Atenas, 1896ko apirilaren 6a. Lehen Joko Olinpiko modernoak inauguratu zituzten. 241 atletek –guztiak gizonezkoak– parte hartu zuten 10 eguneko kirol ekitaldian. 125 urte igaro dira.
Lehen Joko modernoak arrakastatsuak izan ziren, ordurarte ez baitzen sekula halako nazioarteko parte-hartzerik izan eta handik aurrera, lau urtez behin, ekimena errepikatzeko bidea ireki zuten, salbuespenak salbuespen: gerrak hirutan utziko zituen bertan behera jokoak, 1916an, 1940an eta 1944an, eta pandemiak atzeratu ditu 2020koak.
Urte batzuk lehenago, 1890ean, ekimenaren bultzatzaile nagusi Pierre de Coubertinek (1863-1937) bere kezka adierazi zuen kirol mundua arriskuan zegoelako: “Espiritu merkantilistak mehatxupean dauka kirola” ohartarazi zuen. “Irabazteko grina ohorearen anbizio hutsa ez den beste zerbaitek elikatzen du maiz. Kirola gainbehera etor ez dadin eta berriro hil dadin nahi ez badugu, garbitu egin behar dugu”. Kirol espiritu garbi horrekin sortu zuen Naziorteko Olinpiar Batzordea 1894ko Parisko Kongresuan eta orduan erabaki zen Joko Olinpikoak antolatzea.
Logikoa zen jokoak Atenasen egitea, Antzinaroko jokoek hortxe baitzuten jatorria. Baina Grezian egoera ekonomiko kaskarra eta giro politiko nahasia zuten 1890eko hamarkadan. 1894an bertan, batzorde antolatzaileko Stephanos Skouloudisek zalantzan jarri zuen Grezia halako ekitaldi bat beregain hartzeko gai ote zen eta Coubertingo baroiak egindako aurrekontuak motz gelditu zirela adierazi zuen; Coubertinek jokoek milioi bat drakma inguruko kostua izango zutela aurreikusi zuen eta Skouloudisek kopurua hirukoiztu beharko zela ohartarazi zuen. Azkenean, 1896ko jokoek 3.740.000 drakmako kostua izan zuten.
Coubertinek berehala abiatu zuen olinpiar mugimenduari bizirik eusteko kanpaina eta Greziako Konstantino printzea (1868-1923) berekin lerratzea lortu zuen, batzorde antolatzaileko presidente izendatu ondoren. Eta haren esku utzi zuen finantzaketa arazoak konpontzea, diru kontuek urte batzuk lehenago aldarrikatutako kirol espiritu garbia zikinduko zutelakoan-edo. Zama handiena krisi ekonomiko betean zeuden Greziako herritarrek hartu behar izan zuten: greziarrei egindako lehen deialdian 330.000 drakma bildu zituen printzeak, beste 400.000 zigilu postaletan, 200.000 gehiago laguntza txarteletan… George Averoff negozio gizonak ia milioi bat drakma eman zituen Panathinaiko estadioa berritzeko, kanpoaldean oraindik ikusgai dagoen estatua baten eta agerian ez dauden hainbat pribilegio eta mesederen truke.
Joko Olinpikoak neurrigabetasunaren eta ustelkeriaren adibide izango ziren maiz, handik aurrera, kirol industria erraldoiaren makineria merkantilistaren erakusleiho.Ero barbaro eta suntsitzaile haien gainetik.