsio pigmentarioa diagnostikatu zidanean. Dispertsio pigmentarioa, izen zinez ederra, glaukoma batean buka dezakeela kontuan hartzen ez badugu. Eta glaukomak itsutasunean. Gehitu horri euli hegalariak, ikusmen eremua gurutzatzen duten orban beltz ñimiñoak. W.B. Sebald irakurri bitartean ikasi nuen zer ziren. Egun batetik bestera hasi zitzaizkidan agertzen begietan. Total, berrogeitaka urterekin itsu gera nintekeela esan zidala begietako medikuak. Ikusiko dugu.

Eta ez dut sinesten patuan, kuak. Baina egia da beti izan diodala izua itsu geratzeari, begietako arazoak hasi baino askoz lehenagotik. Behatzaile izan naizelako, segur aski –voyeur izan gabe, noski–. Eta begiak oso garrantzitsuak direlako literaturan: Biblian bertan mila bat aldiz agertzen dira. Baina, batez ere, eta audio-liburuak existitzen diren arren, irratiko foilletoiak, braillea bera, ez diodalako uko egin nahi sekula plazer maiteenetako bat den, ez bada maiteena, irakurketari.