Villabonan Lurgatz talde feministak antolatuta egin zuten Espetxeak apurtu... eta bortxatzaileak? mahai-inguruan Joxemi Zumalabeko kide Ainhoa Narbaizak eta Marta Luxanek kontatu zuten herrietan eraso sexistak lantzeko sortu diren autokudeatutako taldeetako esperientzia.
Joxemi Zumalabeko Ainhoa Narbaizak inplikatzearen garrantzia nabarmendu zuen: “Kultura ez-zigortzailearen norabidean joan edo justizia eredua eraldatu nahi badugu, komunitatea gehiago inplikatu behar da kudeaketan: ezin dugu dena epaiketen edo salaketen esku utzi. Gure inguruan eraso bat gertatzen denean, bustitzea eskatzen du, gehiago inplikatzea eta horretan formatzea. Ez da bide erraza, prozesu oso luzeak izaten dira, energia handia xurgatzen dutenak”.
Marta Luxanek herrietan burutzen ari diren prozesuetatik atera dituzten ondorioak azaldu zituen: “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu erreferente publikoak egotea, mugimendu feminista erdigunean egonda. Hau da, jendeak jakitea nortzuk dauden herriko erasoen kudeaketa taldean, horrela, norekin hitz egin behar duen jakiteko eta zerbait irekia izateko, ez lagunentzat soilik. Garrantzitsua da hasieratik argi geratzea prozesuaren jarraipena nortzuk eta nola egingo duten: protokolorik baldin badago, protokoloan jasotzea zeintzuk diren prozesuak martxan jartzearen arduradunak. Edo protokolorik ezean, argi izatea prozesu horretan komunitate ezberdinetako zein pertsona zehatz ari diren parte hartzen eta bakoitzak zer ardura dituen”.
Narbaizak beste gako hauek gehitu zituen: “Prozesuaren helburu zehatzak argi izatea oso garrantzitsua da. Batzuetan helburua errelato bat eraikitzea da: zer gertatu den denon artean adostea. Beste batzuetan, dauden minak sendatzea. Beste batzuetan, gertatu denarekiko amorrua adieraztea. Beste batzuetan, pertsona batzuen bizitza babestea. Beste batzuetan, babesguneak sortzea, berriz zerbait gertatzen bada herrian erreferentziazko lekuak izateko... Beste gako bat da baliabideak jartzea: askotan behar eta borondate handia dago baina gero praktikan ez dira baliabideak jartzen: lantaldeak, adituak, aurrekontuak, espazio egokiak… prozesu hauetan egoera batzuk kudeatzeko dirua behar da, formaziorako, abokatuak ordaintzeko… herrigintzaren inguruan ari bagara, denbora ere eman behar da gauza hauek lantzeko. Sortzen diren erruak, minak… kudeatzeko ere denbora behar izaten da”.
Herrigintzako protokolo herrikoietan maiz aipatzen da neurri moduan, erasoa egin duen pertsona terapiara joatea edo lanketa bat egitea. Narbaizaren arabera, “esperientziak erakutsi digu nahiko gatazkatsua izan daitekeela, zeren adosten da lanketa egingo duela pertsona horrek baina nolako lanketa? Nork ziurtatzen du lanketa hori ikuspegi kritiko edo feminista batekin eginda dagoela? Batzuetan lanketa oso modu isolatuan egiten da: badakigu pertsona bat ari dela beste batekin zerbait lantzen baina ez dago kontrasterik”. Eta erasoa egin duen pertsonaren ingurua inplikatzea oso garrantzitsua dela erantsi zuen: “Kuadrillari esatea busti behar direla, inplikatu behar direla, eta ardurak hartzea. Bestela zerbait isolatua bezala ikusten da eta ondoren eraldaketari begira ez da emaitzarik lortzen”.
Komunitatearen ardura atera zuen mahai gainera Luxanek: “Erreparazioaz ari garenean, ez gara soilik ari erasoak jaso dituztenei buruz, komunitatearen erreparazioari buruz ere ari gara. Gu ere bagara komunitate horren parte eta komunitateak badauka ardura bat. Zer egin dugu gaizki hau gertatzeko? Zer pauso ez ditugu aurretik eman hau gerta ez zedin?”. Amaitzeko, zera eskatu zuen: “Komunitarioak diren prozesuak ez erromantizatzea. Argi izan behar dugu bidean minak eta arazoak sortuko direla eta garrantzitsua da hasieratik pentsatzea arazo eta min horiek nola kudeatuko ditugun prozesu horretan, nola egingo diegun leku”. Biribiltzeko, prozesu hauek aukera moduan ikusteko gonbidapena luzatu zuen: “Kakazaharra da, oso gauza gatazkatsuak dira, sekulako energia kentzen digute… baina prozesu hauen bitartez eta komunitatearekin lan egiten badugu, prozesua bera eraldaketarako eta prebentziorako bidea bilakatu ahal dugu. Ez dut esaten beti hala gertatzen denik, baina izan liteke. Eta aukera hori ez digu kartzelak eskaintzen”.