argia.eus
INPRIMATU
3D maparik zaharrena?
  • Bretainia mendebaldea, duela 3.900-3.650 urte. Brontze Aro hasieran Finisterre inguruan bizi ziren gizakiek hainbat lerro, zirkulu eta irudi grabatu zituzten bi metro luze eta metro eta erdi zabal den lauza batean. Harri grabatua, egun Saint-Bélec lauza esaten zaiona,  hilobi batean ehortzi zuten gero.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko maiatzaren 10a
Saint-Bélec lauza identifikatutako eremu baten maparik zaharrena izan daiteke. (arg.: Denise Gliksman)
Saint-Bélec lauza identifikatutako eremu baten maparik zaharrena izan daiteke. (arg.: Denise Gliksman)

1900. urtean, Paul du Chatellier arkeologoak harritzarra aurkitu zuen, inguru haietako nekropolian indusketa lanetan ari zela. Grabatua tumulutik atera eta Kernuz gazteluan (Pont-L’Abbé) zeukan museotxoan ikusgai ipini zuen. Chatellierren jakin-mina piztu zuten zirrimarra haiek, baina ez zuen jakin horiek interpretatzen: “Kopaz, zirkuluz eta irudiz jositako monumentu bitxi hau deskribatzea zaila da. Ez gaitzala fantasiak engainatu, utz diezaiogun agian egun batean azalduko den Champolion bati gure ordez irakur dezan”.

1911n, Chatellier hil zenean, familiak bilduma osoa (Saint-Bélec lauza barne) Saint-Germain-en-Laye-ko Arkeologia Museo Nazionalari saldu zion. Museoko sotoan ahaztuta egon zen harlauza mende osoan, 2014an berriro aurkitu zuten arte. Bretainia Mendebaldeko Unibertsitateko Yvan Pailler eta Bournemoutheko Unibertsitateko Clément Nicolas arkeologoak arduratu dira objektua ikertzeaz. Harria digitalizatu dute eta gizakiak egindako marka eta aldaketa guztiak xehe aztertu. Marraz lotutako motiboengatik, mapa bat izan zitekeela pentsatu zuten hasieratik. Gero ikusi zuten harriaren erliebe naturala ere aldatu zutela kartografo aitzindari haiek, eremu erreal baten orografia adierazteko. Beraz, Saint-Bélec hiru dimentsiotako mapa litzateke.

Eta, azkenik, mapak Bretainiako zer eremu jakin jasotzen duen ere ondorioztatu dute: Odet ibaiaren bailarako 13 kilometroko tartea. Coadriko muinoak, Mendi Beltzak eta Landulan mendigunea identifikatu daitezke harrian, lerroek ibai-sarea adierazten dute, eta hainbat marka bat datoz Brontze Aroko eraikinen, tumuluen edo bideen arrastoekin. Geolokalizazioaren bidez ondorioztatu dute mapak %80ko zehaztasunez irudikatzen duela ingurua. Antzeko hainbat pieza aurkitu dira munduan, baina orain arte ez da lortu beste mapa horiek nongo erliebea irudikatzen duten jakitea. Clément Nicolasek dioenez, “identifikatutako lurralde baten maparik zaharrena izan daiteke”.

Arkeologoek ez dakite zergatik egin zuten mapa, ezta hilobi batean zergatik ehortzi zuten ere. Agian lurralde hartako agintariek enkargatu zuten lana, lurraldearen jabetza berresteko-edo, eta leinuko buruzagi bat hil zenean harekin batera ehorztea erabakiko zuten. Edo agian harria grabatu zuen artista bere obrarekin batera ehortzi. Clément Nicolasek gauza bat dauka argi: “Iraganeko jendarteen ezagutza geografikoa gutxiesteko joera daukagu”.