“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde” hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera eginarazteko presioak ez dira gutxitu agroindustriako lobbyen eta AEBetako Estatu Federalaren partetik. Besteak beste, debeku hauek merkataritza librearen aldeko itunen kontra doazela diote agroindustriako multinazional zein ordezkariek. Tartean dugu bistan da Bayer, 2018an 63 bilioi dolarren truke Monsanto erosi zuen talde farmazeutikoa.
“Ingurumen osasuntsu baten alde eta elikadura-sistema justu, iraunkor eta osasuntsu baterantz doan urratsa”, Sin maíz no hay país (“Artorik gabe, herririk ez”) kolektiboaren hitzetan. Parean, Proccyt Mexikoko agroindustriaren ordezkariaren bertsioa: “Erabateko bidegabekeri oportunista, Mexikoko landa-eremu guztian eragiteaz gain, prezioen egonkortasuna eta elikagai estrategiko baten eskuragarritasuna arriskuan jartzen dituena”.
Biak dira 2020ko abenduaren 31n Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak hartu dekretuaz mintzo: arto transgenikoen ekoizpena zein inportazioa eta glifosatoaren erabilpena debekatu ditu. Poliki-poliki transgenikoen erabilpenerako baimenak baliogabetuko edo errefusatuko dituzte, inportazioak ere gradualki murriztuz, hemendik hiru urtera halakorik ez gehiago erabiltzeko gisan. Glifosatoa ere debekaturik dute 2024rako, hiru urteko trantsizio fase honetan alternatibak garatzeko tartea eskainiz. “Arto indigena babesteko neurria” eta “elikadura burujabetzara heltzeko bidea” dela adierazi du bere aldetik gobernuak.
Artoaren sehaska den herri horretan transgenikoen kontra urte luzeetan mobilizaturikoen poza eragin badu erabakiak, agroindustriaren kexua ere piztu du. Legea pasa arren, gobernua presionatzeko esku artean duten guztia bideratzen dabiltza sektoreko lobbyak. Horren adibide argia Victor Toledo Ingurumen ministroak irailean dimititu behar izana. Hortik gutira, La Jornada komunikabidean Toledok plazaraturiko La guerra del glifosato: actores y drama (“Glifosatoaren gerra: eragileak eta drama”) iritzi-artikuluan ondokoa irakurri zitekeen: “Ulertu behar da enpresa boteretsu honek zientzialariez, teknikariez, publizistez, agente komertzialez, lobbyistez, espioiez eta promotorez osaturiko armada duela, eta herrialde bakoitzean ikertzaile, akademiko, enpresa, ekoizle, kazetari, legegile eta gobernu-kideen kooptazio-kanpaina oso eraginkorrak bideratzen dituela”. Monsanto erosi zuen Bayer multinazionalaz ari da, hazi transgenikoen eta glifosatoaren jabe duguna –biak elkar estuki loturik ditugu, usu herbizida jaso eta bizirik iraun ahal izateko dituztelako haziak genetikoki eraldaturik–.
The Guardian komunikabideak eman du lobby lan horren berri, AEBetako Gobernu Federalak bideratu presioan zentratuz: “Gero eta argiago agertzen zaigu pestiziden industriak AEBetako Gobernua erabiltzen duela, batetik, bere xedeak nazioartean bultzatzeko eta bestetik, elikadura burujabetzaren alde herriek bideratu ahaleginak zapuzteko”. Nathan Donley AEBetako biologia bioaniztasunaren aldeko zentroko kidearen hitzak dira. Ikusirik merkatu oparoa dutela Mexikorekilakoa, sekulako presioa bideratzen dabiltza azken hilabeteetan –eta Joe Bidenen gobernu berriak ez du bestelako posturarik erakutsi, oraingoz behintzat–.
Urtez urte burujabe izateari utzi eta inportaturiko arto bolumena emendatu du Mexikok: 2019an 15,5 milioi tona arto inportatzen zituen, 1994an 2,7 milioi tona zituelarik sarrarazten, eta ekoizpena ere 6 milioi tonatik 27 milioi tonara emendatu zuen –anitz abeltzaintza industrialera zein bioerregaietara bideratzeko–. Inportaturikoaren gehiengo handia transgenikoa eta AEBetakoa dute. Hastapenean abeltzaintzarako erabiltzen zutena pixkanaka jakien industrian ere sartu dute, garestiagoa zaielako bertakoa erostea: diruz lagundua izanki, ekoizpen-kostua baino apalago saldu dezakete AEBek, eta NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunak aduana zergak ere kendurik dituela, konkurrentzia desleialari aurre egiteko babes neurririk ez du Mexikok. 1994an izenpeturiko NAFTA “hondagarria” izan da mexikar laborarientzat, artoa oinarri zuen elikadura autonomia galdurik, merkatu librearen menpeko bihurtu dituelako.
Eskerrak, herritarrek bideratu erresistentziak moratoria bat ondorioztatu zuela 1998an, transgenikoen ekoizpena debekatuz. 2009a arte iraun zuen, urte horretan Monsantoren presiopean amore eman zuelako Felipe Calderonen gobernuak, esperimentaziorako baimenak banatuz. 2007an 300 egituren artean osaturiko Sin maíz no hay país kolektiboak berriz ere transgenikoen debekua bideratzea lortu zuen 2013an –2020ko abenduaren 31ko dekretuak berretsia, eta inportazioei ere zabaldutakoa–.
Merkataritza librerako hitzarmenei atxikirik segitzen du agroindustriak. NAFTAren ordezko, 2018ko ACEUM merkataritza librerako hitzarmena dute aldi honetan baliatzekoa: “ACEUMen baitan Mexikok dauzkan betekizunekin bateraezinak dira transgenikoen eta glifosatoaren debekua”, irakurri daiteke bioteknologiaren sektoreko CropLife lobbyak iazko martxoan AEBetako komertzioaren ardura duen USTR egiturari igorritako gutunean. Hortik gutxira, maiatzean, USTRen ordezkariak zion gutuna bidali Mexikoko Ekonomia ministroari debekuak “bi herrien arteko harremanen txartzea” eraginen zuela ohartarazteko. ACEUM hitzarmena esku artean, salaketa jarri dezake Mexikoko CNA Nekazaritza eta Abeltzaintzako Kontseilu Nazionalak, presidentearen dekretua merkataritza askearentzat oztopo dela argudiatuz. Ez litzateke harrigarria, jakinik CNAren kideen artean dela Bayer. Gainera, gobernuaren baitan ere dituzte aliatuak: Nekazaritza ministroa, Presidentearen kontseilari juridikoa edota Presidentetza Kabineteko buru ohia, denak dira agroindustrian ardura eta interesekin.
Baina transgenikoez gain, glifosatoaren debekua zaie ezinjasana. Munduko Osasun Erakundeak herbizida hau “minbizi sortzaile probable” sailkatu zuen 2015ean eta geroztik azaleratzen dabiltza herbizida honen desmasiak. Bayerren kontrako auziak ere abiatuak dira munduko hamaika txokotan. Sydneygo Unibertsitateko zientifiko batzuk Science of the Total Environment aldizkarian iaz publikaturiko munduko mapak errealitate kezkagarri honen berri ematen digu: laborantzarako baliaturiko lurren lautik hiruak glifosatoarekin tratatuak dira –Europako mendebaldea, Brasil, Argentina, baita Txina eta Indonesiako eskualde batzuk dira gehienik hunkiak, hots, monokulturan eta transgenikoan bereziturikoak–.
Azken urteetan gutxi batzuk dute herbezida debekatu: Austriak, Luxenburgok, Togok, Indiako estatu batzuk, Vietnamek... Baina debekatzeko urratsari lotu arren, presiopean atzera egin izanak gehiago dira: Europar Batasuna, Sri Lanka, Thailandia, Salvador, Argentina, eta abar. Mexikori neke izanen zaio amore ez ematea, eta herritarren babes eta presioa lagungarri izan behar lituzkete gobernuaren baitatik elikadura burujabetza osasuntsuaren alde dabiltzanek.
Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]
Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]
Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]
Hazi hauek saltzeko zorroetan eta katalogoetan esaldi hau adierazi beharko dute: "Genetikoki eraldatutako barietatea". Apirilaren 9tik dute hauek saltzeko baimena. 2019an arto transgenikoz 8.000 hektarea erein ziren Nafarroan.
Ingeniaritza agronomoan doktoratua eta Lleidako Unibertsitateko irakaslea da Jose Ramon Olarieta Alberdi, baita Som lo que Sembrem elkarte katalaneko kide ere. Transgenikoen inguruan liburua argitaratu zuen iaz: Transgenikoak, benetan dira seguruak eta beharrezkoak?... [+]
Soja laborantzara bideratutako nekazaritza estentsibo landa batean egin zuen lan Tomasik. Landa gunea fumigatzeko erabiltzen ziren agrotoxikoek eragindako gaixotasunaren ondorioz hil da.
Sinadura bilketari eta herritarren protestei entzungor eginez, Europar Batasunak baimena eman dio Bayerri Monsanto erosteko. Horrela, hazi eta ongarri kimikoen munduko enpresa handiena bilakatuko da.
Laborantza-industrian egin den inoizko akordiorik handiena gelditzeko eskatu diote milioi bat lagunek Europari: Monsanto eta Bayer enpresek indarrak batuko dituzte galarazi ezean. Hazi transgenikoen eta industria farmazeutikoaren arteko lotura 2016tik datorren arren, azken... [+]
Europako Batzordeak iragarri du sakon aztertu nahi duela Bayer konpainiak Monsanto erosteak kalterik egingo ote dion pestiziden eta hazien merkatuari. Bruselak adierazi du fusio-operazioa burutzeak bi arlo horietako munduko enpresarik handiena sortuko lukeela, eta horrek... [+]
Sastraka inbaditzaile bat agertu da Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako artasoroetan. Teosintea, teosintle nahuatl hizkuntzan, Zea familiako landarea da, artoaren senidea beraz. Rosa Binimelis (Castelló, 1979) ingurumen zientzietan doktorea da, eta azken urteotan teosinteaz... [+]
2016ko irailean, batez ere aspirinengatik ezagun den Bayer alemaniarrak beste gauza askorengatik ezaguna den Monsanto estatubatuarra erosi zuen, 66.000 milioi dolarren truke. Azken hiru urteetan ematen ari diren hazi industrialen eta nekazaritzako produktu kimikoen alorreko... [+]
Egun erabiltzen diren hazi hibridoak multinazional espezializatuek soilik egin ditzakete, eta horien liderra Monsanto da. Merkatura zabaltzen dituena, berriz, Heinz multinazional boteretsua da. Bide beretik jarraituz gero, elikadura merkatu pribatuen eskuetan bukatuko duela... [+]