Antsietatea, depresioa, larritasuna, ezintasuna... Ez da oso ohikoa gazteen ahotan hitzok entzutea. Ez zen, orain gutxi arte. COVID-19aren pandemiak haien bizitzak eta harremanak kolpetik eten ditu. Baita etorkizuna are gehiago lausotu ere. Arrazoi eta ondorioetan arakatzen ahalegindu gara, hainbat gazte eta adituk esandakoak oinarri hartuta.
Urtebete baino gehiago igaro da COVID-19aren pandemia hasi zenetik, eta badirudi osasun-krisialdia eta krisi ekonomikoa ekartzeaz gain, beste arrasto bat ere uzten ari dela, hain zuzen ere, osasun mentalean. Krisialdi egoerak gizarte osoan izan ditu eraginak, estresa, larritasun sentimendua eta antsietatea bezalakoak areagotu egin dira, baita nekea eta tristura sentimenduak ere.
Azken urte honetan, buruko osasunaren inguruan egindako ikerketek mahai gainean jarri dituzte pandemiaren ondorio psikologikoak, eta gazte eta nerabeen inguruko datuak nabarmendu dira bereziki. Espainiako Ikerketa Soziologikorako Zentroak (CIS), pandemia garaian espainiarren osasun mentalari buruzko inkestaren txostena argitaratu zuen otsailean. Dioenez, 18-34 urte bitarteko gazteak –emakumeekin eta klase baxuko pertsonekin batera– izan dira pandemiak sortutako nekea gehien jasan dutenak. 18 eta 24 urte bitarteko hamar gaztetatik hiruk adierazi dute antsietate-krisiak jasan dituztela pandemia hasi zenetik, eta lautik batek oso triste edo deprimituta sentitzen dela. Halaber, talde horretako %18ak “beldur handia” sentitu du.
Ez baita gozoa testuingura. Lehen ohikoak ziren esperientziak, hala nola, eskolara joatea, lagunekin irtetea, zinemara joatea, kirola praktikatzea, ibilaldiak edo txangoak egitea… mugatu egin dira, ahalik eta harreman fisiko txikiena izatea eragin duen osasun-larrialdiaren ondorioz.
Nekea, motibazio eta ilusio falta, apatia edota ziurgabetasuna dira gazteek gehien aipatu dituztenak
Antsietatea, depresioa, loaren eta elikaduraren nahasmenduak, segurtasun eza, estresa, tristura, ezintasuna, kontzentrazioa galtzea, beldurra, neke emozionala, larritasun eta akidura sentsazioa, autoestimu baxua, suminkortasuna, umore-aldaketa bortitzak… izan dira gazteen artean identifikatutako sintomak. Izan ere, pandemiak buru osasuna eta oreka emozionala zalantzan jarri ditu, eta hala baieztatzen dute datuek.
Datu horiek abiapuntutzat hartuta, lau gazterekin elkartu gara haien bizipenak ezagutu eta hobeto ulertzeko. Aho batez esan digute pandemiaren eragin nagusia “nekea” dela, zentzu guztietan, “nekatuta” baitaude orokorrean: “Emozionalki bizirauten ari gara, benetan bizitzen egon beharrean”. Zentzu horretan, “apatia” izan da solasaldian gehien errepikatu den kontzeptuetako bat. Arrazoi argirik gabe, “akiturik, ezer egiteko gogorik gabe eta hutsik” sentitzen direla azaldu dute.
Sarritan entzun dute gaztaroa bizitzako unerik onenetakoa dela eta disfrutatu beharra dagoela. Egoera honek ordea, ohikoak diren esperientzia eta bizipenak mugatu egin ditu. Denbora aurrera doala eta bizitzako unerik “onenak” pasatzen ari direla pentsatzeak “larritasuna” sortzen die: bizitza ezin kontrolatzea, askatasun falta, gauzak aurretiaz planifikatzeko aukerarik eza…
Bereziki uda amaitu eta ikasturte hasierarekin lotzen dute neke sentsazioa. “Errutinara itzultzea kolpe gogorra izan zen: protokoloetara ohitzea, harremanak mugatzea, ikasketak jarraitzea…”. Motibazio eta ilusio falta identifikatu dituzte arlo honetan eta horrek errudun eta gaizki sentiarazten ditu aldi berean. ”Gure egunerokoa guztiz aldatzea eskatu digute, baina aldi berean funtzionalak izan behar gara: itzali emozio eta sentimenduak eta funtzionatzera”.
Nabarmen aldatu den espazioetako bat hezkuntza izan da, maila guztietan. Euren iritziz, ikasketa prozesuarekiko deskonexioa gertatu da, ikasle-irakasle harremanak hoztu egin direlako eta bereziki, ikasleen artekoak asko mugatu direlako. Bestetik, kontzentratzeko zailtasunak izan dituztela ere aipatu digute guztiek.
Sozializatzeko moduak errotik aldatu dira, eta “gertutasun falta” nabaritzen dute. Norbera eta hurbilekoak kutsatzeko beldurra dago eta horrek harremanak mugatzen ditu. “Askotan ez dakizu nola jokatu zure ingurukoekin eta oso zaila da harreman berriak sortzea”.
Gazteen “kriminalizazioaz” ere mintzatu dira solasaldian. Haien ustez lekuz kanpoko epaiak eta esajerazioak gailendu dira gizartean. “Ez digute galdetu gure egoera eta beharren inguruan, baina etengabe epaitzen gaituzte”.
Honi guztiari lehenagotik zituzten kezkak gehitu behar zaizkio: lan mundu prekarioa, independizatzeko zailtasunak, baliabide eza... Finean iluna zen etorkizuna are ilunago bihurtu du ziurgabetasun egoera honek. Horrek larritasun sentimendua sortzen du, egoera kontrolatzeko ezintasunak estresa sortzen duelako, eta horrek, nekea.
Hein handi batean, lau gazteek kontatu digutenaren ildotik aritu zaizkigu elkarrizketatu ditugun adituak. Idoia Agirre psikiatrak Osakidetzan egiten du lan, haur eta gazteekin bereziki; Aitor Aritzeta Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea da; eta Espazio Lunarra Hernanin dagoen zentro psikoterapeutikoa da, banakako eta taldeko zaintza-zerbitzuak eskaintzen dituena. Lau kidek osatzen dute proiektu hori: Maddi Gutierrez, Amanda Jimenez, Javi Olfos eta Leire Murguialdayk.
Nekea da gizartean gehien errepikatzen den ondorioetako bat, baina zer da zehazki “neke pandemikoa”? Aitor Aritzetak lanean erreta egotearen sindromearen adibidea darabil kontzeptua azaltzeko: “Lanean erreta gaudenean, desoreka gertatzen da sentitzen dugun presioaren eta daukagun indarraren artean”. Desoreka hori denbora luzez mantentzen bada, erredura sentimendua etortzen da eta hala gertatzen ari da gaur egungo egoeran: “Geroz eta energia eta baliabide gutxiago daukagu, sentitzen ari garen presio horri aurre egiteko”. Presio hori eragiten dute mugikortasuna mugatzeak; itxialdiak; gaixotzeko, lana galtzeko edo etorkizunarekiko beldurrak; eta egoerari aurre egiteko ezintasunak, zeintzuek energia kentzen diguten. Hala, nekatu egiten gara: “Motibazioa galtzen dugu, asaldatu egiten gara, zaurgarriago sentitu, errazago haserretu, lo egiteko arazoak ditugu… Neke pandemikoa hori da, dauzkagun baliabideekin estres egoerari ezin aurre egitea”.
Izaki sozialak gara, eta bereziki nerabezaro eta gaztaroan ezinbestekoa da besteekin harremantzea. Espazio Lunarreko kideek azaldu digutenez “gaztaro osoan geure burua ezagutzen goaz, gure esperientzia pertsonalen eta beste pertsona batzuek gure inguruan bizi dituzten esperientzien bidez”. Sozializazio prozesu betean daude gazteak, komunitatean bizitzeko etapa bat den heinean. “Pandemiak sozializazio- eta autoezagutza-kanalak mugatzen baditu, nola ziurta dezakegu egungo gazteek –batez ere nerabeek– estrategia osasuntsuak sortuko dituztela beren emozioak eta bizitzak moldatzeko eta kudeatzeko?”.
Aitor Aritzetaren hitzetan, haien identitatea eraikitzen ari dira gazteak: “Nor naiz ni?” galdetzen diote haien buruei eta horretarako ezinbestekoak dira besteak. “Egoera honetan zaila da galdera horri erantzutea, ezin dituzulako zure ideiak eta zure auto kontzepzioa besteekin kontrastatu”. EHUko irakaslearentzat hor dago gakoa, naturalki garatu beharko litzatekeen prozesua kaltetu edo oztopatu egiten duzunean, ondorioak ditu ongizate psikologikoan. “Horregatik ikusten ari gara sintoma hauek bereziki nerabe eta gazteen artean”.
Haien identitatea eraikitzen ari dira gazteak. “Nor naiz ni?”. Aitor Aritzetak dioenez, “egoera honetan zaila da galdera horri erantzutea, ezin dituzulako zure ideiak eta zure auto kontzepzioa besteekin kontrastatu”.
Izurriteak depresio eta antsietatearekin lotutako sintomez gain, bestelako ondorioak eragin dituela dio. Anorexia eta bulimia kasuek esaterako nabarmen egin dute gora, baita bideo jokoekiko zein sare sozialekiko menpekotasunak ere. “Azken hauen bitartez larritasun sentimenduetatik ihes egiten saiatzen dira, baina horrek bakardade eta sufrimenduak ere ekartzen ditu”.
Argi dago gaur egungo gazteen artean sare sozialak harremantzeko modu gisa erabiltzen direla, eta lehendik zeuden espazioak mugatu direla kontuan harturik, norberaren identitatearen eraikuntzarako oinarrizko espazio bihurtzen ari dira, horrek dakartzan arrisku guztiekin.
Idoia Agirre psikiatrak institutuan dauden nerabeak tratatzen ditu kontsultan. Bere ustez, ezin izan dute ohiko baliabideez baliatu beren prozesuan aurrera egiteko. “Honek, ziur, aztarna psikiko bat utziko du, ikustear baitago zer izan den gazteentzat kalera ezin ateratzea, lagunekin ez egotea…”.
Berrogeialdia hasi zenean, eskola eta unibertsitateak egoera berrira egokitzen saiatu ziren, eta ikasleek on-line amaitu behar izan zuten ikasturtea. Irailean, ordea, protokolo eta neurri berriekin hasi ziren eta unibertsitateen kasuan ikasle askok online bidezko eskolekin jarraitu dute.
Horrek erabat aldatu du harremanak sortzeko funtseko espazioetako bat zena. Aritzetaren ustez, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen kaltetzea nabarmena izan da. “Asko nabaritu dut larritasun eta urduritasun horrek denborarekin ekarri duen nekea eta motibazio falta. Orain gehiago kostatzen zaie ikasketa prozesuarekin konektatzea eta motibatzea. Bereziki, komunikatzeko garaian, niri pertsonalki oso zaila egin zait ikasleekin konektatzea. Gainera, azalpenen sakontasuna azalean geratu dela ikusi dut, ez genuen sakontzeko aukerarik eta solasaldi oso gutxi izan dira. Ezagutza partekatzearen prozesuan kalte handia eragin du”.
Izurritearen urtea definitzeko hitz egokienetakoa da ziurgabetasuna. Izan ere, zalantzaz beteriko garaiak izaten ari dira eta honek ere eragina du osasun mentalean.
Datuen arabera, bereziki gazteek pairatu dituzte krisi ekonomikoaren ondorioak. Gazte askok lanpostua galdu dute, eta haiek dira hain justu lanpostu prekarioak dituztenak. Aritzetaren ustez kezka nagusia ziurgabetasunaren kudeaketa da, egoera horri aurre egiteko gaitasun eta baliabide falta dutelako. “Horrek zaurgarriago egiten ditu osasun mentalen aurrean”.
Espazio Lunarreko kideek argi adierazi dute: “Aspalditik dakigu enplegua eta laneko segurtasun ezak osasun mentaleko arazoen eraginen areagotzearekin lotura duela”.
Horrez gain, Agirre familien faktore sozioekonomikoaren garrantziaz aritu da: “Familian baliabide gutxiago eta estutasun handiagoa duten nerabeek sufritu dute gehien”. Joera hori nabarmen nabaritu du bere kontsultetan.
“Zenbat eta denbora gehiago egon trauma egoeran, orduan eta denbora gehiago beharko da aurre egiteko. Ez da beti hala izaten, baina badago lotura”, dio Aritzetak. “Bihar pandemia desagertuko balitz, honek utziko dituen nahaste psikologikoek denbora beharko lukete gainditzeko. Izan ere, pertsonek bizi dituzten arazoak eta denbora luzean izandako zaurgarritasun egoerak ondorioak izango ditu eta gizarteari kostatuko zaio honi buelta ematea. Pertsona bakoitzaren izaera eta baliabideak ezberdinak dira, baina denek beharko dugu denbora horretarako”.
Espazio Lunarreko kideek ondorengo kezka plazaratu dute: “Neke emozionala eta ziurgabetasuna denboran luzatzen badira, beldur gara hori gizartean normalizatuko ote den, hau da, depresioa, antsietate orokorra, itotze-sentsazioa, zer nahi dugun pentsatzerik ez izatea eta halakoak bizitzeko modutzat hartzea”.
Agirrek, ordea, beste ikuspuntu bat gehitu dio: “Urte honetan bizitakoa esperientzia bat izan da, eta behin hori gainditzen dugunean, balio handia izango du. Esperientzia honetatik ere ikasiko dute gazteek, eta erabilgarria izango zaie seguru”.
Espazio Lunarreko kideen ustez, ez zaio behar besteko arretarik ematen buruko osasunari: “Pandemia bitartean agerian geratu da ez dagoela apenas arreta-zerbitzurik, eta zerbitzu hori borondatez eta ordainsaririk gabe eman da. Premiazkoa da osasun mentalean eta emozionalean esku hartzeko politikak ezartzea. Era berean, bizitzako esparru guztietan osasun mentalari arreta jartzeko beharraz kontzientzia handiagoa sortzea eta autokudeaketarako ezagutza sustatzea ezinbestekoak dira”.
“Orain dela urte batzuk Europar Batzordeak txosten bat atera zuen, lan erredurak eta lan estresak urtero 6.000 milioi euroko kostua zutela esanez”, kontatu digu Aritzetak. “Osasun mentalak bizitza eta ekonomia eramaten ditu aurretik: bizitza, suizidioen moduan; eta ekonomia, estresarekin sortutako bajekin eta farmakoen kontsumoarekin, besteak beste. Osasun mentalak ere izugarrizko inpaktua dauka ekonomian”. Bere ustez, buruko osasuna zaintzeko baliabideen beharra mahai gainean jarri behar da, eta horretarako, osasun publikoan psikologo gehiago behar direla dio, besteak beste. Gogorarazi du jende askok ez dituela psikologo pribatuetara joateko baliabideak: “Ezin da ulertu osasun mentala pribilegio bat bezala”.
Espazio Lunarreko kideek azpimarratu dute pertsonak ez garela izaki bakartiak, elkarren mendekoak baizik. “Sistema honek, gero eta indibidualismo handiagorantz bultzatzen gaituen arren, izaki sozialak gara eta gainerakoen beharra dugu ikasteko eta bizitzeko. Sarritan, ezin diegu zailtasunei aurre egin norbaitekin hitz egin gabe, entzunak izan gabe eta ulertuak sentitu gabe. Niri bakarrik gertatzen ez zaidala ikusteak berebiziko garrantzia du eta finean, zaintza mentala eta emozionala aldi berean indibidualki zein kolektiboki indartzea ezinbestekoa da”.
Haien proposamena bide horretatik doa, norberaren eta taldearen zaintzan lan egitea, pertsonak erdigunean jartzea eta gure benetako beharrei erantzutea baitute helburu. Haientzat eraldaketa sozialerako tresna da hori.
Aritzetak, bestalde, estresari aurre egiteko energia berreskuratu behar dugula dio, eta horretarako lau hankatako aulkian eseri behar dugula. Zeintzuk dira, bada, lau hanka horiek? Lehen hirurak lirateke elikadura osasuntsua izatea, kirola egitea (antidepresibo onenetarikoa da) eta lo errutinak zaintzea. Horien bitartez energia fisikoa berreskuratu dezakegu. Osasun mentala indartzeko ordea, laugarren hanka daukagu: harremanak zaintzea eta babestea –ahal bada fisikoki–, gehiago irakurtzea, gain informazioa ekiditea, yoga, meditazioa edo antzekoak praktikatzea... “Lau gauza horiek zainduz osasun mentalari izugarrizko bultzada eman diezaiokegu”.
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]
Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.
Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.
Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.
Txinan derrigorrezko isolamendu neurriak kendu dituzte nazioarteko bidaiarientzat, eta eguneroko kutsatzeen datuak emateari utzi. Politika aldaketa baten ondorioz dira neurriok, baina egoeraren kontrolik ezak nazioartean izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute zenbait adituk.
Iraungi diren gehienak Pfizer markakoak dira, Europar Batasuneko hornitzailerik handiena.
Milaka herritar kalera atera dira hiriburu nagusietan, Txinako Gobernuaren zero COVID estrategiak eragiten dituen kalte ekonomikoak eta psikologikoak salatzera. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazioetan orri zuria erakusten dute manifestariek, zentsura irudikatzeko. Pandemia hasi... [+]
Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu... [+]
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
"Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.
Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze... [+]
Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.