1953an Asturiasen jaio eta azken hamarkadetan Katalunian bizi da Corsino Vela (ezizena). Berriki bira egin du Euskal Herrian Capitalismo patológico liburua aurkezteko. Donostiako Kaxildako lagunen eskutik atera duen lan honek jarraipena eman dio La sociedad implosiva (Muturreko Burutazioak, 2015) eta Capitalismo terminal (Traficantes de Sueños, 2018) lanekin abiatutako analisiari. Berarekin elkartu gara Bilbon.
Nahi gabe kapitalismoari buruzko trilogia osatu duzu, eta horri eman zenion hasiera La sociedad implosiva liburuarekin. Hor azaldu zenuenez, kapitalismoaren motorra behin betiko izorratu da.
Arrazoi nagusia da kapitalismoa zabaltzeko aukerak munduan, hau da, kapitala balorizatzeko eta metatzeko prozesua, geroz eta mugatuagoak direla. Hori islatzen da esplotaziorako esparru berriak aurkitzeko ezintasunean, lan indarrari zein bitarteko naturalen ustiapenari dagokienez. Egia da esplotazioak jarraitzen duela oraindik, baina ez da munduko ekonomia suspertzeko gai.
Egitura arazo hori krisi ekonomiko eta sozioekonomikoetan adierazten da, adibidez, 2008an, finantza krisiaren itxurarekin, higiezinei lotutako hondamendiaren ondorioz. Baina ez gara okertu behar, banku, hipoteka eta higiezinen krisialdia dira kapitalismoaren krisialdiaren ondorioa, eta ez arrazoia. Horren erroa da kapitalismoa ez dela gai lortzeko etekin tasa nahikoa hazkunde ekonomikoa bermatzeko.
Aurretik ez da horrelako une larririk bizi izan historian, baina baldintza “subjektiboei” erreparatuta, kapitalismoari erantzuteko gaitasuna behar historikoaren oso azpitik dago. Horren adibidea da sindikatuen atzera-egitea; lanpostuaren defentsa aldarrikatzen da garai batean zeinean herrialde garatuetan, berregituraketak direla medio, klase kapitalistak ez duen beharrezkoa ikusten lan indarraren mantenua bere kapital metaketa ziurtatzeko. Gauzak horrela, lan indar hori botatzen dute merkatutik.
Uste duzu pandemiak batu eta bultzada eman diela kapitalismoak atzeratu dituen krisialdiei, zorrarena eta deslokalizazioarena, adibidez.
Pandemiak azkartu ditu egiturazko krisialdiak. Oro har, kapitalismoak eragin du produktiboak ez diren jardueren neurrigabeko hazkundea. Horrela aitortu dute gobernuek, hainbat sektore ekonomiko ez zirela funtsezkoak adierazita. Produktiboekin alderatuta, sektore horiek gehiengoa ziren. Eta gainera, produktiboak ez ziren inoiz eten.
Hemen saldu da krisialdi sozioekonomikoa izan dela osasun krisialdiaren eragina, eta kontrakoa izan da. XX. mendeko azken hamarkadetatik kapitalismoa ihesaldian dago hainbat krisialdiri izkin egiteko. Horietako batzuk azaleratu ziren 2008an, eta bankuak erreskatatu eta lan indarra gainesplotatu arren, ez da nahikoa izan hazkunde ekonomikoa eta kapital metaketa lortzeko. Pandemiak sakondu eta azkartu ditu arazo horiek modu saihestezinean, erreprodukzio prozesu guztiak etenda.
Aipatu duzu kapitalismoaren atzetik dagoela hainbat krisialdi, hori azalduko zenuke hobeto, mesedez?
Deslokalizazioak, hasieran, emaitza onak ekarri zituen eta kapital kopuru handien metaketa sortu zuen. Ordea, produkzioa hartu zuten Hegoaldeko herrialde horietan errepikatzen ari dira, II. Mundu Gerraren ondoren, kapitalismoaren erdigunean gertatu ziren baldintzak; langile mugimendu fordistaren gorakada, hain zuzen. Hori dela medio, Asiako zenbait sektore deslokalizatzen ari dira berriro. Adibidez, ehungintza, Txinatik Vietnamera eta Kanbodiara eraman dute berriki.
Horrek esan nahi du kapitalaren negozio zikloa, metaketan eta inbertsioaren itzuleran oinarrituta, gero eta laburragoa dela. Hain motza izanik, kapitalen arteko lehiakortasuna oso handia da, eta ezegonkortasuna sortzen baita merkatuan, gizartean eta klase agintariaren artean.
“Kapitalismoa suspertzeko beharrezko litzatekeen kontsumismo maila ez da jasangarria biosferarako”
Bestalde, kreditua mekanismo baliagarria izan zen kapitalaren zabalpenerako eta orekatzeko lan indarraren baliogabetzea herrialde kapitalistetan. Azken hori deslokalizazioak sortu zuen. Kredituak erraztu ditu kontsumoa eta hipotekak, baina langile klasea hain prekarioa bilakatu da deslokalizazioagatik, ezinezkoa zaiola kreditua itzultzea.
Horrek eragin du, aldi berean, bankuen porrota. 2008an hipotekei lotuta izan zen, baina orain daude higiezinen kredituak, enpresenak, norbanakoenak, eta estatuenak. Are gehiago, estatuek ongizate gizartea ahalbidetzeko zor publikoa emititu dute eta hori ere elur bola da. Zorren interesak –ez zorrak berak– ordaintzeko kreditu gehiago eskatzen dira. Horren eskutik dator herrialdeen arteko menpekotasuna areagotzea.
Herrialde batzuek erosi dute beste batzuen zor publikoa, kasu batzuetan pentsio funtsen bidez. Kontraesankorra badirudi ere, dirua utzi duten nazioek, dirudunek, ezin dute zordunak erortzen utzi eurak ere atzetik joango lirateke eta. Hor dago Greziaren kasua. Azkenaldian hedabideetan hasi da agertzen gai hori. Pandemiak azkartu ditu gobernuen zorrak, larrialdi egoerari aurre egiteko kreditu berriak erabili baitira. Europako berregituraketa plana bide horretatik doa.
Azken liburuan iradokitzen duzu lan eredu asko ez direla produktiboak ezta beharrezkoak ere, eta lan indarra, alegia, langileria, desagertzeko arriskuan dagoela.
Pandemiak jarduera ekonomikoaren etenaldi orokorra eragin zuen; produkzioa, zerbitzuak, garraioa... Horren aurrean larrialdiko erantzuna izan da herritarren biziraupenereko gutxiengo baldintzak bermatzea, hornidura katearen bidez.
Testuinguru horretan, “funtsezko jarduerak” leloak azaleratu du, hasteko, badagoela lan ez produktibo izugarria. Batzuetan, gainera, kaltegarria da lan hori, kaltea sortzen baitu ingurumenean edo gizakiengan. Baina kapitalismoaren metaketarako ezinbestekoak dira jarduera horiek. Beste muturrean, badaude gizartearen jarraikotarsunerako mesedegarriak diren jarduerak, bizitzarako. Pandemiak azaleratu du dikotomia edo kontraesan hori.
Garrantzitsua da ikustea orain ez dela ordua azpimarratzeko ekoizpen egituraren afera, langilego fordistaren zabalpenaren garaian bezala. Orain mahai gainean dagoena da bizitzaren erreprodukzioa. Zentzu horretan, oso egokia eta aberasgarria da feminismoaren kritika politiko eta ekonomikoa, horretan eragiten baitu.
Kritika politikoa aipatu duzunez, duela urte asko adierazi zenuen keynesianismoa berpizteko saiakerak zentzugabeak direla eta horretan aritzen direnak “kapitalaren ezkerra” izendatu dituzu.
Keynesianismoaren arrakasta etorri zen garapen kapitalistaren eskutik, II. Mundu Gerraren ostean. Hain zuzen, deslokalizazioa eta finantzarizazioa izan ziren keynesianismoaren mugei erantzuteko tresnak kapitalaren aldetik. Kapitalaren ezkerrak, hau da, kapitalismoaren bizi baldintzak kudeatzen dituen ezkerrak, berpiztu nahi du keynesianismoa, ongizate estatua kontserbatuta. Hori ez da bideragarria, inbertsio gaitasunaren gainbeherak eta merkatu berriak sortzeko ezintasunak kapital metaketa saihesten baitute, nahiz eta periferiako herrialdeetan lan indarra eta bitarteko naturalak gainesplotatu.
Edonola ere, kapitalaren ezkerrak ez du modu kritikoan berrikusi keynesianismoa. Ongizate estatu hori bakarrik izan zen bideragarria II. Mundu Gerraren ondoren, kapitalaren zabalpen fasea gertatu zelako; dena berreraiketzeke zegoelako eta lan indarra esplotatu zelako. Ahaztu gabe Afrika, Asia eta Amerikako bitarteko naturalak lapurtu zirela eta kapitalismoaren herrialde zentraletan bukatu zuela aberastasun horrek guztiak.
Azkenik, ongizate gizarteko kontzeptua kontsumoari lotuta dago. Laburbilduz, kritika barik, ongizate estatuaren nostalgia sustatzen da, aintzat hartu gabe hori ahalbidetu zuten baldintzak ez direla existitzen, edo behintzat, posible direla gero eta jende gutxiagorentzat.
Kontsumismoaren harira, kritika moraletik harago, zure aburuz gero eta jende gutxiagok kontsumitu ahal izango duela eta horrek, aldi berean, gehiago hondoratzen du kapitalismoa.
Ongizate gizartearen zabalpen fasean agertzen den kontsumismoaren kritikak, 1968ko Maiatzak, adibidez, osagai morala zuen. Egun, osagai morala baztertu gabe, kontsumismoa adierazten da premiazko arazo historiko bezala: kapitalismoa suspertzeko beharrezko litzatekeen kontsumismo maila ez da jasangarria biosferarako. Fisikoki ezinezkoa da eta hori muinean dago.
Dena den, kontsumismoa herrialde kapitalista zentraletan hasi da kaltegarria izaten kapitalaren metaketarako ere, birziklatze kostuak direla medio. Zentzugabeko jarduera hori, bizitzarekin kontraesanean dagoena, bere gain hartu ezin duen gastu bilakatu da kapitalarentzat.
Konponbideak edo formulak ematearen kontrakoa bazara ere, etorkizunean bi bide ikusten dituzu. Edo kapitalismoaren joera jarraitzea behin betiko, kolapsora heldu arte, edo erresistentziak egituratzea, alderdi eta sindikatuen paradigmatik at.
Pandemiak agerian utzi du eredu kapitalistaren krisialdiak noraezean utzi duela kapitalari erantzuteko borroka eredua. Horrek ekarri du sindikalismoaren eta ordezkaritza politikoaren moduen krisialdia, esaterako. Demokrazia birsortu nahi zuten ezkerreko mugimenduen zaharkitzea bistakoa da, M-15 plazetan agertu zen 2011n eta jadanik agortu da. Ez dira gai kapitalismoaren krisialdiari irteera emateko, krisialdia betiko heldu delako, etengabea izango da, kapitalaren logikatik ez bagara ateratzen.
“Ongizate gizartearen estatua ez da bideragarria, kapitalaren inbertsio gaitasunaren gainbeheragatik eta merkatu berriak sortzeko ezintasuna dela medio"
Paralisi egoera honetatik irteteko, kapitalismoaren krisialditik ateratzea baino –atzera egingo ez duen prozesu historikoa baita–, mahai gainean jarri behar da kapitalismotik ateratzeko premia.
Hori lortzeko bilatu behar dugu esperientzia autonomoetan, antikapitalistetan, langilegoaren erresistentzian, zeinetan kapitalaren aurrean borroka-komunitateak eratu diren, baina ez errepikatzeko era nostalgikoan. Egin behar duguna da euren haritik tiratu, egungo gatazkak abiapuntu hartuta, joera komunitarioak berriro definituz. Uko egin behar diogu pentsatzeari borroka horiek helburuak edo alternatibak direla, marxismoak edo anarkismoak proposatzen duten moduan. Aldiz, joera posible baten moduan landu behar ditugu. Izan ere, usteltzen ari den kapitalaren logika edo erresistentzia komunitarioaren proposamenak –bizitzeko edo elikatzeko beste moduak eta harremanak– gatazketan gailenduko dira, indar harremanen arabera. Ez da programa bat, baizik eta gatazka bakoitzean ulertu behar den joera, gauzatuko dena ala ez.
Bukatzeko, Ciclismo y capitalismo liburua ere aurkeztu duzu, nola sortu zen testu hori?
Liburuaren jatorria da zaletasuna, txirrindularitzaren zale naizen neurrian, bitxia iruditzen zait bizikletak eta sistema kapitalistak garapen paraleloa izan dutela. Txirrindularitza bera, ikuskizun moduan, merkataritza fenomenoa bada. Gauzak horrela, soilik azpimarratu nahi izan dut paradoxa hori, emozio subjektiboaren eta logika kapitalistaren artean. Zentzu horretan, bizikleta eta txirrindularitza dira gizarte kapitalistaren produktuak.
Liburuan ibilbide historikoa egin dut. Adibidez, bizikleta literatura objektu eta gai errepikakorra izan da XX. mendean. Bizikleta bera eta txirrindularitza hainbat aldiz agertzen dira eleberrietan. Industria produkzioaren eta ikuskizunaren aldetik aztertu dut txirrindularitza. Izan emakumezkoa edo gizonezkoa, bizikletarekin harremana mantentzen duen industria da, beharginak lantegiarekin bezala. Zentzu horretan, kritika bat da txirrindularitzaren ekonomia politikoari, baina baita txirrindulariaren aldarrikapena eta defentsa ere, subjektu proletarizatua baita, eta esplotazioaren burdinezko legeen menpe baitago.
Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]
2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]
Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotua zen ekainaren 5eko sarekada. Kargurik eta kontrol judizialik gabe aske utzi dituzte atxilotu guziak.
Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]
Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu... [+]
Azkenaldian Bilboko San Frantzisko auzoan desalojo ilegalak jazo direla salatuz eta errealitate horren aurrean antolakuntzara dei eginez, Desalojo ilegalei ez kanpaina abiatu dute hainbat kolektibok larunbatean. Juan Mari Aburto alkateak Plan Zubirik 2021-2025 aurkezteko auzora... [+]
Esta gerra no termina en Ucrania (Gerra hau ez da Ukrainan amaitzen / Katakrak) liburua idatzi berri du Raúl Sánchez Cedillok (Madril, 1969). Ukrainarren defentsarako eskubidea ulertuta ere, gerra gelditzea aldarrikatzen du, hori delako modu egokiena ukrainar... [+]
Azaroaren 19ko gauaz geroztik, Turkiak areagotu egin du Kurdistango herriaren aurkako erasoa, eta Rojava eta Siriako ipar-ekialdea bonbardatzeari ekin dio. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak azaroaren 13an Istanbulen jazotako eztandaren erantzule egin du Kurdistango Askapen... [+]
Bilboko Udaltzaingoak legea hautsiz eta indarkeria erabiliz auzokide bat kale gorrian utzi duela salatu du Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatuak, Blackstone funts putrearen jabetzako etxebizitza hustu ostean. Ostiralean jazo ziren gertakariak, San Frantzisko kalean, eta toki... [+]
Azaroaren 19tik intentsitate handiagoz ari da Kurdistani eraso egiten Turkia, bonbardaketak ari baita gauzatzen. Azaroaren 13an Istanbulen jazotako eztandaren erantzule egin du Kurdistango Askapen Mugimendua, eta argudio horrekin ekin dio operazio militar berriari. KNK... [+]
Koordinaziotik antolakuntzara jauzi egitea. Helburu horrekin bildu dira urriaren 29an eta 30ean Hego Euskal Herriko zenbait etxebizitza sindikatu, horietan militatzen duten 100 pertsona inguru bilduz. Goñiko Dorrekoa Euskal Udalekuak hautatu dituzte etxebizitzaren aldeko... [+]
Itsaso erdian zulaturiko txalupa bat, eta barruan pertsona bat, kubo bat eskutan hartuta ontzira sartzen ari den ura berriz itsasoratzeko ahaleginean, ekidinezina begiztatzen den urperatzearen aurrean ur azalean mantentzeko ahalegin desesperatuan. Irudi hori erreproduzitzen da... [+]
Urriaren 19an familia bat etxegabetua izateko arriskuan zegoela jakinarazi zuen duela astebete Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. Etxegabetze aginduaren data iritsita, ez da kaleratzerik gauzatu. Sindikatuak larunbatean jakinarazi zuen antolakuntzaren eta lan... [+]