Fenomeno bitxia da arrazoia galtzearena. Hainbat aditz erabili daitezke: galdu, ez izan, eman… Lapurtu gustatzen zait niri, arrazoia lapurtu zidaten. Zuzenagoa da, eufemismorik gabekoa; arrazoia ez baita berez galtzen norabiderik gabe. Norbaitek, zerbaitek kentzen dizu. Subjektu argi bat dauka ekintzak. Fenomeno bitxia da beraz, arrazoia lapurtzearena.
"Arrazoiaren oinarriak eraitsi egiten dira; eraitsi egiten naiz. Dolua hasi behar dut orduan, lapurtu didatenaren galera onartzeko prozesua"
Gogoratzen dut nire ikasle garaietan, orain lagun mina dudan ikaskide batekin paper baten apuntatzen genituela elkarri lapurtutako arrazoiak. Bat eta huts, bana, bi eta bat, hiru-hiru. Izenaren ondoan, arkatzez margotutako marratxoez idazten genituen garaipenak, arrazoia golen eta saskiratzeen pare, nork bere defendatu beharreko eremuan huts ez egiteko partida bat bailitzan. Arrazoia lapurtzen dizutenean dolu bat pasa behar da, asimilazio prozesu bat. Nik pasa behar izaten dut, behintzat. “Dolu” hitzak gehiegizkoa dirudi, baina hala da. Ordu arte jakintza iturri desberdinetatik elikatu duzulako zure iritzia; izan gaztetxeko bileretatik, etxekoekin izandako eztabaidetatik, Durangoko Azokan erosi zenituen intelektualen liburuetatik, ikastetxeko ikasgai batean atera zenuen hamar hartatik, zure erreferenteak behin esan zuen horretatik… Arrazoiaren zilegitasunak pilatzen dituzu barnean. Adreiluz adreilu, ideia denak josten dituzu, eta zure identitatea gorpuztuko duen premisa multzo bat gordetzen duzu barruan. Hibernatzen uzten dituzu, eta etorriko diren eztabaidetan aurretiaz josi eta eraiki duzun dena kanporatzen duzu. Zenbat eta gehiago eraiki, arrazoia orduan eta hurbilago.
Baina barruko horrek krak egiten dit arrazoia lapurtzen didatenean. Segundo gutxi batzuetan Richter eskalako 7,5eko lurrikara bat sentitzen dut sabelean, eta hibernazioan zeuden ideia denak, adreiluz adreilu eraikitako argumentu guztiak arrakalatu egiten zaizkit. Gora doaz pitzadurak, balantzaka hasten zaizkit zutabeak, eta ez zaizkit ia zutik mantentzen. Kontziente naiz: sistemak baino arrakala gehiago ditut momentu honetan. Arrazoiaren oinarriak eraitsi egiten dira; eraitsi egiten naiz. Dolua hasi behar dut orduan, lapurtu didatenaren galera onartzeko prozesua.
Ez du zertan, baina askotan gogorra izaten da. Barrenean deseraiki zaidanetik hasiko naiz orain eraikitzen. Eta galera bati esker irabazi dezakedanaren paradoxan, pentsatzen jarri naiz, ea ez ote naizen bilakatzen naizena baino apur bat aberatsago arrazoia lapurtzen didaten aldiro.