argia.eus
INPRIMATU
Gure Distritu Federalak
Iván Giménez @IvnGimnez 2021eko apirilaren 30a

Beti jakin izan dugu Madrilen elurra egiten badu, leku guztietan elurra egiten duela. Albiste guztietan, ordu guztietan, Madrilgo berriak ikusi eta entzun behar ditugu. Eta ez bakarrik Espainiako komunikabideetan, Teleberri ere gero eta maizago irekitzen dute horrelako albisteekin, Euskal Herriko balizko nazio-iruditeria modu zakarrean zapuztuz… Gauzak horrela, denok ezagutzen ditugu M30, La Cañada Real eta Auzitegi Nazionalean sartzeko aldapatxo hura. Horiek bai, oso ongi txertatuta gure gogoetan...

Azkenaldian, beste koxka bat igo dugu: Madrilgo Erkidego Autonomoaren hauteskundeak Espainia osoko hauteskundeak dira, eta matraka biderkatzen da, jasanezin bihurtzeraino. Zer esanik kiroletan: Real Madrideko ordezko jokalari baten orrazkera interes orokorrekoa da. Aspalditik gainera.

"Galdetu Lodosako bati zer gertatzen den Iruñeko txikikeriekin: gure hiriko afera domestikoak nafar guztiontzat al dira interesgarriak?"

José María Aznarren apustua zen Espainiako Distritu Federala sortzea, eta aitortu behar dugu bere helburua guztiz bete duela, beste askoren laguntzarekin. Adibidez, AHTko diseinu erradialarekin (Euskal Herritik denok Madrilerantz, ahalik eta azkarren, agian loteria erostera).

Dena den, orain dela gutxi, Eibarko kaletik nindoala, telefonoz ari zen ondoko bati entzun nion: “Bai, Bilboko afueras-etan nago”. Harriturik begiratu nion, eta marmarka jarraitu nuen, agian Errege Koparen finalaren apokalipsia irudikatu ezinik. Airean zegoen gogoeta bat harrapatu nuen, inpentsan, Eibarko pasadizo horri esker: kontrakoa zehazten ez bada, gure komunikabideetan eta gure eragile sozialen oharretan, dena Bilbon gertatzen da: Moyua, Jesusen Bihotza, Plaza Borobila… Nongoak? Bilbokoak, jakina. Nahiz eta deialdi eta kartel askotan Bilbo izena ez agertu, euskaldun guztiok jakin behar dugu leku horiek han daudela.

Nafarroatik ikusita, gogaikarria izan daiteke, baina galdetu Lodosako bati zer gertatzen den Iruñeko txikikeriekin: gure hiriko afera domestikoak nafar guztiontzat al dira interesgarriak? Takonerako animaliak, Aita Moret kaleko peatonalizazioa? Foru Plazan zerbait antolatzen bada, nork zehazten du Iruñeko plaza dela, kontuan izanik Nafarroako herri guztietan Foru Plazak daudela? Esan gabe doa, fenomeno bera baiezta dezakegu Donostian edo Gasteizen (zalantzan nago ea Baionaren kasuan ere hori gertatzen den ala ez; agian ez, esango nuke, ez dakit zergatik).

Azken finean, guk ere baditugu gure distritu federalak, Madrilgoa bezain itogarriak ez badira ere.