Ez, teknologia berriek ez dute ikasketa prozesua hobetzen, are gehiago, okertu ere egin dezakete, hala diote jasotako azterketa eta esperientzia ugarik. Berrikuntzak liluratuta teknologiak pedagogia irauliko duela saltzen dutenen aurrean, teknologiarekiko espiritu kritikoa sustatzea eta teknologia zentzuz erabiltzea da Pablo Garaizar irakasle eta gaian adituak zabaldu nahi duen mezua.
Sarri, teknologia iristen da arlo batera eta goitik beherako eraldaketa eragiten du, eta jende batek uste du hezkuntzan hori gertatuko dela: bertan dagoen errealitatea apurtuko duela, beste zerbait berria sortzeko”. Berba horiekin abiatu du Pablo Garaizarrek bere hitzaldia. Teknologiako irakaslea da Deustun eta Hezkuntzaren Probak kongresuan izan duen parte-hartzea ekarri dugu hona. Galdera potoloari erantzuten saiatu da: teknologia benetan ari al da hezkuntza iraultzen?
Online ikastaroak, Googlek eta Microsoftek eskoletarako ateratako paketeak, errealitate –laborategi– birtualak, ikasketa pertsonalizatua lortzeko adimen artifiziala hezkuntza munduko datu masiboekin uztartzeko aukera, 3D inprimagailuak, droneak, robotak… Aurrerapen teknologikoei esker irakaskuntzan gauza berri asko egin daitekeela sinetsita dago jendea, baina teknologia benetan iraultzen ari al da hezkuntza? “Droneak ikasgelan erabiltzen dituen irakasleari galdetzen badiozu ziurrenik baietz esango dizu, baina ebidentzia aztertzen badugu, erantzuna bestelakoa da: ez hainbeste”, dio Garaizarrek.
Irakurtzeko, papera ala pantaila?
Ebidentzia hori ikerketa ugaritan oinarritzen du irakasleak. Esaterako, paperean edo pantailan irakurtzearen arteko aldea aztertzen duten analisiak hartu ditu hizpide. Azken hamar urteotan egin diren azterketa guztien arabera, papera da “garaile”. Eta bitxia da: hamar urte hauetan handitzen joan da aldea, paperaren mesedetan. Alegia, natibo digitalak gero eta gehiago diren arren, paperean irakurtzea hobea izaten jarraitzen du, pantailarekiko gero eta alde handiagoarekin. “Pantaila digitalean irakurtzen dugunean, gailu batekin ari gara eta normalean gailu horrek beste gauza askorako ere balio du; ‘gauza asko’ horiek irakurketa oztopatzen dute, edo tartean sartzen dira”, azaldu du Garaizarrek. Harritu gaitzakeen beste datu bat: denbora gutxi dugunean, presa dugunean, ikerketek diote askoz hobeto egiten dugula irakurketa paperean, pantailan baino. Eta testu informatiboak ere askoz hobeto irakurtzen ditugu paperean –adibidez, argibide eta gidaliburuak–. Testu narratiboetan, non zehaztasunak ez diren hain garrantzitsuak, antzera irakurtzen dugu batean zein bestean.
Zenbat eta teknologia gutxiago, orduan eta hobeto egiten dira matematikako ariketak eta orduan eta hobeto garatzen da pentsamendu abstraktua
Online denbora eta maila sozioekonomikoa
Students, Computers and Learning. Making the Connection (OECD, 2015) ikerketak lotzen ditu PISA etsamina, ikasleen etxeetan eta ikasgeletan dagoen teknologia, eta online igarotzen duten denbora. Eta bete-betean agertzen da beste faktore bat: ikasle horien errealitate sozioekonomikoa. “Maila sozioekonomikoak asko baldintzatzen du ikaslearen hezkuntza ibilbidea, eta batzuetan saltzen digute metodologia berri baten arrakasta, baina beharbada arrakasta ez da metodologia horregatik, baizik eta profil jakin bat duen ikastetxean egin dutelako ekimena (maila sozioekonomiko altuko ikasledun ikastetxean, ratio txikiko gelak dituena…). Bada, berdin online denborarekin: ezin da neurtu besterik gabe pantailari begira zenbat denbora pasatzen duen ikasleak, baizik eta pantailari begira ari denean zertan igarotzen duen denbora ikasleak. Eta ikerketen arabera, maila sozioekonomiko altuagoa edo baxuagoa izan, gauza ezberdinetarako erabili ohi dituzte pantailak”, kontatu du irakasleak.
Baina maila sozioekonomiko bera izanik ere, merezi du teknologian inbertitzeak, hezkuntza hobetzeko? “Txostenean jasotzen dituzten azterketa guztien arabera, teknologia pixka bat ona da, baina teknologia askok ez du laguntzen, are gehiago, egoera okertu dezake batzuetan”. Txosteneko grafikoetan zubiaren irudia ohikoa dela azaldu du Garaizarrek: teknologian inbertitzen hasi eta hobetu egiten dira emaitzak, baina zenbat eta gehiago inbertitu, okerrera egiten du ikasleen errendimenduak.
Txosteneko ikerketek, azkenik, matematiken arloa ere hartzen dute kontuan. Eta ondorioa da matematikak ere hobeto egiten direla paperan: zenbat eta teknologia gutxiago, orduan eta hobeto egiten dira matematikako ariketak eta orduan eta hobeto garatzen da pentsamendu abstraktua. Kasu honetan, adibide pertsonal bati heldu dio hizlariak: “Unibertsitatean Kalkulua ematen duen lagun irakasleak esan ohi dit belaunaldi berriak ez direla gai orri ugariko eta 20-30 minutu baino gehiagoko garapena behar duten ariketetan kontzentratzeko. Oso onak direla erantzun anitzeko testak egiten, baina eseri eta koherentzia duen garapena egitea kostatzen zaiela eta teknologia ez dela laguntzen ari”.
"Pedagogiak sarri duen akatsa da argirik distiratsuena gustatzen zaigula, baina berehala jarriko digute argi distiratsuagoa aurrean, eta azkenean ez gara ezertan zentratzen"
Teknologia berriak eskolan sartu direlarik, zer gertatu da?
Google, Microsoft eta Applek hezkuntza mundurako eskaintza ugari dute eta Chromebookak, iPadak eta eskolan lantzeko paketeak famatu dituzte. Baina programa horiek oro har ez dute emaitza onik eman, eta hori frogatzeko ikerketa gehiago jarri ditu mahai gainean Garaizarrek. Espainiako Estatuko Eskola 2.0 programaren inpaktua aztertzen duen lanaren arabera, tablet eta ordenagailu eramangarriek efektu negatiboa izan zuten matematiketan. Teknologia berrien erabilera moderatua positiboa izan zen –baina adi, ikerketaren egileentzat erabilera moderatua da hilean behin edo bitan erabiltzea–, eta hortik aurrera ez zitzaion efektu positiborik aurkitu. Nazioarteko antzeko programak aztergai, beste lan batek dio Uruguaiko programak (Ceibal Planak) ez zuela efektu positiborik izan ez matematiketan, ez irakurketan. Txinan (One Laptop Per Child OLPC programan) efektu positibo bitxiak antzeman zituzten: ikasleek telebista gutxiago ikusten zutela, autoestimu hobea zutela eta ordenagailua erabiltzen trebatu zirela. Ekuadorren (OLPC programa baita ere), matematiketan zertxobait hobetu zuten, ez irakurketan; eta Kolonbian (OLPC) ez zen inongo konpetentzietan hobetu. Katalunian (EduCat programa) ikusi zuten efektu negatiboa izan zuela egitasmoak ikasleengan: programan sartu ziren ikastetxeen emaitzak okerragoak izan ziren, sartu ez ziren ikastetxeen emaitzekin alderatuta, eta ikerketak kontuan hartu zituen gainerako parametro guztiak –alegia, ondorio hori ez dela okerren zeuden ikastetxeak sartu zirelako programan–. Katalunian, gainera, beste ondorio adierazgarri bat antzeman zuten: teknologia sartzearen ondorio negatiboek inpaktu handiagoa izan zuten mutilengan, neskengan baino. “Nolabait esateko, mutilek errazago galdu zuten arreta, eta hainbat kasutan aldea handia izan zen”.
Eskolan agindutako lanak egiteko teknologia etxera eramatea ere ez da lagungarria, Pablo Garaizarren esanetan. Beste hiru ikerketa aipatu ditu hori argudiatzeko, Errumanian, Perun eta Kalifornian eginak.
Eta telefono mugikorrari ere eskaini dio tartea irakasleak: hainbat azterketaren arabera, mugikorraren erabilera lotuta dago nerabeen errendimendu kognitiboaren galerarekin. Mugikorra eta errendimendu akademikoaren galera kausa-ondorio gisa frogatzen duen azterketarik ez dago oraindik, baina bien artean lotura oso handia dagoela antzeman da.
Onena, azken aurreko moda jarraitzea
Hala ere, hezkuntzarentzat teknologia oso onuragarria dela uste dutenak ez dira gutxi, eta ikerketetako emaitza txarrak justifikatzeko argudioak eskura izaten dituzte: irakasle asko oraindik ez dagoela behar bezala prestatuta, materialak ez daudela egokituta, teknologiari esker hobetzen dena neurtzeko test estandarizaturik oraindik ez dagoela…
“Ni Teknologiako irakaslea naiz eta teknologia izugarri gustatzen zait –dio Pablo Garaizarrek–, baina ez dut uste klasean teknologia-palakadak botatzea soluzioa denik, irakasleak formatuta egonda ere. Irakasleei gomendatu ohi diet: ‘Azken modan egon beharrean, egon zaitezte azken aurrekoan’, zeren punta-puntan dagoena ikasgelara eramatea da oraindik testeatu gabe dagoen horrekin borrokan ibiltzea etengabe, eta azken aurrekoari kasu egiteak esan nahi du teknologia aintzat hartzea eta baliatzea, ez mespretxatzea, baina ateratzen duten gauza berri bakoitzarekin flipatu gabe. Pedagogiak sarri akats hori baitauka: argiak ikusten joaten gara eta argirik distiratsuena gustatzen zaigu, baina berehala jarriko digute argi distiratsuagoa aurrean, eta azkenean ez gara ezertan zentratzen”.
"Ikastetxe kontzertatuetan maiz gertatzen da guraso askok teknologia sartzea nahi duela, eta bezeroak beti arrazoia duenez, presioa dago teknologia txertatu dezaten eskolako jardunean"
Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa
Orduan, zergatik dago hainbeste jende ikasgelan teknologia sartzeko bultza eta bultza? Garbi du Garaizarrek: etekin ekonomiko handiak eman ditzakeen sektorea delako. “Enpresa teknologikoak ez dira zuzenean joaten ikastetxeetara, irakasleak bidaltzen dituzte, eta irakasle hauek behin eta berriz errepikatzen dute irakasleak direla, baina funtsean teknologiaren bat saltzera datozen komertzialak dira. Bestalde, ikastetxe kontzertatuetan maiz gertatzen da guraso askok teknologia sartzea nahi duela, eta bezeroak beti arrazoia duenez, presioa dago teknologia txertatu dezaten eskolako jardunean”.
Saio amaieran, irakasleak berriro ere nabarmendu nahi izan du teknologia maite duela. “Ez nago teknologiaren kontra eta teknologia ikasi behar dela uste dut, baina ahaztu gabe espiritu kritikoa izan behar dugula arlo honetan ere, eta potentzialki ondorio oso kaltegarriak izan ditzakeela, buruarekin erabiliz gero potentzialki onuragarria izan daitekeen gisan”.
Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiak plazaratu dituen datuetatik abiatuta, gazteek gailu eta plataforma digitalengandik jasotzen dituzten balore eta mundu-ikuskerari buruz hitz egin digute, besteak beste, hainbat adituk.
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Irakasleei oinarrizko yoga formazioa eman, gero gelan ikasleekin aplikatu dezaten, horretan dihardu Maite Eizmendik. Ikasle-irakasleak "lo" iritsi direla eskolara? Jolas-orduaren ostean ezin kontzentratuta daudela? Presio akademikoak itota dituela? Aktibatzeko,... [+]
"Alternatiba sozialista indartzera bidean" GKSk eta IAk eztabaidarako, hausnarketarako eta aldarrikapenerako espazioak antolatzeko beharra azpimarratu dute, eta horren baitan antolatu dute Gazte Topagune Sozialista. Ostegunetik hasita igandera arte izango da Altsasun.
Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]
Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten.
Astearteko manifestazioa bukatuta aldarrikapenak Parlamentu aurrera eraman dituzte. Zenbait bide moztu dituzte eta tentsio uneak izan dira Espainiako Poliziarekin.
Astelehen gauean su hartu du Donamartiriko (Nafarroa Beherea) ikastolako eraikin batek. Ez da zauriturik izan, baina kalte material handia eragin du suteak.
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin,... [+]
EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko ikastetxeetako ordenagailuetan software libreko sistema eragileen (GNU/Linux) ezarpena ere bermatzea eskatuz. Aurrera atera den EAJ-ren eta PSE-EE-ren osoko zuzenketan ez da jasotzen... [+]
Bertsolarien kasua da agerikoena: euskaraz eta erdaraz egiten duten hedabideetan, euskarazko bertsioan soilik dira ezagutarazten. Horrez gain, bistaratu da beste titular interesgarri hau ere: Euskal Herriko 11 hedabideren 2023ko lana aztertuta, Euskal Herrikoa ez den kanpoko... [+]
Lagun batek azaldu dit zein garrantzitsua den jolasa ikaskuntzan. Jolastuz gauza asko ikas daitezkeela jakin badakit, ugaztunen dokumentalak ikusi besterik ez dago. Badaude jolas hezitzaileak eta jostailu didaktikoak (gerra-jostailuak eta jostailu sexistak barne, nahiz eta sarri... [+]
Hezkuntza Departamentuarekin bilera izan ostean, sindikatuek urriaren amaierako grebari eustea erabaki dute, ez baitaude ados egindako proposamenarekin. Grebalarien ustez eskainitako neurriak ez dira nahikoak, eta ez diete modu eraginkorrean heltzen euren eskakizunei.