Pablo Hasél espetxeratu berritan, zenbait legelari, artista eta giza eskubideen aldeko erakunderekin aztertu dugu Espainiako Zigor Kodea gogortzeak musikan eta beste diziplina batzuetan duen eragina. Erreportajea katalanez lotura honetan.
Hasélen epaia guztiz neurrigabea da, eta Espainiako gizarteari zenbait galdera serio planteatzen dizkio monarkiarekin duen harreman zaharkituari buruz. Jainkoa, erregea edo beste edozein agintari kritikatzea ezinbesteko baldintza da demokrazia osasuntsu batean”. Marita Muukkonen eta Ivor Stodolskyren hitzak dira, Arriskuan Dauden Artistak izeneko nazioarteko erakundeko zuzendariak dira biak. Berlindik eta Helsinkitik, sei urte baino gehiago dira monitorizatzen dituztela Espainiako Estatuko eskubide-urraketak, batez ere hazi direnak mozal legea ezarri eta Zigor Kodea gogortu zutenetik, terrorismoa goratzearen delituei dagokienez. Beren zereginetako bat da jazarpena pairatzen duten artistei erbeste segurura ihes egiten laguntzea, diktaduretatik zein demokrazia formaletatik.
Aterpea, erbestea edo klandestinitatea ez dira hitz ezezagunak Stodolskyren familiaren historian. Duela 80 urte, 1940ko irailaren 25ean, bere aitonaren arreba Lisa Fittko arduratu zen Walter Benjamin gidatzeaz Banyulsetik Portboura, Ipar Kataluniatik Hego Kataluniara, oinez, Cervera de la Marenda mendi harritsuetan barrena. Nazismotik ihesean zen Benjamin eta Portugalera iritsi nahi zuen, handik New Yorkera joateko. Agintari frankistek Portboun atzeman zuten, França Hotelean giltzapetu zuten eta Berlinera deportatzearekin mehatxu egin zioten. Biharamun goizean gorpu aurkitu zuten gelan, ustez berak morfina dosi handi bat hartu ostean, bizia kentzeko.
Arriskuan Dauden Artistak elkartetik salatu dute, “erregimenek COVID-19ren krisia baliatzen dute disidentzia are gehiago zapaltzeko, baita askatasun artistikoak erreprimitzeko ere. Ondorioz, artisten arriskuak areagotu egin dira”. Paradoxikoki, Pablo Hasél rap abeslariaren kasua etxeratze-agindu egoera betean lehertu da, tradizioz erregimen diktatorialekin lotzen den egoera da. CNNko, Reuterseko eta Al-Jazeerako kamerek Kataluniako kaleetan gertatu dena jaso dute berriro ere, eta Espainiako Estatuaz mintzatu dira 2017ko urriaren 1ean edo 2019ko udazkenean egin zuten norabide berean, argi eta garbi aipatuz “Poliziaren indarkeria”, “oinarrizko eskubideen urraketa”, “espetxeratzeak”.
Laura Huerga, Tú, calla! (Zu, ixo!) liburuaren egileetako batek eta PEN klubaren Kataluniako Idazle Jazarrien Batzordeko kideak, atzera begiratu du adi: “Duela zenbait urte, mezu eta adierazpen berdinak zentsuratzen saiatzen ziren. Asmoa bazeukaten, kontua da orain tresna legal batzuk gehiago dauzkatela: Mozal Legeak eta Zigor Kodearen erreformak errepresioa eraginkorrago egin dute”.
Espainiako Estatuan, oro har, azken bost urteetan 100.000 inguru izan dira Mozal Legearen ondorioz jarritako zigorrak, eta Zigor Kodea eskuetan, hamalau artistari inposatu dizkiote kartzela-zigorrak, Nazio Batuen aholkulari den askatasun artistikoaren defentsarako Freemuse nazioarteko erakundearen arabera. Hasél, Valtònyc eta La Insurgencia taldeko hamabi kideak. Guztiak dira musikariak eta terrorismoa goratzea egotzi diete.
"Oso agerikoa dela hegemoniko ez diren helburu, disidentzia edo kritikak zentsuratzeko edo mugatzeko erabiltzen dela zuzenbidea boterearen tresna gisa"
Hori ahalbidetzen duen legediaz gain, Laia Serra abokatu penalistak justiziaren joera ideologikoan jarri du arreta, eta iruditzen zaio “oso agerikoa dela hegemoniko ez diren helburu, disidentzia edo kritikak zentsuratzeko edo mugatzeko erabiltzen dela zuzenbidea boterearen tresna gisa. Espainiako Estatuan, azken urteotan, jendea zigortu dute ondorengoak egotzita, besteak beste: adierazpen-delituak, erlijio-sentimenduen aurka egitea, terrorismoa goratzea eta gorroto-delituak. Hala ere, betiko kereila eta irainek balio jakin batzuen defentsarekin dute zerikusia”. José Miguel Arenas Mallorcako rap abeslaria, Valtònyc gisa ezagunagoa, ados dago. Zigortu dituzten hamalau artista disidenteetako bat da, eta 2018an Belgikara erbesteratu behar izan zuen hiru urte eta erdiz giltzapean ez egoteko: “Espainian adierazpen askatasuna badago, ez dagoena askatasun ideologikoa da. [Carles] Puigdemont mehatxa dezakezu, bere aurpegia duen txotxongilo bat fusilatu, 26 milioi gorri hilko zenituzkeela esan edo Katalunia bonbardatu beharko litzatekeela... Egon lasai, ez zaizu ezer ere gertatuko. Beraz, adierazpen askatasuna batzuentzat baino ez da, epaileen ideologia partekatzen duten horientzat”.
Horregatik uste du Serrak mugak ez lituzkeela soilik pauta juridiko batek finkatu behar, edo epailetzaren adostasun batek, baizik eta “ikuspegi demokratikoz planteatutako eztabaida sozial batek”. Honela dio: “Gizarte bakoitzak, bere balio, historia eta berezitasunak kontutan hartuta, muga horiek non jarri behar diren adostu beharko luke. Eta Espainiako Estatuan eztabaida hori ez da egin, eta beraz, mugak jartzea epaileen esku dago, egun balio kontserbadoreak direnekin lotuta eta botere-estamentuen eta statu quo-aren defentsarekin zerikusia dute”.
“Espainia behin eta berriz ari da urratzen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 19. artikulua [Nazio Batuen Batzar Orokorrak onartu zuen], Zigor Kodean artikulu asko erreformatu behar bailituzke”, dio Thais Bonilla Novact-eko kideak eta Defender a Quien Defiende plataformak eta Kataluniako Giza Eskubideen Institutuak atera duten txosten sakonaren egileak. Dokumentuan Espainiako agintariei egindako hamar gomendioetatik bakarra aplikatu dute, 9. puntua, eta bi urteko atzerapenarekin: gogoratzeko eta ikusteko moduko zenbaki bat agerian eramatea istiluen aurkako poliziek. Zenbaki hori Esquadra Mossoek [eta ertzainek] ere jarri dute kaskoan eta uniformean, nahiz eta eskopetari batzuek modu irregularrean ezkutatu babes jantziekin.
Espainiako agintarien utzikeria behin baino gehiagotan emendatu dute Europako auzitegiek. Bonillak nabarmendu duenez, “Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua desautorizatu izan du txio edo sare sozialetako mezuak zigortzeagatik, Agustín Toranzo Gomezen kasuan bezala, bi poliziari torturak leporatzeagatik zigortu baitzuten, edota monarkiari egindako irainen kasuagatik, Espainiari esanez horrek ez lukeela Zigor Kodean egon behar”. Hala ere, “Giza Eskubideen Europako Auzitegia beti iristen da berandu eta kaltetutako pertsonen bizitza dagoeneko zigortua izaten da”, deitoratu du Bonillak. “Herrialde bakoitzeko barne auzitegiek funtzionatzea beharrezkoa da”.
Urteak dira Amnistia Internazionala, giza eskubideen aldeko beste hainbat erakunderekin batera, Espainiako Zigor Kodearen erreforma eskatzen ari dela, giza eskubideen nazioarteko estandarrekin bateratzeko. “Indarkeria zuzenean bultzatzen duten adierazpenak soilik zigortzera egin behar luke aldaketak bidea. Ezin da inor auzipetu sare sozialen bidez adierazteagatik edo abesteagatik norbaiti desatsegina, eskandalagarria edo iraingarria iruditzen zaion zerbait”, dio Dani Vilaro AI-ko Kataluniako kideak.
Haséli, hain zuzen ere, terrorismoa goratzea eta monarkia iraintzea egotzi dizkiote, nazioarteko luparen begiradapean dauden kontuak. 2011n ETAk armak utzi zituenetik, 578. artikulua aplikatuz –terrorismoa goratzea– ezarritako zigorrak biderkatu egin dira. Laia Serrarentzat adibide ona da, argi erakusten du Espainiako epailetzak ez dituela kontuan hartzen nazioartean funtsezkoak diren elementuak. 578. artikuluaren intentzionalitateaz eta honen testuinguruaz ari da, Estrasburgori iruditzen baitzaio “interpretaziorako gakoa” dela. “Testuingurua aldatu egin da eta, beraz, diskurtso horien arriskua arindu egin da, baina epaileek ez dute hori kontuan hartzen”, gaineratu du abokatuak.
Aldi berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hiru aldiz zigortu du Espainiako Estatua monarkiaren aurkako irainen delitua aplikatzeagatik, 491. artikuluan jasoa. Vilaróren ustez, ezinbestekoa da figura publikoak iraintzea edo horiei buruz ezer esatea debekatzen duen edozein artikulu ezabatzea: “Figura publikoak izate hutsagatik, gainontzeko herritarrek baino askoz kritika gehiago onartu behar dituztela dio Europako legeriak”.
“Aldizkariak, liburuak eta argitalpenak, txioak eta abestiak bahitzea askatasun indibidual eta sortzailearen esparruan eginiko esku sartze kezkagarria da”. Roc Blackblock grafitigileak badaki zertaz ari den: Espainiako Errege ohi Juan Carlos I.aren aurpegiarekin murala marraztu zuen “Lapurra” hitza goiburu zuela, eta Bartzelonako Udaltzaingoak zentsuratu egin zion. Bi aste geroago berregin egin zuen, eta Francoren eta egungo Espainiako estatuburu Felipe VI.aren aurpegiak gehitu zizkion alde banatan.
Muralista ezagunak ohartarazi du autozentsura pixkanaka sartzen ari dela artearen munduan: “Gero eta modu sotilagoan agertzen da, baliteke ez modu kontzientean izatea. Pertsona sortzaile orok etengabe hausnartzen du nola jasoko lukeen epaiketa, iritzi edo halako polemika bat, eta horrek nola itxi lekizkiokeen ateak”. Artearen munduan bizi den prekarietateak, Roc Blackblockek gaineratu duenez, okertu egiten du egoera: “Gehienetan, lerro batzuk ez gainditzeko diskurtsoak egokitzea erabakitzen da, ez koskarik egitea jaten ematen dizun eskuari edo ateak ez ixteagatik”. Berak, baina, kontrakoa egin duela dio: “Beti pentsatu izan dut nahiago dudala argi posizionatu eta zenbait bezero edo enkargu egin gabe geratu, horrek hurbiltzen bainau nire pentsatzeko moduarekin gertuago dagoen jendearengana”.
Kataluniako Musikari Aktibisten Sindikatuko bozeramaile Pep Tarradasek Pablo Hasélen kasua kokatzen du “azken urteetan areagotu den errepresio testuinguru soziopolitikoan”. Estatuaren oinarrizko zutabeak ukitzen direnean, oinarrizko eskubideak ez direla errespetatzen gauza jakina dela dio. Nabarmendu du Lleidako rap abeslariaren espetxeratzea ez dela kasu isolatua, “Cesar Strawberry zigortu zuten, Valtònyc erbestean da, La Insurgenciako hamabi abeslariri kartzela zigorra ezarri zieten, Cassandra Veraren kasua [Carrero Blancori buruzko txioengatik]... Adierazpen askatasunaren aurkako izugarrizko gurutzada bizitzen ari gara”. Musikaren esparruan, abestien letrez gain, kontzertuak ere zentsuratu izan dituzte arrazoi politikoengatik. Tarradasen ustez, oso garrantzitsua da No Callarem! plataforma gisako mugimenduak existitzea (2017ko martxoan sortu zen), “ez gaitezen autozentsuran erori”.
2019ko bere txostenean, Freemusek ohartarazi du Espainiako Estatua zentsuraren rankingean buru dela, Iranen eta Turkiaren aurretik. “Adierazpen artistikoaren askatasunaren aurka neurri antiterroristak bidegabe erabili dituzten kasuen % 31ren erantzule da Espainiako Estatua. Gizateriaren alderdi guztiei buruz hausnartzen duten lan polemikoak kritikatu, probokatu eta aurkezteko aukera izan behar lukete artistek, auzitegiek mehatxatu gabe”, diote Arriskuan Dauden Artisten Berlingo egoitzatik, eta berretsi dute Espainiako Estatuko sortzaileei erbestealdi segurua bilatzen laguntzeko borondatea dutela. Belgikatik, Valtònycek aitortu du mehatxuak fruituak lortzen dituela: “Asko dira idatziko ez diren abestiak, bidaliko ez diren txioak, antzeztuko ez diren antzezlanak. Niri musikari askok helarazi dit borboidarren aurkako abestiak egitea gustatuko litzaiekeela, baina ondorioen beldur direla. Eta hori oso tristea da”.
Larreundiko Auzo Elkartea mural bat margotzen hasi zenean "gelditzeko agindua" jaso zuen. Izan ere, udalbatzan onartuta dago Palestina eta Israelen arteko auzian hirian ez dutela posizionamendurik onartuko eta "bakea" irudikatuko dela soilik.
Nafar regionalistek “txiringito independentistei mesede egiten dien” emanaldi gisa kalifikatu dute iganderako Atarrabian aurreikusitako ikuskizuna. Ez da lehen aldia, aurretik ere egin izan dute Iruñean, Lizarran eta Burlatan.
2021ean sortu zen Lizarran Raimundo el Canastero taldea, eta iaz ikusi zuen argia haien lehenengo diskoak –N.T.E.R.–. Kaxoia, gitarra, ordenagailua eta hiru lagun langabezian: Julen Arbizu (Lizarra, 1995), Imanol Viñarás (Lizarra, 1995) eta Mikel Beltza... [+]
UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio... [+]
Udaltzaingoak ostegunean deklaratzera deitu du Raimundo el Canastero taldeko abeslaria, Lizarrako jaietan txosnak debekatzearen aurka sareratu duten abestiagatik. Ondoren, aske utzi dute, baina ikerketak aurrera jarraituko du. Sarean zentsuraren aurkako eta elkartasun mezuak... [+]
Urriaren 7tik azaroaren 4ra bitartean, milaka profil eta eduki ezaba zitzatela eskatu zieten sionistek hainbat plataformari. Eskaeren %60 izan ziren Meta taldeari, eta horien %94 bete zituen enpresak.
Hamasen tresna izatea leporatuta ezarri du debekua estatu sionistak. Al Jazeerak akusazioak ukatu ditu eta ahots kritikoak isilarazi nahia salatu du. Nazioarteko hainbat elkartek kritikatu dute “prentsa askatasunaren aurkako erasoa”. Debekua 45 egunekoa da momentuz,... [+]
Zizur Zendeako Udala (Nafarroa) UPNren hautagaitza batek gobernatzen du. 1936an Iruñean fusilatutako trenbidegileak ordezkatzen dituen Konpartsa Txikiko erraldoi baten presentziari betoa jarri dio.
Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".
Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak prentsara gutuna bidali du. Bertan, Espainiako hainbat hedabidetan atera den gutuna kritikatu du. Izan ere, zalaparta ari dira sortzen hainbat biktima elkarte, Zinemaldian estreinatuko den No me llame Ternera (Jordi Evole eta Marius... [+]
Zentsura kulturalaren Iruñeko adibidearen berri eman dugu ostegunean (Herriko Tabernari ezarritako debekua) eta horrekin lotuta, hain zuzen, asteazkeneko albiste bat dakargu orain: Espainiako zenbait erakunde profesional kulturalen baitatatik adierazpen edo manifestu... [+]
Bertan behera utzi behar izan du San Ferminetarako antolatutako egitarau kultural guztia. Gauzazen duen ekimen bakoitzeko 6.000€ eta 60.000€ bitarteko isun zigorrekin mehatxatu baitu Udaltzaingoak
“Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai... [+]