argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Familia bat Bruselan
Aritz Galarraga 2021eko martxoaren 24a

Ez obituario, ez Cahiers du cinema-ko zutabe ere, baina utzidazue zinemagile baten beste irakurketa bat komentatzen, oso laburra, itxuraz sinplea, seguru inperfektua, gauza handirik kontatzen ez duela ematen duena, baina bere labur sinple inperfektu gauza handirik kontatzen ez duen horretan, niri bederen, irakurketa erabat hunkigarria egin zaidana. Chantal Akermanen Une famille à Bruxelles eleberriaz, edo kontakizunaz, edo istorio soilaz ari naiz.

Senarra galdu berri duen emakume bat du protagonista, bere bi alabak, senarra bera, familia zabalxeagoa tarteka –guraso, neba-arreba, koinatu eta abarrekoak–. Bruselako auzo ezin itsusiago batean bizi da –“baina beti eduki dugu bainugela”–, alabak urruti, senarra beste auzoan jada. Eta galera horiei buruzkoa da, hain zuzen, narrazioa, elkarrekin osatzen zuten, duten, osatzen jarraituko duten familia, sendi, pertsona taldeari buruzkoa. Erretratua ez da batere krudela, ez dirudi existentzia oso dramatikoa daramanik ere, ez zaio gertatzen beste munduko ezer, baina hain zuzen emakume horren, familia horren arruntasunak eragiten du ezinegona, eta ez nolanahikoa, finean, gu guztion arruntasuna baita.

Akermanen zinemaren bereizgarri omen, ez kalean gertatzen dena, edo ofizina, fabrika, ikasgelan, baizik eta egongela, logela, bainugelan, bereziki sukaldean gertatzen dena harrapatzea. Intimitatea kontatzen du, beraz, baina ez exhibizionismo ariketa batean; konta daitekeenaren mugak zabaltzeko asmoarekin. Kasu honetan, familiaren intimitateaz ari da, gizartea antolatu, arrazionalizatu eta menderatzeko metodorik sofistikatuenetako bat den familiaz. Noski, zertaz ari garen familiaz ari garenean: pertsonalki, Antonio Lobo Antunesena nahiko nuke atxiki, alegia, odol loturak gorabehera, familia dela zuk aukeratu duzun, eta zu aukeratu zaituen gizajende sorta hori.