argia.eus
INPRIMATU
Seme sinpatikoak
Edu Zelaieta Anta 2021eko maiatzaren 07a

Aita sinpatikoak izeneko zutabe bat argitaratu zenuen aldizkari honetan bertan, duela ia hamahiru urte. Eta, nolabait, haren segidakoa izan daiteke orain idazten hasi zaren beste hau: Seme sinpatikoak. Oraingoan, arestiko izenburuak agertzen duenez, semearen roletik ari zara, eta, orduko hartan bezala, zenbaitek sinpatikotzat hartu berri zaituzte azkenaldian. Kalean. Paseoan.

"Zail gertatzen da, bai eta antipatiko ere, uko egitea kategoria sozial ezin atseginago bati. Zenbat txalo eta sari, oraindik, gizona izateagatik"

Zure aurrean doa ama, artrosiak bigarrenez erasandako aldaketan ebakuntza egin bitartean, aulki gurpildun batean. Aste gutxi batzuetako kontua izaten ari da aulkiarena: operazio gelan sartu aurretiko proba ohikoak eginak dizkiote dagoeneko. Denbora laburra izanagatik ere, seme onaren opari soziala jasotzeko nahikoa asti egon da. Kontent joaten ahal zara etxera –amarenera ez, zurera– egindako lan apalaren trukean irabazitako ospeagatik. Aisa sartzen da arnasa halakoetan, ongi begiratua denaren biriketako barrunbeetan.

Aita sinpatikoa izan zinen iragan bolada batez, eta seme sinpatikoa omen zara orain. Zail gertatzen da, bai eta antipatiko ere, uko egitea kategoria sozial ezin atseginago bati. Zenbat txalo eta sari, oraindik, gizona izateagatik.