argia.eus
INPRIMATU
Suedia da benetako Suitza?
  • Hastings (Ingalaterra) 1949ko irailaren 1a. Ritz Cinema aretoan The Third Man (Hirugarren gizona) estreinatu zen, Carol Reed-ek zuzendua eta Graham Green idazlearen gidoia oinarri.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko maiatzaren 13a
Suitza neutraltasunaren eredutzat daukagu, besteak beste, the third man filmeko eszena honek agerian uzten duen moduan. (argazkia: London Films)
Suitza neutraltasunaren eredutzat daukagu, besteak beste, the third man filmeko eszena honek agerian uzten duen moduan. (argazkia: London Films)

Filmeko eszena ezagunenetakoan, Orson Wellesek jokatutako Harry Lime pertsonaiak hauxe dio: “Badakizu beste hark esan zuena: Italian, Borgiatarren nagusitasunak iraun zuen 30 urteetan gerrak, sarraskiak, hilketak… izan ziren, baina baita Michelangelo, Leonardo eta Errenazimentua ere. Suitzan, ordea, maitasuna, demokrazia eta bakea izan dute 500 urtez. Eta zein da emaitza? Kuku-erlojua!”.

Hitzok ez daude Greenen gidoian; Orson Wellesek inprobisatu behar izan zituen, eszenaren denboretara doitzeko betelan gisa. Wellesek berak esan zuen hungariar antzezlan zahar batetik hartu zituela, baina James Abbott McNeill Whistler margolaria edota Geoffrey Household idazlea jotzen dira iturri posibletzat.

Esaldi horretan bi akats historiko daude: batetik, kuku-erlojua ez zuten suitzarrek asmatu, alemaniarrek baizik; bestetik, filma estreinatu zenean, mendea pasatxo besterik ez zen Suitzak nazioarteko gatazketan ofizialki parte hartzeari utzi zionetik. Baina, okerrak oker, edozein motatako gatazketan, Suitza neutraltasunaren sinonimotzat dugu.

2021etik atzera abiatuta, zehazki 206 urte dira Suitza beste herrialde baten aurka gerran ez dagoela. Napoleondar Gerretan parte hartu zuen Alpeetako estatuak eta, beraz, 1815eko Vienako Batzarrean utzi zion ofizialki nazioarteko gatazkatan parte hartzeari.  Suediak, ordea, urte bat gehiago darama “bakean”; Vienako Batzarra abiatu baino bizpahiru hilabete lehenago, 1814ko abuztuaren 14an bake ituna sinatuta amaitu zen Suedia eta Norvegiaren arteko gerra. Beraz, hilabete batzurengatik, benetako Suitza Suedia dela esan daiteke.

Edo benetako Suitzarik ez dagoela. 200 urtetan bi estatuek beste estatu bati ofizialki gerra deklaratu ez arren, Suitzak, besteak beste, hiru asteko gerra zibila izan zuen 1847ko azaroan, eta Suediako armadako hainbat soldaduk alemaniarrekin batera egin zuten borroka Bigarren Mundu Gerran.