argia.eus
INPRIMATU
Gure auto fabrika gelditu behar dugu, COVIDagatik eta Taiwanen lehortea daukatelako
  • Urtarril amaieran Gasteizko Mercedes konpainiako zuzendaritza langileen ordezkariekin bildu zen ohartarazteko fabrikako ekoizpen-katea eten beharko zutela autoentzako hainbat pieza elektroniko eskuratu ezinik zebiltzalako –zehazki, txip elektronikoak–.  Bi hilabete beranduago, martxoaren 27an produkzioa eten behar izan du. Antzeko egoeran aurkitu dira mundu osoan Volkswagen, Ford, Nissan, Toyota, Honda eta gainerako gehienak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko abenduaren 17a
Txipak defenditu: Joe Biden AEB-etako lehendakaria otsail amaieran, hatzen artean txip bat duela, piezon hornidura bermatzeko legea iragartzen. (Argazkia: Jonathan Ernst)
Txipak defenditu: Joe Biden AEB-etako lehendakaria otsail amaieran, hatzen artean txip bat duela, piezon hornidura bermatzeko legea iragartzen. (Argazkia: Jonathan Ernst)

Airbag-ak, haizetako-garbigailuak, motorraren kudeaketa elektronikoa, edozein kotxek gaur daraman barne-ordenagailua, aparkatzeko sentsoreak, leihoetako beira-jasogailua… denak daramatzate mikrotxipak, sarritan 100 baino gehiago. Sofistikatuak bezain merkeak, baina munduaren beste muturretik ekarri beharrekoak.

Erdieroale elektronikook, prefosta, teknologia berriz osatutako tramankulu guztien barrunbeetan ere badaude, gero eta gehiago, eta horien eskasiaren zantzuak azaldu ziren 2020an:  Applek bere azken iPhone berria epeka merkaturatu behar izan zuen, Xbox eta PlayStation kontsola berrien zain zeuden guztiak ezin ase… Tartean, Samsung eta Qualcomm bezalako txip hornitzaileek aurreratu zuten enkarguak osatu ezinik ari zirela. Urte amaierarako ‘txip idortea’ automoziora hedatua zen eta prentsa hasi zen aipatzen ‘txipen Armagedon’ baten arriskua.

Airbag-ak, haizetako-garbigailuak, motorraren kudeaketa elektronikoa, edozein kotxek gaur daraman barne-ordenagailua, aparkatzeko sentsoreak, leihoetako beira-jasogailua… denak daramatzate mikrotxipak, sarritan 100 baino gehiago. (Argazkia: CarBuzz)

BBCn teknologia gaien editorea den Leo Kelionek idatzi duenez, “gaur munduan oker dabiltzan beste gai askotan bezala COVID-19 pandemiak dauka honen erruaren parte bat”. Koronabirusagatiko itxialdiagatik asko handitu zen bai lanerako eta bai aisialdirako tramankulu elektronikoen salmenta, baina beste eskuarekin pandemiaren hasierak kotxe berrien salmentak hondoratu zituen eta autogintzako industriak beste osagai guztienekin batera txip elektronikoen eskariak ezabatu zituen.

Alabaina, 2020ko amaiera aldean autoen eskaria espero baino azkarrago berotu zen berriro eta industria berriro pieza eske hasi zenerako mikrotxipen ekoizle nagusien fabrikazio-kateak beste produktuetan zerabiltzaten buru-belarri: ordenagailu, telebista, ‘smartphone’… Eta hori gutxi balitz, 5G azpiegiturek hartu duten abiadurarekin hortik ere eskaria handitua zitzaien. Ororen buru, aditu batzuek uste dute gutxienez 2021eko uda pasa arte ez dela txipen eskasia gaindituko.

Eguneroko tresnerietan ohikoak bihurtu diren pieza elektroniko merkeon ekoizpenak inplikazio geopolitikoak ere baditu, asko orain jabetu direnez. Taiwan eta Hego Korea dira nagusi horietan: horiek ekoizten dituzte prozesatzaileen txipen %83 eta memoria-txipen %70. Petrolioarentzako LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea izan zena dira gaur Taiwan eta Hego Korea, txipen ekoizle monopolistak, guztien artean nagusi TSMC Taiwan Semiconductor Manufacturing Company.

TSMC Taiwan Semiconductor Manufacturing Company, munduko mikrotxip ekoizle nagusietakoaren egoitza.

AEBen eskuetan dago merkatuaren beste %22 eta Europarena da %8. Europak erraz egin dio uko erdieroaleen ekoizpenari, hain merkeak izanik oso etekin txikia eskaintzen diotelako fabrikatzaileari eta orain ikusi da horietan datzala industria europarraren ahulezia handietako bat, uneotan oso nabarmenki baldintzatzen duena autogintza baina baita digitalizazioan aitzindari izan nahi duen ekonomia osoa ere.

Bestalde, Taiwanek ekonomiaren osagai klabe horren ekoizpenean daukan nagusitasunak areagotu baizik ez du egiten Txinak uhartea estu kontrolatzeko daukan nahia. Taiwanek erdiz-erdi ukitzen du nazionalismo txinatarraren bihotza, baina gainera honen ekonomian ere garrantzia berezia dauka uharteak bere mikrotxipekin. Nazioarteko zenbait adituk Taiwanen aurreikusten dute AEBen eta Txinaren arteko hurrengo talka bortitza.

Beraz, COVID-19ak ekarritako astindu eta aldaketak, tartean ekonomiaren digitalizazioan eragin duen jauzia, aski lirateke mikrotxipen krisia esplikatzeko. Baina beste faktore bat ere suertatu da: Taiwanek azken urteotan bizi duen lehorte handia. Zer dauka ikusteko, ordea, ur faltak silizio idorrez egiten diren mikrotxipekin?

Tsengwen urtegiak, Taiwanen, nabarmen ageri ditu lehortearen arrastoak. (Argazkia: CNA)

Nora joan dira tifoiak?

Kurt Cobb energia eta lehengaietan berezitutako kazetariak idatzi du Resource Insights blogean:  “Inork gutxik pentsa zezakeen gerta zitekeenik egun batean Taiwan bere industriarentzako ur faltan aurkitzea”. Taiwan uhartea Itsaso Barean Kantzer tropikoan dago eta urtean metroko 2.500 litro jasotzen ditu euritan, horietako asko orain arte urtean hirutan zihoazkion tifoiek ekarriak. Baina 2020an ez zaie tifoi bakar bat iritsi. Zientzialari batek azaldu duenez, Ozeano Barearen eta Asiako hego-ekialdearen artean kokatu diren presio altuek halako hesi bat osatu dute Taiwanen inguruan, tifoiak Japonia eta Hego Korearantz desbideratuz. Aurreikusten dute mende amaierarako batez beste orain arteko tifoien erdiak iritsiko zaizkiela.

Oraingo idorte honek gogor kolpatu ditu Taiwango nekazariak, asko soro eta baratzeak ureztatu ezinik dabiltza. Baina erdieroale elektronikoen industria ere behar adina ur barik dabil. China Water Risk erakunde txinatarrak dioenez, ur hornidura funtsezkoa du industria honek. Erdieroaleak siliziozko opil gisako olaten gainean eraikitzen dira, geruzatan, aldi oro ur ultra-puruz –UPW ingelesezko sigletan– garbituta. Iturriko ura baino milaka aldiz puruagoa izan behar duen UPW honetatik 1.000 litro edukitzeko 1.400-1.600 litro iturriko ur behar dira.

Mikrotxip elektronikoen oinarria diren siliziozko olatak egiteko ur ultra-puru (UPW) asko erabili behar da. (Argazkia: TSMC)

Zirkuituz osatutako Siliziozko 30 cm-ko olata tipiko bat egiteak eskatzen ditu 6-600 UPW ur. Beraz, hilabetean 40.000 olata ekoizten dituen fabrika batek egun bakarrean xahutu ditzake urte betean 60.000 biztanleko herri batek behar duen ur guztia.

Bide batez esanda, mikrotxipen industria ur-kontsumoan bezain intentsiboa da energi-kontsumoan. China Water Risken kalkuluetan, fabrika bakar batek irentsi ditzake 30-50 Megawatt argindar, hiri txiki bat asetzeko adina. 

Egia da beharrak eraginda industria honek ere hobetu duela uraren kudeaketan, ur bera berrerabiliz eta abar. Baina Kurt Cobbek aipatu du Bloomberg agentziak –ekologistatik deus gutxi duenak– emandako datu hau: munduan erdieroaletan munduko bigarrena Taiwan Semiconductor Manufacturing Companyk egun bakar batean kontsumitzen dituela 156.000 tona ur, usina nagusia daukan eskualdeko ur guztiaren %10.

Taiwan gai izan da txipok konkurrentziarik gabeko kalitate eta preziotan ekoiztera iristeko eta mundu osoan teknologia berrietan eta elektronikan liderrak diren konpainiek taiwandarrei azpikontratatu dizkie. Orain, ordea, Mendebaldean automozioak darabiltzan buruhausteek erakutsi dute ‘just-in-time’ funtzionatzen ohitutako kate globalaren ahulezia.  Sistema badabil, bai…gelditzen den arte.

“Taiwaneko idorteak –dio Kurt Cobbek– erakusten du zer gerta daitekeen elkar hartzen dutenean hainbat arriskuk: klimaren aldaketa, hil ala biziko industria gune grafiko batean biltzea, azpi-kontratazioa, nazioarteko tirabirak eta hornidura-kateen ahultasuna”.