Asier ETA biok eta Non dago Mikel? filmetako egileetako bat da. Lehena Aitor anaiarekin egin zuen eta bestea Miguel Angel Llamas Pitu kazetariarekin. Euskal Herrian gertatu eta gertatzen direnak kanpotarrei eta bertakoei ere azaltzea ezinbestekoa dela uste du zinemagile iruindarrak.
Gaztetxo zela aktore gisa hartu zuen parte Pedro Olearen Akelarre eta Montxo Armendarizen Tasio filmetan. Arte Dramatiko ikasketak egin zituen Madrilen eta Ekuadorren. 1993tik 2017ra arte Ekuadorren bizi zen eta bertan muntatzaile eta gidoigile gisa lan egin zuen hamaika filmetan. Edizio eta gidoigintza irakaslea izan zen Quitoko INCINE Zinema eta Interpretazio Institutu teknologikoan. 2013an Asier ETA biok film dokumentala egin zuen Aitor Merino anaiarekin eta 2021ean aurkeztu du Mikel Zabalzaren kasuari buruzko Non dago Mikel?’ Miguel Angel Llamasekin eginiko dokumental berria.
Nolakoak izan ziren zure lehen urratsak zinemaren munduan?
Anaia eta biok kasualitatez hasi ginen. Bederatzi urte nituela Barañainera bizitzera etorri ginen aita langabezian gelditu zenean, familia zati handi bat nafarra zelako. Karpanta taberna ezaguna zabaldu zuen. Eszenatoki bat zuen eta hara artista ugari etortzen zen. Egun batean aitak jakin zuen Erdi Aroko itxura zuten gizonen bila zebiltzala La conquista de Albania filma errodatzeko. Bera eta tabernako bere bazkideak aurkeztu eta segituan hartu zituzten. Gauza bera gertatu zen Akelarre-rekin, eta orduan, haurrak ere behar zituztenez, Aitor eta biok eraman gintuzten. Nik 11 urte nituen eta Aitorrek 9. Handik bi urtera Montxo Armendarizen Tasio filmarako hautatu ninduten. Gaztetxo nintzela ez nekien zer egin. Ikastolan ikasten zena ez zitzaidan gehiegi interesatzen eta galduta nenbilen. Orduan agertu zen gure bizitzan aktoreen agente bat. Emakume ingeles bat zen eta esan zigun interes handia zeukala gu Madrilera eramateko. Horrela joan nintzen Arte Dramatikoa ikastera eta atzetik Aitor etorri zen.
Han nengoela beste casting bat egin nuen Espainiako telesail bat egiteko. Hartu ninduten eta Hego Amerikan, Ekuadorren, urte bat eta zortzi hilabete izan nintzen hamasei ataleko fikziozko sail bat egiten. Han maitemindu nintzen Ekuadorrekin eta Ekuadorreko batekin ere bai. Madrilera itzuli nintzen ikasketak bukatzera; gero mutil hori etorri zen eta pentsatu genuen, zergatik ez Ekuadorrera joan? Eta han egon naiz 24 urte.
Aktore gisa lan gutxi egin duzu, ezta?
Aktore lana ez zitzaidan gustatzen. Ikastea bai, baina lan egitea ez eta, are gutxiago, emakume izanda. Deseroso sentitzen nintzen. Sufritzen nuen. Aktore gisa aritzeko beti aukeratua izan behar duzu. Orduan ez nekien, baina denborarekin ikusi dut ez nengoela gustura gauza bat banintz bezala sentitzen nintzelako.
Ekuadorren dokumentalak eta fikziozko lanak editatzen eta muntatzen hasi nintzen. 2000. urtearen bueltan aldaketa teknologiko handia gertatu zen eta orduan sortzaile askok izan genuen tresna berriak eta kamerak eskuratzeko aukera. Lan handia zegoen eta horrela hasi nintzen ni besteen lanak editatzen lehenbizi, eta gidoigintzan ondoren.
Beti dokumentaletan?
Oraingoz ez dut ikusten nire burua fikziozko lana egiten. Asko gustatzen zait, baina askoz gehiago kostatzen da fikziozko proiektu bat altxatzea. Diru mordoa behar duzu. Dokumental batean hasieran dena errazagoa izaten da, nahiz eta normalean gero dena konplikatzen den.
Horregatik daude emakume gehiago dokumentaletan fikzioan baino?
Neurri batean bai. Fikzioa egiteko aurrekontu itzela behar duzu eta ekoizleek emakume batengan konfiantza jartzea zaila izaten da, oso ezaguna ez bazara.
Asier ETA biok filman Aitor eta biak aritu zineten. Nola sortu zen ideia?
Aitor eta biak oso lagunak izan gara betidanik, kasik lagunik onenak. Gauza asko eta gogoeta ugari izan ditugu betidanik amankomunean. Beti euskaldunak izateagatik azalpenak eman beharrean ibili gara biak gure ingurunean. 2010ean jakin genuenean Asier Aranguren, gure lagun mina eta erreferentea, kartzelatik ateratzekotan zela, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Zein une zehatzetan izango zen bezperan jakin genuen. Ni Ekuadorren nengoen eta Aitor azkar mugitu zen kamera bat eskuratzeko, kartzela atarira joan eta hasi zen grabatzen. Asierrek ez zekien ezer.
Anaiak irudiak hartu eta niri pasatzen zizkidan. Ekuadorren hasi zen gorputza eta indarra hartzen proiektua. Hango lagun batek hartu zuen produkzioaren ardura. Han diru laguntza bat eman ziguten eta gero crowdfunding bat egin genuen.
Gure asmoa zen kanpotarrei azaltzea zer den guretzat, euskaldun gisa, adiskidetasuna, borroka armatua, herriarekiko edo komunitatearekiko konpromisoa…
Ikuspegi itxi eta polarizatua dutenei begira jarri nahi genuen hori dena, baina, egia esan, haiek baino askoz interes gehiagorekin hartu zuen Euskal Herriko jendeak, eta hori ez genuen espero. Zintzoki eta filtrorik gabe mintzo ginen eta agian horregatik izango zen horren erakargarria hemengo jendearentzat. Filma askea izan zen eta ondorioetan gehiegi pentsatu gabe egin genuen.
Zer ondorio ekarri dizue film honek?
Agian anaiarentzat, profesionalki, gogorragoa izan da. Inoiz ezin da jakin, gainera, zer ate itxi zaizun erabaki bat hartzearen ondorioz. Niretzat, aldiz, oso positiboa izan da. Ni Ekuadorren nengoen eta zinemagile izatera pasa nintzen. Horrek sinesgarritasuna ematen dizu eta ikusi nuen, adibidez, nola bat-batean askok nirekin lan egin nahi zuten. Profesionalki oso ona izan da niretzat eta emozionalki oso sakona, gai askoren inguruan gogoeta zintzoa egin behar izan genuelako.
Batzuek diote ETAren jarduera justifikatzen duzuela…
Askok esaten zuen hori, bai. Eta gogorra da behin eta berriz azaltzea hori ez dela horrela. Nik ezin dut kondenatu borroka armatua eskuinak nahi duen bezala, ni, euskaldun gisa, borroka horren parte naizelako. Ezin dut ardura hori gainetik kendu. Pelikularen aurkezpenean behin eta berriz esan behar nuen borroka armatuarekin ez nagoela ados. Gogorrena prentsaren aurrean azalpenak ematea izan zen. Askok galdera gaiztoak egiten zizkiguten. Gainera hori ez da nire medioa eta ur handitan sartzen ginen askotan. Hori oso gogorra izan zen. Alde horretatik, Bartzelonan sentitu nintzen erosoago, zainduago.
Zeure burua ez duzu ETA bezalako erakunde batean ikusten, beraz?
Militatzen ez dut ikusten neure burua, baina helburu berdinak edo antzekoak lortzearen alde lanean, bai.
Zer eman dizu Ekuadorrek?
Ekuadorren bizitzeagatik ohartu nintzen zer zen euskalduna izatea. Askotan esaten dut gehien eskertzen dudana dela Ekuadorrera bizitzera joan izana. Begiak irekitzea izan da niretzat. Han hamasei hizkuntza hitz egiten dira eta beste horrenbeste bizitzaren ikuspuntu daude. Ni mestizoen giroan murgildu nintzen. Haiek, kulturari dagokionez, mestizotzat jotzen dute beren burua arazorik gabe, baina guk euskaldunok ez. Eta ez gara ohartzen, baina gu ere mestizoak gara zentzu horretan. Kultura mestizoa izatea oso interesgarria da berez. Mestizoek txinparta gehiago dute bi gauza kontrajarriak direlako aldi berean. Konflikto horren kudeaketatik sortzen da talka, txinparta. Guk ez dugu halakorik planteatzen. Euskara dugu –eta bizirik jarraitzen badugu herri bezala, euskarari esker da–, baina gure barnean kolonizatuta gaude eta hori ez dugu onartzen.
Zer dela eta itzuli zinen Iruñera 2017an?
Ez nuen espero, baina baneukan itzultzeko beharra. Kanpoan bizi dena beti kontraesanean ibiltzen da: han eroso nengoen, baina beti hona begira. Gero eta gehiago sentitzen nuen ez nuela gure kultura ezagutzen. Gainera, hankaz gora jarri zen nire bizitza sentimentala, beraz erabaki nuen nire bizitza osoa bi maletetan sartzea, hango guztia ixtea eta Euskal Herrira itzultzea.
Hona etorri eta berriz euskara ikastera sartu nintzen buru belarri. Sentitzen nuen ikastolan ikasitakoa motzegi gelditzen zitzaidala. Zerbait adierazi nahi eta ezinean. Asier eta biok filmaren garaian hainbatetan gaizki pasa nuen horregatik.
Non dago Mikel? proiektua duela hamar urte hasi zen. Noiz batu zinen zu?
Duela lau urte inguru. Ekuadorren nengoela dena ixten triste-triste… Pitu-k [Miguel Angel Llamas] deitu zidan eta zer zegoen azaldu zidan. Orduan argi ikusi nuen egin ahal zela.
Mikel Zabalzarena oso kasu garrantzitsua izan da. Nik 15 urte nituen gertatu zenean eta gogoan dut oso modu bizian bizi genuela. Haren alde egindako manifestazio handi bat izan zen nire lehenengo manifa. Oso bortitza izan zen. Oso haserre geunden guztiok. Tragikoa izan zen. Alde batetik, bagenekien zer gertatu zen. Bestetik, bukaera nolakoa izango zen ere bagenekien, baina, aldi berean, esperantza izan nahi genuen.
Espero zitekeen baino irudi gehiago dago kasu honetaz, ezta?
Bai, hala da. Luxuzko ikus-entzunezko artxibategia lortu zuten. MIkel Zabalza desagertua egon zen hogei egun haietan egin ziren adierazpenak eta amari, Idoia Aierbe neska lagunari eta abarri eginiko elkarrizketa asko zeuden. EITB hasi berria zen eta hango langileak inplikazio handiz aritu ziren lanean, eta dena oso ongi dokumentatuta zegoen. Gainera grabazioak bere osotasunean gorde zituzten eta hori dena altxor ikaragarria da. Hor ikusten da, adibidez, nola adin eta mota guztietako jendea joaten zen manifestazioetara. Emakumeak gona jantzita, gizonak txapelarekin, zaharrak, gazteak… Kristoren indarra zegoen hor. Ikusgarria da benetan jendeak erakusten zituen konbentzimendua eta ausardia.
Beste kasu asko izan dira, baina hau bezain mediatikoak gutxi. Oso luzea izan zen eta asmatu zuten gezurra oso gaizki josia zegoen. Nola espero zuten guk horrelako gezur bat sinestea? Euskal Herrian jendeak bertsio ofiziala ez du inoiz sinetsi izan. Hau bertsio definitiboa izanen da?
Bai, uste dut baietz. Zorte handia izan dugu artxibo guztiak gordeta zeudelako eta Ion Arretxeren testigantza ere izan dugu. Kasu honen inguruko zehaztasun guzti-guztiak ez dakizkigu, baina pelikula honekin torturatuak izan direnei esaten diegu sinesten ditugula. Eta kanpoan ere hau dena ikusten ari dira.
Honekin argi ikusten da zinemak duen indarra. Erakundeetatik harago liburuek, olerkiek eta zinemak esaten dutenak oihartzun zabala du. Pelikula guztiak enpatia ariketa bat dira eta film honek lortzen du ikuslearen enpatia torturatuekin.
Informazio gaindosia dago eta askotan galdu egiten gara. Beharrezkoak dira dokumentalak errealitatea ulertzeko?
Horretan gaude asko. Gure historiaren errelatoa egitera kanpotik etorri dira. Botere ekonomikoak ere badu zerikusirik honetan. Egin dezakezu Patria edo Non dago Mikel? eta ikusiagoa izateko aukera gehiago izango da Patria-k gureak baino, edo ez. Edozein modutan ere, argi eduki behar dugu errelatoaren parte ere bagarela. Guk gure errelatoa aldarrikatu behar dugu. Eta honekin batera esan nahi dugu ez dela soilik garai hartako kontu bat, baizik eta tortura sistematikoki erabili izan dela urtetan borroka antiterroristan eta ona litzatekeela estatuak hori onartzea. Hazteko balioko lioke.
Tortura berriro agendan jartzea lortu duzue?
Bai, hala da. Ez ikusiarena egiteko ahalmen handia dute ez soilik estatuan, Euskal Herrian ere berdin.
Público egunkariak plazaratu zituen Juan Alberto Perote eta Pedro Gómez Nietoren arteko audioak estreinaldia baino lehentxeago ateratzea estrategia horren parte zen?
Kristoren zalaparta sortu da. Ondo atera behar zuen. Saihestu ezina izan da elkarrizketa horiek entzutea. Pelikulan ez zegoen denborarik dena sartzeko. Guk bildu nahi genuen hogei egun horietan zer gertatu zen, protagonisten ahotsetan bildu eta herriak nola bizi izan zuen islatu. Gainera, hobe zen audio horiek pelikulatik kanpo uztea hedapen handiagoa lor zezaten. Dokumentalean sartuz gero, hor enkapsulatuta geldituko ziren eta oharkabean pasatzeko arrisku handiagoa zegoen.
Film honen aurkezpenetan Asier ETA biok filmarekin bezain besteko presiorik jaso duzue komunikabideetatik?
Ez. Askoz lasaiago izan da dena, hain baita ebidentea dena. Joera erasokorrak baino gehiago inplikazioa sentitu dugu. Lasaiagoa izan da dena.
Dena den, esan beharra dago komunikabide batzuetara ez gaituztela deitu. EITBk, adibidez, ez digu kasu gehiegi egin. Bereziki ETB2n oso gutxi egon gara. Askoz interes handiagoa erakutsi dute medio katalanek.
Pablo Iglesias eta Irene Monterok zer esan zizueten Madrilgo aurkezpenean?
Bereziki gustatu zitzaidan Irenek esan zidana. Argazkia egiterakoan harekin jarri nintzen eta umeengatik galdetu nion, badakidalako ume txikiak dituztenek zaila izaten dutela zinemara joatea. Esan zidan seme nagusia negarrez gelditu zela eta berak azaldu ziola oso gauza garrantzitsua den zerbait ikastera zihoazela. Ezagutu behar zutela iraganean gertatu zen zerbait oso larria, etorkizunean berriro gerta ez dadin. Asko gustatu zitzaidan azalpen hori.
Askotan kexatzen gara estatuko ezkerretik enpatia gutxi jasotzen dugulako presoen sakabanaketaz, motxiladun umeez… eta torturaz ere bai, baina oraingo honetan estreinaldira etorri ziren, gainera gobernuan bi goi kargu izanda, eta horrek zerbait esan nahi du.
Harrera ona publikoaren aldetik?
Oso ona hemen eta baita estatu mailan ere. Burgosen berehala erori zen karteldegitik, baina gainerakoetan top-ten-etik ez gara jaitsi asteetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]
Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]
Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]
Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.