Nafarroan jarri zen 1998an Espainiako Estatuko lehen parke eolikoa, Iruñeko hego-mendebaldean dagoen Erreniega mendikatean. Abian zen handik aurrera lehertu arte handituko zen energia berriztagarrien lehen burbuila. Geometrian ezinezkoa bada ere, erpin zorrotz eta kontrajarrien bueltan egituratuta dator burbuila: etorkizunerako ezinbesteko energia, natur guneen txikizioa eta negozioa.
Nafarroan aurkezten ari diren dozenaka proiektu dira horren lekuko.
Atera Iruñetik, Bideko Autobidea hartu eta Erreniega zeharkatzen ari naiz egun eguzkitsu bikainean. Irratiak dio duela 90 urte errepublika aldarrikatu zela Eibarren. Monarkia zaharkituaren eta inposatuaren aurrean, errepublika, herritarren eskubideak babesteko sortu zen erregimen politikoa. Riegoren himnoaren doinuen ferekan iritsi naiz Erreniegako hegoaldean patxada ezin ederragoan zain den Adios herrixkara. COVID-19ko garai ilun hauetako hiritar askoren ametsa dut aurrez aurre.
Ezker eskuin, koltzak eta gariak sasoi honetan horiz eta berdez janzten duten paisaia barreiatzen da. Solaria energia konpainiak lur sail eder horien gainean eraiki nahi du 300 hektareako poligono fotovoltaikoa, hau da, herriaren iparraldera 600 bat futbol zelai dena eguzki plakaz beteta. Bestela esanda, herriaren lur guztien %40 eta ereingarria den %95 plakez estalia. Konpainia honek iragarri du maiatzaren 7an jarriko duela Trillon (Guadalajara, Espainia) Europako parke fotovoltaiko handienaren lehen harria. Zalantza barik, eskubideen balizko errepublika horrek izango luke lanik bertako herritar eta natur guneen defentsan.
Une honetan 62 proiektu eoliko eta fotovoltaiko daude Nafarroako Gobernuan tramitazio prozesuan, horietatik hamahiru alegazio fasean. 35 eolikoak dira eta 27 fotovoltaikoak. Gaur egun, 49 parke fotovoltaiko daude lurraldean, horietatik 30 Erriberan, gehienak 2005 eta 2010 artean eraikiak. Lasterketa ez da berria, beraz, duela ia bi hamarkada hasi zen eta orduko “eguzki ortuak” latifundio bihurtu nahi dituzte. Energia kopuruari dagokionez, guztien artean 142 megawatt-eko (MW) indarra dute, eta 2030erako Nafarroako Gobernuaren energia planak 1.439 MW aurreikusten ditu, hots, gaur egungo eguzki poligonoak bider hamar. Eólica Navarra, Rios Renobables, EDPR, Solaria, Gesnamur, Grupo Ehnol, Syder y Solarig eta ATI Peralta dira proiektuon atzean diren enpresetako batzuk.
Proiektu fotovoltaikoen artean Erreniegako hegoaldekoa da garrantzitsuena. Solariak han eraiki nahi ditu Serena Solar 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 poligonoak, bakoitza 50 MWekoa. Adios, Muruzabal eta Utergari eragingo liekete gehien, 550 hektareako lurrak hartuz. Egiazki, 4,95 MWeko potentziakoak lirateke, 50etik gora pasatuz gero proiektuak Madrilen tramitatu behar baitira eta orduan prozesua korapilatu eta zaildu egiten delako. Horregatik, kopuru horretatik beherako parke ugari jartzen dira, baina horietako askok parke bakarra osatzen dute.
Galar, Zizur eta Beriaingo zendeetan ere lau poligono handi aurreikusten dituzte, guztira 400 MW indarrekoak. Fontellas, Corella, Tutera, Cortes, Cascante, Hiriberri, Arguedas, Oibar, Mendigorria eta Azkoien dira eragindako beste herrietako batzuk.
Adioseko iturri nagusiaren ondoan aritu naiz berriketan Gorka Ederrarekin, Erreniega Salba Dezagun 4.0 elkarteko kidearekin. Bideoak egiten ari dira, abestiak, hitzaldiak, alderdi politikoekin bilerak... “Guk ahal den guztia egingo dugu herriaren izaera defenditzeko, argi baitugu honekin aurrera egiten badute Adios goitik behera aldatuko dutela”. Herriaren iparraldera joz, proiektuaren nondik norakoak erakutsi dizkit muinoaren gainetik: “Herriko lagun batekin etorri nintzen eta, hemen bertan, ia negarra ateratzen zitzaion hor behean jar ditzaketen milaka eguzki plakak irudikatuz”.
Eta teilatuak zer?
Deabruak teilatuan badabiltza, eguzki-plakak zergatik ez? Faktore askok eragiten dute poligono hauen bultzadan, batez ere trantsizio energetikoari lotutakoak eta honek dakarren ufada publiko-pribatuak. Eta erraztasun teknologikoak ere hor dira, gaur egun duela hamar urte baino askoz merkeagoa ateratzen baita halako poligono bat eraikitzea, bereziki esparru fotovoltaikoan. Beraz, bistan da esparru hori biziki zabalduko dela, eta kontrol gutxirekin egiten bada, samur aurreikus daiteke datorren txikizioa.
Galdera nagusietakoa orain zera litzateke: zergatik ez dira eraikitzen eguzki plakak jadanik urbanizatuak dauden espazioetan, teilatu, industria poligono eta beste hainbat esparrutan? Hori egin ahal izateko, batetik energia ereduaren aldaketa bultzatu beharko litzateke, egungo energia eredu zentralizatutik apurka eredu deszentralizatura iraganez. Hau da, goi-tentsioko egungo eredutik, behe tentsioko eredu batera, besteak beste, elektrizitate garraioan energia askoz gutxiago galtzeko eta natur espazioak babesteko. Ez da ahaztu behar, haize errota eta eguzki plaken guneen eraikuntzaz gain, mendietan pista handiak egitea ere ezinbestekoa dela, baita goi-tentsioko linea erraldoiak eraikitzea ere, parkeetan sortutako elektrizitatea azpiestazioetara garraiatzeko.
Arazoa ez da Nafarroakoa bakarrik, mundu osoko fenomenoa da. Espainiako Estatuko Jasangarritasunaren Behatokiak egindako ikerketaren arabera, estatuko teilatuetako 17.603 hektareatan jarritako “eguzki parkeak” –milaka instalazio txikiz eratutakoa– 7,5 milioi pertsonaren elektrizitate beharra aseko luke, hau da, biztanleriaren seirenaren beharra. Legediak badu garrantzirik bultzada honetan, baina kontraesanak ere bai. Sustrai Erakuntza Fundazioak iragan urtarrilean argitaratu zuen energia berriztagarriek Nafarroan bizi duten eztanda berriari buruzko argitalpen interesgarria, eta hartan zehazten dira aipatzen ari garen datu ugari.
Nafarroan laster onartuko da Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren Foru Legea eta 26. artikuluak lehenesten du eguzki plakak teilatuetan eta hiriguneetan ezartzea. Nafarroako 2030 Plan Energetikoa izeneko plangintzak babestu egiten ditu nekazaritzarako balio handiko lurrak, hauetan parke eolikoak jartzea eragotziz; aitzitik, aipatu trantsiziorako legeak bertan behera uzten ditu eragozpen horiek, adibidez bigarren xedapen indargabetzailearekin. Ingurumen Kontseilaritzako agintariek landa guneak babestearen aldeko adierazpenak egiten dituzte, baina Industria Garapenerako sailetik oso bestelako giroa bultzatzen da. Biak Geroa Bairen menpe dira. Adibidez, Manu Ayerdi kontseilari ohiak aurtengo urtarrilean idatzitako iritzi artikuluan, ezinbestekotzat jotzen zuen energia berriztagarrien bultzada honetan natur kalteren bat onartu behar izatea. Zer ote da “natur kalteren bat” AHT eta progresoa lotzen dituenarentzat?
Nafarroak elektrizitatea esportatzen du
Inork ez du zalantzan jartzen etorkizunean energia fosilak desagertu behar direla eta haien lekua energia berriztagarriek hartu behar dutela. Kontua da nola eta zertarako. 2019ko Nafarroako Balantze Energetikoaren arabera, herrialdean kontsumitzen den energiaren %21ek jatorri elektrikoa du, gainerakoa jatorri fosilekoa da, batez ere petrolioa, gasa eta ikatza. Eta gehien kontsumitzen duten sektoreak garraioa eta industria dira; oso atzetik doaz –ikusi erreportajeko taulan– etxe eta saltokien kontsumoa, nekazaritza, administrazioa eta zerbitzu publikoak.
Beraz, berriztagarrietatik sortutako askoz elektrizitate gehiago behar da etorkizunerako, baina, Sustrai Erakuntzak bere argitarapenean dioen gisan, orain dagoen arazorik handiena da nola murriztu fosila den beste %80 hori. Gure gizartearen prozesu industrial eta ekonomikoak fosilaren gainean eraiki dira eta oraindik ez daude prestatuak elektrizitatez aritzeko. Adierazgarria eta paradoxikoa da, baina Nafarroak 2019an sortutako energia elektrikoaren %30 esportatu egin zuen. Eta ez Nafarroan bakarrik, Espainiako Estatuan ere bertan kontsumi daitekeena baino elektrizitate gehiago ekoizten da: 2019an 110.000 MW ekoizteko gaitasuna zuen eta azken urteetako eskaririk handiena, 2007koa, 45.450 MWekoa izan zen; harrez gero ez da inoiz halako eskari handirik izan.
Erraldoi berrien erasoa
1990eko hamarkadan 50 metroko haize errotak altxatu zituzten Erreniegako mendilerroan. Gaur egun, La Senda izeneko poligonoan, Azuelo, Aguilar Kodes, Aras eta Vianako lurretan eraiki nahi dituzten dorreak lau aldiz handiagoak dira. Nabramind enpresak dioenez, munduan inoiz jarri diren garaienak: 200 metroko dorrea eta 160 metroko diametroko errotorea, zeinarekin haize errotaren garaierak 280 metro hartuko lukeen.
Lurreko dorre eoliko batek munduan duen potentziarik handieneko haize errota jarri nahi du Siemens Gamesak Alaizko mendi lerroan, 5,8 MWko indarrekoa, eta haren errotoreak 170 metroko diametroa har dezake. Irudikatzea ere ez da samurra egiten, eta egungo hegalekin urtero ehunka hegazti hiltzen badituzte, batek daki erraldoi berriek zer triskantza ekar dezaketen tamainako atzaparrekin.
Ez dago guztiz garbi zenbat poligono eoliko aurreikusten diren, baina egun Nafarroako Gobernuaren webgunean 28 proiekturen berri ematen da, eta horietatik hamar alegazioak aurkezteko garaian daude. Gaur egun 53 poligono daude, gehienak 1998 eta 2006 artean eraikiak. Garai haietako aerosorgailuak 1 MW indarrekoak ziren eta 30-50 haize errotako parkeak eraikitzen ziren. 2006 eta 2020 artean hamabi bat parke altxa dira, haize errota bakoitzak 3 MWtik gorako indarra du eta askoz dorre gutxiago jartzen dira parke bakoitzean, 6 eta 30 artean, hori bai, aurreko paragrafoan azaldu dugun bezala, askoz handiagoak. Sustrai Erakuntzaren arabera, orain arte dauden parke eolikoekin 1.279 MWko indarra batzen dute eta egin nahi diren berrien multzoarekin 1.332 MWra heldu nahiko lukete: “Hor ikusten da, beraz, –diote aipatutako txostenean– urtebetean aurkeztu diren proiektuekin 2030erako egindako plangintza beteko litzatekeela, hau da, indar eolikoa bikoiztea”.
Proiektu hauetako asko jadanik poligono eolikoz beteta dauden eremuetan eraiki nahi dituzte, batez ere Nafarroako erdialdean eta Erriberan. Horrez gain, bada berrikuntza esanguratsu eta arriskutsua: orain arte Iruñetik hegoaldera egin izan dira parkeak eta aurrerantzean ateak irekitzen zaizkio Iruñetik iparrera ere eraikitzeari, izango luketen eragin kaltegarriagatik orain arte baztertu izan dena.
Sacyr enpresak Iruñerriko iparraldean eraiki nahi duena da poligono handienetakoa eta Odieta, Txulapain, Ezkabarte, Olaibar, Anue, Esteribar, Eguesibar, Lizoain eta Erroibar lirateke eremu kaltetuenak. Bost parke aurkeztu dituzte, baina egiazki bi dira, guztira 56 aerosorgailu eta haien energia Orkoien eta Cordovillako gune elektrikoetara eramango lirateke goi-tentsioko hainbat linea bidez. Green Capital Power enpresak beste bi proiektu ditu, bata Urbasako hegoaldean, Estellerriko bailaretan, eta bestea Etxaurin. Aldi berean, Nordex Accionak beste proiektu txikiago bat du Bortzirietan, Lesakan.
Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kontseilaritzak aurkeztu du jada Iruñerriko bost parkeei dagokien lehen ingurumen txostena eta bertan ohartarazten zaio enpresari proiektuak ekar ditzakeen kalte ugariez (hegaztiak, paisaia, arbolak, malda handiak direla, herrietatik gertu...). Hona ondorio nagusia: “Azaldutako guztian oinarrituta, beraz, ikusten da parke eolikoen eta hauen ebakuazio azpiegituren eraginak handiak izan daitezkeela eta, ondorioz, era esanguratsuan zalantzan jar dezaketela ekarritako proiektuen ingurumen bideragarritasuna”.
Haize Berriak
Proiektu hauei aurre egiteko Haize Berriak elkartea sortu zen iaz, Iruñerriko inguruetan eratutako taldeak bildu eta euren bailara eta herriak poligonoetatik babesteko. Finean, eredu berriak proposatzen dituzte mehatxu egiten dieten eredu zahar eta erraldoien aurrean. Hainbat mobilizazio egin dituzte jada herrietan eta Foru Gobernuko instituzioen aurrean, eta Nafarroako beste talde eta alderdi ugarirekin batera, proiektuen moratoria eskatzen diote Nafarroako Gobernuari.
Adiosera eguzkiaren epelean lurreratu banintzen, Haize Berriak-eko kideekin egindako hitzordura mela-mela iritsi naiz, bizikleta gainean zaparradak harrapatuta. Arreko gizarte etxean bildu naiz Carmen (Txulapain), Gurutze (Antzibar), Fermin (Esteribar) eta Manurekin (Ezkabarte). “Iluntasun handiarekin iritsi zaizkigu proiektuen ingurukoak”, dio Ferminek. 2020ko otsailean hasi zitzaien heltzen informazioa tantaka. Eta Carmenek ideia berresten du: “Ez dira argiak izan, ‘hau dago’ erran digute, baina asko erran gabe; hau da, ez diot gezurrik, baina egia ere ez”. Herri txikiak dira, batzuk dozenaka biztanlekoak, “horregatik hasi ginen batzen, indarra egiteko”, dio Ferminek. Olaibar Bizirik taldeak bultzatuta, adibidez, martxoaren 28an herrian kontsulta egin zuten, herritarren %50ak parte hartu zuen, %90 proiektuen aurka agertuz. Maiatzaren 9an hasita, bost asteburutan bederatzi mendi ibilaldi ere antolatu dituzte.
Foro Gobernuko Ingurumen Departamenduko lehen ingurumen txostena ere mintzagai da: “Egia esan –dio Gurutzek– zorrotza iruditu zait eta ezustekoa hartu dut”. “Bai, baina zein da gure beldurra –gaineratzen du Manuk–, txosten horrek enpresei erbia altxatzea; hau da, zer eta non hobetu behar duten jarritako ingurumen eragozpenak gainditzeko”. Carmen jurista da eta legediaren indargune batzuk aipatzen ditu: “Egungo legedi guztian osagai komuna aurki dezakegu, ondorengo belaunaldiei egoera ahalik eta ondoen utzi behar zaiela, hori etengabe irakasten da irakaskuntzaren alor guztietan. Bada, a ze modua hurrengo belaunaldiei egoera ahalik eta onena uzteko!”. Azken finean, bukatzen du Gurutzek, “borroka honek bi fronte ditu: bata proiektu hauei aurre egitea, eta bestea alternatibak sortzea, eta horregatik eskatzen dugu denbora, moratoria, gizartean gaiak eskatzen duen lasaitasunarekin hausnartu eta eztabaidatu ahal izateko”.
Enpresen urrea dantzan
Bakoitzak bere zeregina du film honetan eta enpresetako komertzialak lehen lerroan agertzen dira. Parke eolikoetako lurrak komunalak dira gehienetan edo udalen jabetzakoak, baina poligono fotovoltaikoetan lur sail asko pribatuak dira. Adiosen gertatzen ari denak agian balio dezake beste herri askotako egoera irudikatzeko.
2020ko uda da, Solariako ordezkaria proiektua azaltzen ari zaie udalak batzarrean bildutako herritarrei. Oraindik proiektu zehatzik ez duela dio, baina badaezpada kontratuak ekarri ditu maletan, lurren alokairuari ekiteko prest. Nahi dituen 300 hektareatik 200 lotuak ditu Valle de Odieta enpresa ospetsu eta erraldoiak bertan dituen lurrekin. Beste 100 hektarea 17 herritarren artean banatzen dira, batzuek nahi dute, besteek ez, herria erdibanatua dago. Adiosek 152 biztanle ditu. Solariakoak urrea atera du mahaiaren gainera: 1.200 euro eskaintzen ditu hektareako, ez dago uzta hori emango duen laborerik. Eta gainera, kiroldegia, frontoi estalia, adinekoen zaintza zentroa, lanpostuak, taberna... “Hau aberastasuna da herriarentzat. Sekulako aukera da, eta zuek ez baduzue nahi joango gara Uterga eta Muruzabalera eta ezer gabe geratuko zarete”.
Udal gobernukoek ere argi ikusten dute, udalak diru gehiago izango du eta gauza gehiago egiteko aukera. Eskutik datoz udal agintariak eta multinazionaleko ordezkaria. Baina aurkakoak ere sendo daude argudio eta asmoetan: “Ez, ez ditugu horiek guztiak behar, herriaren egungo izaera hautsiko dute, lurra lantzeko eta zaintzeko aukera galduko da. Natura, paisaia, lasaitasuna, nekazaritza, Donejakue bidea... Horiek dira gure balio eta balore handienak, beste zerbitzu horietarako hor ditugu Iruñea edo Gares, kilometro gutxira”. Solariakoak hordago handira: “Pasaiari eragina? Hori gustu kontua da, eguzki panelen distirarekin, parkeak ondo politak dira”.
Herritik kanpo ere enpresak tematsu jarraituko du hurrengo egun eta asteetan ere. Oraingoan goi-kargu baten txanda da. Bileran oposizio lanetan nabarmendu zen herritarretako bati telefonoz deitu eta berarekin egon nahi duela jakinarazi dio. Iruñean egin dute hitzordua eta prausta bota dio: “Nahi duzu gurekin lan egin?”. Ezetz herritarrak, moralki ezingo lukeela. Eta Solariako agintaria temati: “Ez zaitut ulertzen, Nafarroako Gobernuan era guztietako erraztasunak ditut, alkatetzan ere bai, ezin gaitezke akordio batera iritsi zurekin?”.
Badira bi klabe garrantzitsu egin beharreko trantsizio energetikoan: bata, energia fosilaren ordezkatzea nola egin; eta bestea, energiaren kontsumoaren ezinbesteko murrizketa, eta beraz, eredu sozioekonomikoaren aldaketa. Arazorik handiena da, sektore pribatuek gobernuetan eta gizartean hain eragin handia duten garaian, energia sorreran asko eta batez ere ohiko moldean egiten ari dela, baina energia kontsumoaren gutxitzean ia ezer ez. Desazkunde hitzak jarraitzen du madarikatu izaten. Eta Solariakoen ibilerak ikusita, batek pentsatzen du trantsizio energetikoak arrakasta izango badu, ez dela bakarrik energia berritu behar dena.
Iturria: Nafarroako Balantze Energetikoa 2019. Nafarroako Gobernua / Neurgailua: Petrolio tonen baliakidea
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]