argia.eus
INPRIMATU
Ramses II.aren bidaia Parisera
  • Le Bourget (Île-de-France), 1976ko irailaren 26a. Ramses II.a faraoiaren momia zeraman hegazkin militarrak lur hartu zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko martxoaren 16a
Ramses II.aren momiak Parisera bidaiatu zuen 1976an eta estatuburuei dagozkien ohoreekin egin zioten harrera. (arg.: Kairoko museoko katalogoa / Errege momiak)
Ramses II.aren momiak Parisera bidaiatu zuen 1976an eta estatuburuei dagozkien ohoreekin egin zioten harrera. (arg.: Kairoko museoko katalogoa / Errege momiak)

Harrera egin zioten Alice Saunier-Seité Frantziako Unibertsitateetako estatu-idazkariak, Egiptoko Arabiar Errepublikako enbaxadoreak, Le Bourget hegazkin-baseko jeneral buruak eta Guardia Nazionaleko destakamendu batek. Orduan agintean zegoen edozein estatubururentzat prestatutako protokoloa ezarri zieten duela 3.000 urteko gorpuzki haiei. Faraoiari egotzitako lorpen zaharrei titulu berriak erantsi zizkieten: “Hegazkinez bidaiatu duen lehen faraoia”, ”Antzinaroko lehen agintaria pasaporte ofiziala lortzen”…

Ramsesena ez zen Parisera (edo Londresera, Berlinera…) bidaiatu zuen lehen momia; Napoleonen garaitik aurrera, ondarearen espoliazio gupidagabean, milaka eta milaka momia lapurtu zituzten Egiptotik, Mendebaldeko museoen funtsak elikatzeko. Baina Ramses “sendatzera” bidali zuten Parisera; momiaren kontserbazio egoera oso larria zen eta Egipton ez zegoen konpontzeko baliabide eta teknologiarik. Zortzi hilabetetan zati hondatuenak berregin eta josi zituzten, eta gamma izpiez tratatu zuten gorpua, bakterioak eta onddoak uxatzeko. Tratamendua amaituta, Kairoko Museora itzuli zen faraoia.

Ramses II.a 87 urterekin hil zen K.a 1213an, 66. agintaldia eta gero. Ehunka monumentu, erliebe eta margolanetan utzi zituen idatzita bere garaipen militar eta lorpen handiak. Baina azken urteotan arkeologia hori guztia zalantzan jartzen ari da. Esaterako, Kadesheko guduan hititak garaitu zituela zizelkatu arazi zuen han eta hemen, baina egungo frogek diote egiptoarrek ez zutela hiria konkistatzea lortu eta, gehienez ere, guduaren emaitza berdinketa teknikotzat jo daitekeela. Eta 2018an britainiar arkeologo talde batek Libia eta Egiptoren arteko mugako aztarnategiak ikertu zituenean, ikusi zuten egiptoarrek libiar eta nubiarrekin harreman baketsu eta emankorrak zituztela; Ramsesen arabera, ordea, muga eremu gatazkatsua zen, eta soilik bere estrategia bikainei esker lortu zuen arerioak kontrolpean izatea. Horregatik, beste titulu bat ere ipini diote azkenaldian faraoiari: fake news-en asmatzaile.

1976ko Paris-Le Bourget aireportuko hitzaldi ofizial solemnean Saunier-Seité estatu idazkariak zera esan zuen: “Frantziak harrera egiten die Antzinaro osoko estatuburu handienetakoaren gorpuzkiei”. Eta horrek erakusten du Ramses II.a Antzinaro osoko propagandista handienetakoa izan zela...