argia.eus
INPRIMATU
Verde Prato edo XXI. mendeko neokostunbrismoa
Xalba Ramirez @xalbaram 2021eko apirilaren 28a
Kondaira eder hura | Verde prato | Lago/Cráter, PlanB Records, 2021.

Aurelio Arteta eta XX. mende hasierako euskal kostunbrismoaren ildotik, autoerretratua egin du Ana Arsuagak (Tolosa, 1994) bere azken lanaren azal eta kontrazalerako. Arsuagaren proiektua da Verde Prato eta Kondaira eder hura (2021, Lago/Cráter, PlanB Records) diskoan istorio enigmatikoa kontatzen du, urratsez urrats, ikuspegiz ikuspegi, detaileetatik eraikiz historia.

Ihes egin duen pertsonaia nagusiaren istorioa kontatzen da, bere ingurukoen ahotsetatik eraikia: bere amarena, abandonatu dituen lagunena, ezagutu duen neska batena... Hiri batera bizitza berri baten esperantzaz doala irudi lezake, baina tragikoa da ihesaldia. Doinuak ere laguntzen du aura ilunean, liturgikoak baitira Arsuagak sortutako melodiak, belaunaldiz belaunaldi istorio hau gogoratzeko eginak balira bezala.

Erabiltzen dituen melodiak euskal tradizioarekin bat egitera garamatza, bertso tankerako doinuetan. Herrikoitasuna berrasmatzeko gai da Arsuaga erabat originalak diren pieza sotilak eskainiz. Itsaskorrak eta sarkorrak. Eta gainera elegante eta ederrak.

Istorioaren enigma nagusia protagonistak atzean utzi duen egia da. Zergatik egiten du ihes? Aitaren kanta-n berak ere ihes egin zuela aitortzen baitu Kanye West berak sinatu nahiko lukeen piano oinarri indartsuaren gainean. Arrazoi bera ote XX. mende hasiera hartan edo XXI. mende arraio honetan ihes egiteko? Gai al gara egiatik ihes egiteko? “Ea gizonok ihesa dugun bide dio amak”.

Borroka bat eta heriotza entzuten ditugu Anaien kanta-n eta Neskaren kanta-n, diskoa ixten. Amaiera-amaieran, reggaetoi erritmoa “papi, tienes algo que no tiene nadie”. Orduan, diskoa atzetik aurrera jartzeko tentazioa izan dut –egia horren bila–, eta otu zait atzetik aurrera entzunez gero istorio ezberdinak kontatzeko gai dela. Batean hildakoa dugu pertsonaia, bestean hiltzailea. Bat ihesarekin hasten da, bestea ihesarekin bukatu.

Eta ez du zertan, baina gustatu zait istorio ez kronologikoa. Herrikoitasunaren dohainetako bat baita, kontakizun moralizantea egiteaz harago, tartean bestelako irakurketak ezkutatzeko gaitasuna eta asmoa.

Ahozkotasunak bere lekua erabat galdua duen gizarte honetan, irudi azkarren bitartez iragankor zabaltzen dira kultur artefaktu guztiak, plataforma digitalen iragazkietatik. Verde Pratok beste patxada baten bitartez sakonagoa den arnasa ematen digu, herri kontakizunaren balioa azpimarratuz. Kostunbrismoa ez da axolagabekeria.

Ana Arsuaga. Argazkia: Maria Muriedas.