Ez daitezela gu engainatzen saiatu. Trans legearen kontra agertzeko argudio nagusi kirola erabiltzen dutenek, haien beldurra proiektatzen ari dira besteok nahastu nahian. Are gehiago, esango nuke, ez dutela kirolari transik ezagutzen, ez direla trans pertsonen lekuan jarri, ez dituztela haien beharrak ulertzen –edo ez dituztela ulertu nahi– eta, kirola aitzaki, erresistentzia bortitzena erakusten dutela norbere genero identitatearen definizioaren askatasunaren aurrean. Aipatu legeak feministen artean azalarazi dituen ardurak eta ikuspegi desberdinek ez dute inondik inora biltzen gizon batek haren burua emakume definitzea kirolean iruzur egiteko emakumeen gain abantaila edukitzeko asmoz. Akaso baten batek sinetsi dezake sistema androzentrista honetan sozializatu den gizon zis bat bere maskulinitatea definitzen duten ezaugarri identitarioetatik
"Akaso baten batek sinetsi dezake sistema androzentrista honetan sozializatu den gizon zis bat bere maskulinitatea definitzen duten ezaugarri identitarioetatik aldenduko dela kirolean azpijokoa egiteko?"
aldenduko dela kirolean azpijokoa egiteko? Emakumeen kirola gutxiesten duen, eta estatus sozial baxuagoa egozten dion gizon horrek? Bada, ez. Kirol arloan lanean dihardugun feministoi, besteak beste, kirol arloaren zurruntasunak arduratzen digu, hain zuzen, egitura horrek gorputz ez normatiboak sistematikoki diskriminatzeko dituen bidegabeko tresnek. Nazioarteko Batzorde Olinpiarrean aspaldi daude mahai gainean binarismo sexualaren bidezko sailkapenak dakartzan arazoak, eta zehazki, emakumezkoei eskatzen zaien odol-litroko gehienezko nanomol kopuruak –jada ez baita politikoki zuzena emakumeei azterketa medikoak egitea, eta patriarkatuak beti aurkitzen ditu azalerazteko zirrikituak–. Testosterona, ditxosozko hormona. Kiroltasunaren oinarrizko baloreetako bat berdintasuna izanik, zentzu zabalean, ezin uler daiteke sistema batek banakoak haien gorputzeko ezaugarriengatik kanpoan uzten dituen sailkapen erredukzionista bat egitea. Eta hain zuzen, horixe izango da datozen urteetan izango duen erronka handietako bat. Zein da orduan arazoa? Maskulinitate hegemonikoa, erresistentzia, eta beldurra. Beldurra, pribilegioak galtzeari, eta gizarteko aniztasun errealak eragiten duen (sasi) demokratizazio prozesuan protagonismoa galtzeari. Beraz, ez gaitzatela engainatu ez baikara legeaz hitz egiten ari, irmoki errotuta dagoen balore-sistema patriarkal baten erresistentziaz baizik.