argia.eus
INPRIMATU
Lan istripuak saihestea ez da lehentasuna
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2021eko apirilaren 20a

Beste langile bat hil da lanean, lan istripu baten ondorioz. Urte hasieratik hamasei hil dira (apirilaren 12ko datuak dira); 2020an, hildakoak 75 izan ziren. Saihestu ezin den kasualitatea, patua balitz bezala hartzen da, zorte txar baten modukoa. Patronalek tragedia pertsonal eta enpresarial onartezinari buruz hitz egiten dute, baina aldi berean mila langileko lan-istripuen indizea murrizten doala azpimarratzen dute, guztiak pozik, orduan. Indizeak, zenbakiak baikara.

Ezaguna da behin-behineko kontratu bat duen langile batek, behin betiko kontratua duen beste baten aldean, lan istripua izateko 1,7 aukera gehiago duela. Ez da lan esperientzia faltaren ondorioa, baizik eta lan baldintza okerren efektu zuzena. Kolektibo honek lan baja gutxiago hartzen du, lan kontratua ez berrizteko arriskua dela eta. Horri gehitu behar diogu lan istripu bat izateko arriskua handiagoa dela 1 eta 25 langile artean duten enpresetan, gure enpresa sarean ohikoa den tamaina, zeinean enpresarekiko harremana estuagoa den. Kasu honetan, langilearen okerrerako.

Datuak gordinak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, 2019. urtean 46.585 lan istripu izan ziren; horietatik 308 oso larriak. Datuetan ez da lan gaixotasun anitz sartzen, horien onarpena mutuen edo Espainiar Erresumako INSSren esku baitago. Adibiderik garratzena amiantoaren biktimena da, kasu gehienetan epaitegietan amaitu behar baitute, sarritan langilea zendu ostean.

"Behin-behineko kontratu bat duen langile batek, behin betiko kontratua duen beste baten aldean,
lan istripua izateko
1,7 aukera gehiago du"

Arrisku psikosozialak beste mundu bat dira. Estatistika zehatzak eskuratzea oso zaila da; gainera, horiei aurre egitea ia ezinezkoa da, suposatzen delako lan gainkargak eta gehiago produzitzeko presioa naturalak direla. Enpresak erantzule zuzenak dira, nahiz eta euren helburu nagusiena irabaziak egitea den (plusbalioaren erauzketaren bitartez). Lan egiteagatik ordaintzen digute, ez osasuna lanean galtzeagatik.

Beno, arazo publiko hori saihesteko Administrazioak jardungo du. Horretarako lan osasuna bermatzeko baliabideak jarri beharko lituzke, lan istripuak saihesteko dagoen tresna publikoa erabiliz: Lan Ikuskaritza da lan osasuna bermatzeko duen erreminta. Dena dela, zein da arlo horretan egiten duen esfortzua?

Hasteko, 2020ko datuen arabera, EAEn 33 inspektore aktibo daude; Bizkaiko kasuan, ikuskapen-lana egin dezaketenak 15 dira. Herrialde historiko horretan ikuskari bakoitzari 29.437 langile dagokio; Araban eta Gipuzkoan ratio horiek pixka bat hobeak dira, baina antzeko zenbakitan mantentzen da. Bizkaian ikuskari bakoitza urtean 300 espediente betetzen ari da, lan-kantitate handia dela eta. Nahiko desegituratuta dago Lan Ikuskaritza eta ez dago aukera materialik enpresetara prebentzioa egitera joateko.

Aldera dezagun EAEko Lan Ikuskaritza polizia ratioekin. Ertzain bakoitzeko 274 pertsona daude, edo 199, udaltzainak ekuazioan sartzen baditugu. Erabaki politikoa dela agerikoa da.

Horrela uler daiteke langileen osasunaren aurkako enpresen inpunitatea, urtez urte hainbeste hildako, istripu eta arrisku psikosozialei lotutako bajak; zaindari eginkizuna duenak (EAEko Administrazioak) paso egiten baitu. Horrek kostu ekonomiko handia du (beste kostu ez ekonomikoen artean, pertsonen duintasuna eta osasun mentala, adibidez), baina kostu hori ikusezina da, langileok geure poltsikotik eta gure osasunarekin ordaintzen dugulako. Azken finean, egoera hau klase borrokaren enegarren adibidea da; badakigu gobernua noren aldean lerratzen den.