argia.eus
INPRIMATU
Hiria bizi
  • Deskonfinamendu garaian Bilboko udaletxeko balkoian “Aurrera Bilbo” zioen pankarta bat eskegi zuten, kalera ateratzen ginen lehen egunetan hiritarrok adoretzeko asmoarekin. Horren apaltasunak eta letra grisek adoretu baino errautsen artean ibili behar genuela transmititu zidan. Bilbok eremu mortua ematen zuen eta guk, hiritarrok, hondakinen artean mugitzen ikasi behar genuen. Egoera honek hiria birpentsatzeko beharra jarri du mahai gainean eta hori izan da Zinebi-k bilatu duena Bilbao Aurrera deialdiarekin. Hautatutako sei lanak aurkeztu dituzte bi saiotan.

IƱigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2021eko apirilaren 27a
Irudia: 'Harria eta bidea' lanetik hartua
Irudia: 'Harria eta bidea' lanetik hartua

Zer gertatuko da hiria desertu bihurtzen denean? Gure baitan bildu eta sormenari bide emango diogu, magiaren unea izango da edo, agian, bakardadeak akabatuko gaitu? Zer da hirian bizitzea, baina hiria ezin bizi izatea? Horiek dira Paula Gomezek eta Aitane Goñik planteatu dituzten galderak beraien Harria eta Bidea lan eder eta dotorean. Gazte bat autokonfinatuko da Bilboko etxe batean bere gorputza bizi eta sentitzeko helburuarekin. Gorputzaren kontzientzia hartzeaz gain, autokonfinamenduak bakardadearen eta heriotzaren kontzientzia emango dio protagonistari. Gorputza izango da bere territorioa, hor marraztuko dira kaleak eta eraikinak. Bilbo hondo-irudia izango da, besterik ez. Hiria are desertikoago bihurtuko da, desagertu arte. Ez da hiririk izango, ez biztanlerik. Soilik heriotza. J.G. Ballard idazle britainiarrak etxe-orratzen arriskuaz ohartarazi zuen High-Rise eleberrian eta badirudi bi egileek ideia hau hartu dutela oinarri: porlanezko hormen artean konfinatuta egoteak gizagabetuko gaituela.

'Aurrera Bilbo'
Zinebi 2021
Noiz: apirilak 8
Non: Bilboko Alondegia

Saioko bigarren laburmetraia Olaia Nogalesek zuzendutako lan kolektiboa izan zen, Miren Agur Meaberen olerki batean oinarrituta eta 50 lagunen ekarpenekin ekoiztutakoa. Partaideek hiriko kaleei argazkiak atera zizkieten eta jasotako materialarekin hiritik ibilbide bat osatu dute. Errailen gainetik egindako jite psikogeografikoaren modukoa izan da emaitza. Egileek botatako sokari lotu eta beraiek aukeratutako txokoetatik eramaten du ikuslea.

Azken lana Larraitz Zuazok eta Ane Rotaetxek film laburretik ordubeteko dokumentalera eramandako lana da. Lau artistak (Gari, Erlea Maneros, Katixa Agirre eta Ainhoa Artetxe) konfinamendu eta pandemia egora nola bizi izan duten aztertu eta aurretik dituzten erronkei nola helduko dieten planteatzen da bertan.

Pandemia osteko hiria birpentsatzea zaila bezain beharrezkoa da. Zaila da dolua oraindik bizitzeko astirik izan ez dugulako, Katixa Agirrek esan bezala. Eta beharrezkoa da, hirian bizi baino, hiria bizi behar dugulako, Paula Gomezek eta Aitane Goñik adierazi bezala.