argia.eus
INPRIMATU
300 urte Read eta Bonny joan zirela
  • Port Royal (Jamaika) 1721eko apirilaren 28a. Sukar bortitz batek hil zuen Mary Read pirata ingeles ezaguna, kartzelan zela eta 35 urte zituela.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko apirilaren 27a
Mary Read eta Anne Bonny piratak. 300 urte dira bata hil eta bestea desagertu zela. (arg.: B. Cole)
Mary Read eta Anne Bonny piratak. 300 urte dira bata hil eta bestea desagertu zela. (arg.: B. Cole)

Anne Bonny (1697-1721) eta bera dira historiako emakumezko piratarik ezagunenak eta pirateriagatik epaitu eta zigortutako bakarrak. Biak batera aritu ziren Pirateriaren Urrezko Aroan.

Mary Ingalaterran jaio zen 1685ean. Txikitatik Mark izenez ere ezagutzen zuten eta mutikoen jantziak jartzen zizkion amak. Amaren senarra hil eta gutxira biek aurrez zuten semea hil zen. Mary ezkontzaz kanpoko harreman batetik jaio zen eta ez dugu bere aita biologikoaren berririk. Amak sasiko umea ezkutatzeko eta egoera ekonomiko larria hobetzeko irtenbidea topatu zuen: Mary hildako anaia Mark bezala jantzita eta haren izena hartuta, senarraren familiak diruz laguntzea lortu zuen.

Maryk mutilez jantzita lortu zuen lehen lana. Morroi gisa aritu zen, lehorrean lehenik eta itsasontzi batean, gero. Britainiar armadan ere aritu zen. Gizon itxurak baztertu eta flandriar soldadu batekin ezkondu zen, baina ezkontza laburra izan zen. Senarra hiltzean, berriro gizonez jantzi eta itsasoratu zen.

1708 urte inguruan, piratek Readen ontzia erasotu zuten eta ez zuen erreparorik izan haiekin bat egiteko. 1920an John Calico Jack Rackham eta haren bikotekide Anne Bonnyrekin bat egin zuen. Bi emakumeek ba omen zekiten bestea emakumea zela. Eta John Rackhami Bonnyk berak esan omen zion Read emakumezkoa zela, Rackhamek susmatzen baitzuen Bonnyk eta Readek maitasun harreman bat zutela. Historialariek ez dakite nolakoa zen benetan bien arteko harremana, eta ez dakite ahalegin handia egiten ote zuten gizonezkoen mundu hartan emakumeak zirela ezkutatzeko ala, besterik gabe, askoz erosoagoa zelako janzten ote ziren gizonez. Bikotea halaxe deskribatu zuen Dorothy Thomas lekukoak: “Gizonezkoen jakak zeramatzaten, galtza luzeak eta burua zapietan bilduta. Matxete eta pistola bana zituzten eskuetan, irainak eta biraoak botatzen zituzten, eta ni hiltzeko eskatzen zieten gizonei”.  Thomasek garbi omen zuen emakumeak zirela “bularren tamainagatik”.

1720ko azaroaren 15ean atxilotu zituzten Read, Bonny eta eskifaia osoa. Epaitu ondoren, denak urkamendira kondenatu zituzten, baina bi emakumeak haurdun zeudenez, erditu arte zigorra atzeratzea erabaki zuten. Ez dakigu Read erditzean edo lehenago hil ote zen. Eta Bonnyren berri ez dugu handik aurrera, ez ihes egin zuen, ezta exekutatu zuten ere. Mary Read hiltzearekin batera galdu zen Anne Bonnyren arrastoa.