argia.eus
INPRIMATU
Balea baten sabelean
  • Selma Huxley (1927-2020) historialari eta ikerlari kanadiarra zen. Lagun bati lehenbizikoz entzun zionetik Euskal Herriak Ternuarekin mendeetan ozeanoz haraindiko harremana izan zuela, bere ikerketak bestelako norantza hartu zuen: XVI. eta XVII. mendeko euskal baleontziak jarri zituen miran. Ottawa utzi eta bere lau seme-alabekin Oñatira lekualdatu zen, eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egon zen bi hamarkadaz ikertzen. Artxiboan pasatako ordu luzeak eta emakume haren nekaezintasunak ahalbidetu zuten, besteak beste, Pasaiako San Juan baleontziaren aurkikuntza Red Bayn 1977. urtean, egun Albaola Itsas Kultur Faktorian eraikitzen ari diren baleontziaren aurretikoa. Katinka Bock artistak gertakari horren berri izan zuenean, bazekien Artiumeko erakusketarako istorio zoragarri horrekin loturiko zerbait egin nahi zuela. Horrela jaio da Logbook (Nabigazio-egunkaria) erakusketa.

Jone Alaitz Uriarte 2021eko maiatzaren 12a
Argazkia: rdhierro
Argazkia: rdhierro

Katinka Bock (Frankfurt am Main, 1976) eskultorea da eta lan egiten duen inguru geografikori eta testuinguruari gertutik begira sortzen ditu bere lanak. Lanean ari den lekuaren arkitektura, hirigintza, gizartea, klima edota ingurumena oso kontutan hartzen ditu, eta horrenbestez, tokian-tokiko proiektuak garatzen ditu. Sortzen dituen eskulturak –egurrezkoak, kobrezkoak, zeramikazkoak, buztinezkoak, altzairuzkoak– era berezian aurkezten ditu espazioan, display zaindu eta sotilen bitartez. Kanpoaldea eta barrualdea, naturala eta artifiziala, efimeroa eta betierekoa izan litezkeen muturreko horiek nahasten, gainjartzen eta tenkatzen ditu modu trebean. Eskulturaren eta espazioaren artean topaguneak sortzen ditu, hauek lotzen eta erakartzen dituen hari finak ehunduz.

Gasteizen duen erakusketa prestatzeko, Bockek hainbat bidai egin zituen Euskal Herrira eta Artium museora. Erakusketa aretoa behin eta berriz ikusi, espazioak izan zitzakeen aukera askotarikoak aztertu eta museoaren inguruak ezagutu nahi zituen bere lanek inguruarekin nolabaiteko inbrikatzea izan zezaten. Bidai horietako batean, Gasteiz utzi eta artista gazte talde batekin batera Pasai San Pedroko Albaolako faktoria ezagutu zuen. San Juan baleontzia nola eraikitzen ari ziren ikusteak harritu egin zuen; garaiko materialak eta tresnak erabiliz modu artisauan eraikitzen ari dira ontzia. Barkua egiteko erabiltzen dituzten egur oholetan jarri zuen atentzioa, haritz-egur zati luzez barkuaren gila, masta eta saihetsak egiteko erabiltzen dituzten oholak.

Hori ikusi eta gero, eta Selma Huxleyren berri izan ondoren, erakusketa aretoa eta Albaolan ezagututakoa erlazionatu nahi izan zituen. Baleontziak eraikitzeko erabiltzen ziren egur-ohol luzeetako batek erakusketa aretoa alderik alde zeharkatu zezakeela pentsatu zuen. Bestalde, Gasteizera kostaldeko izpi batzuk eramateko aitzakia gisa funtzionatzen zuen. Horrela, Albaolako arotzen laguntzarekin, zortzi metro luze zuen egur-ohol kurbatua landu eta erakusketarako prestatu zuen. Egur piezak aretoan sortzen duen efektua ikaragarria da, egur zatiaren kurbadura sinpleak aretoaren forma zurruna nolabait puskatzen duelako eta kanpoko elementu horrek (ozeanoa, baleontzia, baleen ehiza) barruan duen irakurketa oso bestelakoa delako. Segment with Unknown Radius (Segmentua erradio ezezagunarekin) titulua jarri dio lurrazpian dagoen erakusketa aretoari barku baten bodegaren eta bale baten forma ematen dion obrari.

Hala eta guztiz ere, hura ez da Artiumeko aretoko arkitekturan egin duen esku-hartze bakarra: Confusions Possibles (Nahaste posibleak) obrarekin, irekidurak egin ditu aretoko horma faltsuetan, pladur zatiak kendu eta barne egitura azaleratuz. Balea forma duen barkuak bezalaxe, hemen ere agerian geratu dira hormen barneko egurrezko-saihetsak. Halaber, lehen itxiturak zituzten leiho borobilak ireki egin dira erakusketa honekin kointzidituz, eta kanpotik argia dakarkiguten leiho borobilek, are eta gehiago areagotzen dute barku baten barruan gaudela pentsarazten duen gogo-aldartea. Gutxinaka, oso keinu sinpleekin, artistak erakusketa aretoa bere egin du.

Argazkia: rdhierro

Aretoan, bata bestetik banatu samar, Bockek azken bost urteetan egin dituen lanak ikusi ditzakegu, esaterako One to Eight of Eight (Batetik zortzira, zortizitik zortzi) instalazio eskultorikoa. Zortzi piezez osaturiko lan multzoa da, eta zortzi astoren gainean, brontzez egindako orrazi erdia, zapata bat, koilara bat edo arrain bat aurkitu dugu, dotore aurkeztuta, desfile bateko piezak bailiran. Itsas hondoan edo bale baten sabelean aurkitu genitzakeen objektuak izan zitezkeen, garai bateko tresnen bilduma. Interesgarria da material ezberdinekin nola lan egiten duen ikustea, batez ere gure ibilbidearen erdian ezohiko materialekin –zeramika eta egurra– bat egiten duten xurgatzailea edo erradiadorea aurkitzen ditugunean.

2019. urtean Bockek bakarkako erakusketa bat egin zuen São Pauloko Pivô arte zentroan. Aitortu beharra daukat toki gutxi ezagutu ditudala hau bezain bereziak iruditu zaizkidanak. Oscar Nienmeyer arkitektoak 60ko hamarkadan eraiki zuen Copan eraikin izugarriaren (6 bloke, 37 solairu, 1.160 apartamentu, 72 denda, eta eliza bat ditu bere baitan) baxuan kokatzen da arte-ikerketarako eta -erakusketarako espazioa. Avalanche (Elur-jausi) erakusketarako, Bockek eraikina bera eta inguruak miatu eta aztertu zituen lehenengo, bere lan-metodologian ohikoa den bezala. Ikuskatze horietatik sortu zitzaion ideia: hilabetez 20 metro koadroko oihal urdin bat zintzilikatu zuen Copan eraikinetik. Klimak eta meteorologiak bere lana egin zuten eta handik denbora batera oihala batu, zati txikitan moztu eta erakusketara batu zituen. Proiektu horretarako sortu zituen landarez eta zementuz osatutako eskulturak ura jaso zezaten, ureztatze-sistema propioa eraiki zuen: eraikinaren kanpoaldean euria jasoko zuen ontzi bat sortu eta kanaleta-, hodi- eta ontzi-sistema baten bitartez, landareetaraino heltzen zen ureztatzea proposatu zuen.   

Bazterretan, izkinetan, zirrikituetan, hutsuneetan eta toki susmagaitzenetan ondo erreparatu beharreko proposamenak planteatzen ditu Katinka Bockek. Artiumeko erakusketan gora begiratzen duen bisitariak aurkituko du dena zaintzen duen Selma Huxleyren zeramikazko bustoa. Izan ere, nabigazio-egunkari hau, berarekin hasi eta bukatzen den bidai bat da.