argia.eus
INPRIMATU
Historiako 1. lezioa
Ane Ablanedo Larrion 2021eko apirilaren 29a

Euskara erakusten dut Lapurdiko kolegio batean. Bueno, Euskara, eta Historia/Geografia. Bai, nazio-etiketarik gabe izendatzen dute (neutralitate itxura emateko, badakizue, unibertsaltasuna eta beste), baina goitik behera da frantsesa, Frantziakoa eta Frantziarena, munduaren gorabeherei ere Frantziaren ikuspuntutik begiratzen baitie, normala den bezala. Bai, makiabelikoa da horrelako ikasgai bateko irakasleak euskaldunok izan beharra, baina frantsesentzat borobila da diseinua: Frantziaren aldeko politika eta ideologiaren zabalkundea egitearen mesede ez ezik, eskertu ere egiten diegu, zer eta ikasleak frantsesteko lana euskaraz egiten uzteagatik.

Ez dakit, nik ez dut horrelakorik ezagutzen, baina ba omen da gure Herrian, diotenez, hezkuntza euskaldunon ikuspegitik irakasten (ahal) duen ikastetxerik. Bada, lerro hauetatik nire deia: prest daukat historia-lezioa, gure errealitatea ezagutu, interpretatu eta eraldatzeko euskaldun batek jakin beharrekoarekin xumeki osatua. Nik ezin diet ikasleei horrelakorik kontatu, baina beharbada zuek?

"Prest daukat historia-lezioa, gure errealitatea ezagutu, interpretatu eta eraldatzeko euskaldun batek jakin beharrekoarekin xumeki osatua"

Hasteko, berena Euskal Herria dela esan nahiko nieke, mundua jendeztatzen duten herri guzien arteko bat, eskubidea daukana hala izate hutsagatik bere lurraldean aske bizitzeko, eta kanpoko botere arrotzen injerentziarik gabe bere burua gobernatzeko. Horri independentzia ere esaten zaiola, eta horixe (baizik ez) dela autodeterminazio eskubideak herri bati aitortzen diona: burujabetza gauzatu ahal izateko behar duen askatasun-eskubidea, berez dagokiola.

Eskubide hori oinarrizkoa dela, hainbeste non eskubide funtsezko guzien arteko lehena eta gainerakoen baldintza gisa kontsideratua den nazioarteko zuzenbidean ere. Eskubidea edukitzeak ez duela esan nahi urratu ezin daitekeenik, urratua izatearen mehatxua delako hain zuzen, eskubide bat formulatu beharra justifikatzen duena, urratua izan ezean ez zaiolako eskubide bati aldarri egiten, ez dago-eta motiborik. Autodeterminazioa aktibatzen duen herriak, beti egiten duela eraso inperialista baten salaketa inplizituki, eta gure kasuan, Espainiak eta Frantziak gure aurka burututakoa.

Ezin direla eskubide funtsezkoak bozkagai ezarri, ez die-eta eragiten gehiengo-gutxiengo jokoaren logikak, noski. Erraza litzatekeela demografikoki handiagoa den herri batentzat tipiago baten aurkako inbasioa zilegitzea, aski bailuke bozka bat antolatu eta irabaztearekin. Bada ez, gehiengo baten babesarekin ere beti delitu da inperialismoa, eta beti antidemokratikoa. Erregimen bati ez diolako demokraziaren labela gehiengo batek ematen, giza-eskubideen errespetuak baizik.

Herriek defentsarako egitura politiko ahalik eta sendoenak eraikitzen dituztela, eta hala egin zuela gure Herriak ere, Nabarra erakunde gorena sortuz, geure buruari libreki eman diogun bakarra. Gurea, beraz, ez dela estaturik gabeko nazioa, indargabetuta egon arren estatu bat ez delako iraungitzen, eta gure atxikimendua zor diogula horregatik. Ez delako gauza bera Estatu propioaren aldeko borrokari ekitea sekula estaturik eduki gabeko egoera batetik, ala estatu baten jabe zarela. Agirre lehendakariak ere gure estatalitatearen jarraikortasuna baieztatu eta indarrekotasuna aitortu ziola, bere Euzkadiko Gobernua Nabarrako Erresuma historikoaren ondorengo katebegi gisa aurkeztuz.

Etxe baten jabetza-agiri gisa eskritura batek duen balio bera daukala estatu okupatuen kasuan, herri titularrak estatu horri egiten dion aitortzak. Nazioarteari erakutsi egin behar diogu horixe (baino ez) dela gure estatu zilegia, gatazka estatuen artekoa dela gure jokabidearekin frogatuz.
Ea zuek posible duzuen, zorte on!