argia.eus
INPRIMATU
Zorretan
Itxaro Borda 2021eko apirilaren 20a

Hondar egunotako agerpenen ildotik, euskaldunok egundainokoan iraganarekiko eta etorkizunarekiko zorretan gaudela ematen du. Julen Madariaga ETAren sortzaileetatik baten zentzeak hitzaren metxa berriz piztu duela dirudi: zorretan gabiltza beraz, bera eta bere lagunen ekinik gabe ez geundelako orain gauden egoeran, Tatort telesaila alemanez ikusten eta Komunikazio Ez Biolentoaren irakaspenak ikasten.

"Zordunak zirelako, dena onartu zuten, ‘erdi atzarrik, erdi lo, erdi hil’ Niko Etxartek zioen bezala"

Hamalauko gerla bukatzean, gure arbasoei elizak disgusturaino errepikatu zien Frantziarekiko odolaren zorra ordaindurik, aberri txikikoek bazutela de facto aberri handiko kide oso izateko eskubidea. Zordunak zirelako, dena onartu zuten, erdi atzarrik, erdi lo, erdi hil Niko Etxartek zioen bezala. Apez aurre-abertzaleek euskara galtzearen errua ere leporatzen zieten, bereziki emaztekier. Aterabiderik ez duen menpekotasun inplizitu baten ikurra da zorra, etxean, herrian eta munduan.

Zorra gurean ideologikoa da: kapitala eta interesak batuz, animalekoa bilakatu eta bizitzak eskatu dira horren kitatzeko, sakrifizioak, martirioak, eresiak... duela gutxi arte ezagutu dugun zordunon parafernalia.