argia.eus
INPRIMATU
Zauriak
Laura Penagos Rodríguez 2021eko apirilaren 15a

Duela egun batzuk galdetu zidaten ea hemen noizbait sentitu naizen baztertuta nire azalaren koloreagatik. Ezetz erantzun nien berehala. Ez dakit nondik erantzun nuen.

Egunak pasa eta gero etorri zitzaidan hausnarketa burura. Nor naiz ni denboraren baitan? Nor naiz ni denboratik kanpo begiratzen dudanean? Emakume beltza naiz? Emakume indigena naiz? Emakume zuria naiz? Emakume mestizoa naiz? Neure buruari galdetzen diot nor naizen, eta batzuetan ez dakit. Garrantzitsua da hau jakitea? Zertarako?

Txikitan, ispilu aurrean galdetzen nion aitari –“Aita, zergatik ez naiz zuria? Zu gizon zuria zara, eta baita ahizpak ere”–. Ahizpak bezalakoa izan nahi nuen; are gehiago, Amerikako Estatu Batuetan bizi den osabak ekarri zidan Barbie panpina izan nahi nuen.

"Nola egin aurre begirada zuriari? Nola egin aurre emakume beltz eta “arrazializatu” gisa ditugun aurreiritziei? Nola egin aurre geure buruari?"

Aitak bi lagun zituen: batek “la india Vivis” deitzen zidan, Viviana baita nire bigarren izena; eta besteak, “Chorrito e jumo”. Kea esan nahi zuen bigarren horrek.

Ez nuen beltza izan nahi, ez nuen indigena izan nahi. Zergatik ez, Laura? Kolonialismoak gizaki zuriaren botere hegemonikoa oso ongi irakatsi zigun. Feminismo kolonialaren jardunaldiak egin zituzten Durangon. Emakume beltz haiek ikusi nituenean, Audre Lordek esaten zuen bezala “gure ahizpak”, lotsa handia sentitu nuela onartu behar dut. Dena zentzugabea zela sentitu nuen.

Nork sufritu du gehiago? Noiz arte bizi beharko dugu munduan biktima gisa? Zergatik ezarri nahi diegu gure egia besteei? Gizonezkoen munduari egozten zaion oldarkortasun hori sentitu nuen, heldutasun ezarekin nahasia. Infantilizatua sentitu nintzen, duintasunik gabe sentitu nintzen, ez nintzen ordezkatuta sentitu. Gloria Azalduak idatzi zuen bezala, “bandoen arteko sutan harrapatuta, bost arrazak zure bizkarrean daramatzazunean, zein aldetara jo jakin gabe”.

Nire bihotzean tristura bat geratu zen. Mendeak pasatu dira, baina zauri hau zabaltzen ari da eta ustel irauten du.
Kostatu zait zauri hau aurrez aurre ikustea, ez nuen nire sentitzen, ezkutatu egiten nuen errurik eta lotsarik ez sentitzeko. Zauri hau entzun, besarkatu eta zaindu dut, eta orain ez dakit non dagoen. Joan da? Ez dut sentitzen, baina badakit ahizpa batzuek hor dutela. Zilegi da, eta, agian, beharrezkoa.

Nola egin aurre begirada zuriari? Nola egin aurre emakume beltz eta “arrazializatu” gisa ditugun aurreiritziei? Nola egin aurre geure buruari? Zer gertatuko litzateke gure azalarekin identifikatzeari utziko bagenio? Zer, esan ziguten guztiarekin identifikatzeari utziz gero?