argia.eus
INPRIMATU
Califato 3/4: Andaluçía e una potençia ehtraterrehtre
Xalba Ramirez @xalbaram 2021eko maiatzaren 20a
La contraçeña | Califato 3/4 | Breaking Bass Records.

Folklore futurista egiten dutela esan dute nonbaiten. Jungle, drum n bass, break beat, hip-hop, dom-bap eta nahi diren elektronika estiloak nahasten dituzte kopla, seguidilla, erromantze judeokristau eta andaluziar tradizio(et)an topatuko ditugun musikekin. Izan ere, euren manifestuan aldarrikatu bezala, (talderik ez manifestu gabe!), Andaluziaren historiatik ezabatu diren ijito, moro eta beltzak bertara ekarri nahi dituzte, berezkoak dituzten 3/4, 6/8 eta 12/8 konpasen sormena garatuz.

Califato tres por cuatro. Errima eta erritmo andaluziarra, Al-Andalusen garai loriatsuak eta jendearekin eta jendeaz barre egiteko gogoa nahasten ditu proiektuak izenetik. Zuzeneko bideoak ikusi besterik ez dago, jakiteko katxondeo dosi itzela duela proiektu interesgarri horrek.

Camarón de la Islaren La leyenda del tiempo-n bezala, udako egonaldi musikal batean sortu zen taldearen kimua izango zen L’ambôccá (2018) EP-a. Ondoren etorriko zen lehen lan luze zoragarria: Puerta de la Cânne (2019). Orain Andaluziaren egunean kaleratu duten La Contraçeña (2020, Breaking Bass Records) etorri da.

Indios der çur-ekin hasten da hirugarren lan hau, deklarazio printzipio moduan. Te quiero y lo çabe kanta udako txiringitoetarako aproposena da. Western ukitua duen kopla da Çambra der Huebê Çanto Mad Max eta Brianen Bizitza estiloko bideokliparekin: “Mi madre está to´ el día rezando / ella es cristiana, mora y judía / su nombre es Andalucía”.

Herri kulturaren sustraiak arakatzetik dator lan hau, baina puritanismotik eta zuzentasunetik oso urrun. Hain zuzen, hori da tradizioetara gerturatzeko manera bakarra: orduan ziren pasio eta molde berak erabiltzea gaur eta hemen; eta ulertu eta errespetatzeaz harago, moldatzea, apurtzea eta berriz irudikatzea. Bide hori egiten ari dira Califatokoez gain, Dellafuente, Queralt Lahoz edo Taifa Yallah, adibidez.

Rave eta Sound System kulturak ematen duen txoro haizearekin, surrealismo puntu batekin eta herri kulturarekiko miresmen eta loturarekin iruditeria berriak sortu dituzte Andaluzian. Egungo moldeak irauli dituzte, musika talde batek marketin eta karrera baino zerbait gehiago eskaini diezaion orainari. Andaluzia potentzia estralurtar gisa aldarrikatu da, euskalduntasun martzianoa antolatuko al dugu?