argia.eus
INPRIMATU
Garbitzaileen grebaren porrotaz
Itziar Bardaji Goikoetxea 2021eko apirilaren 29a

Orain dela bi aste Nafarroan garbitzaileek grebara deitu zuten. Indarrez zetorren greba hau. Egun, emakumeon borrokaren eskutik, gizartean hobe ulertzen da garbitzaileen lana, zaintza lanak orokorrean, funtsezkoak direla. Onartzen da lan hauek,

"Sindikatuen boterea erabat mugatuta, neutralizatuta dago eta langileria ez da oraindik borroka tresnak berriak eratzeko gai izan"

soldatapeko lanaren markoan nahiz etxean, feminizatuak izaten jarraitzen dutela eta geroz eta arrazializatuagoak, eta funtsean horrexegatik gaizki ordaintzen direla. Hiperdesinfekzioaren aro honek hau guztia indartzen du eta aitortza faltarekin konekta dezakegu balkoietako txaloak hasi zirenetik eta gaur arte garbitzaileez ahaztu ginela esaten badigute. Une bikaina zen, pertzepzio sozialak eta lan baldintzek ez dute bat egiten, eta bien arteko leihoak aukera polita eskaintzen du. Langileen eskaerez haratago, gizartearen aurrerapauso bat gauzatzeko erronka sinbolikoa da.

Berriro ere gertatu da. Egun sindikatuen boterea erabat mugatuta, neutralizatuta dago eta langileria ez da oraindik borroka tresnak berriak eratzeko gai izan. Instituzioak berezkoa du aldatu gabe irauteko inertzia eta, egun, gaitasun estatiko oso handia du, kezkatzekoa. Sormena behar dugu.